Australiako Irekiko emakumezkoen finala
Ama izan eta gero, erreginaren tronua nahi du
Kim Clijstersek garaipena eraman zuen etxera, Melbournen Na Li txinatarrari hiru setetan irabazi eta gero.
Imanol CARRILLO
Ama izateak indar ikaragarria ematen omen dio emakume bati bere bizitzako arlo guztietan. Horretaz jabetu zen 2009an Kim Clijsters. Lehenago, ordea, bi urte igaro zituen pistetatik kanpo. Tarte horretan bizitzako unerik zoriontsuena eta tristeena bizi behar izan zituen. Izan ere, haurra izan zuen, baina aita hil zitzaion tenislariari. Hala ere, pistetara itzuli bezain laster, belgikarrak US Open-a irabazi zuen.
Tenisa denbora batez utzi baino urte batzuk lehenago, porrotak izan ziren nagusi Clijstersen ibilbidean. Pista barruan erakusten zuen maila bikaina ez zetorren bat etxeko bitrinan zeukan hutsunearekin. Izan ere, Grand Slam-eko lau final galdu zituen tenislariak: Roland Garroseko bi (2001ean eta 2003an), US Openeko bat (2003an) eta Australian laugarrena (2004an).
Gauza txarrak iristen diren modu berean, onak ere heldu zitzaizkion tenislariari. Hori 2005ean izan zen, lehen titulu handia lortu baitzuen New Yorken. Atzo aurretik lortutakoari beste garaipen bat gehitu zion, Australiako Irekiko trofeoa eraman baitzuen etxera 28 urteko kirolariak, Na Li txinarrari gailendu eta gero (3-6, 6-3 eta 6-3).
Ez ziren gauzak ondo hasi belgikarrarentzat, lehen seta galdu baitzuen aurkariaren mesederako. Hala ere, partidari buelta emateko gaitasuna erakutsi zuen Clijstersek, eta urte hauetan azaldu duen mailari esker, bere lehen garaipena lortu zuen Melbournen.
Ikus daitekeenez, Clijstersi bizitzak beste aukera bat eman dio kirol munduan. Eta tenislariak pistan erakusten duen karisma eta mailarekin erantzuten die ikusleei. Australiatik munduko bigarren tenislaririk onena delarik itzuli da etxera. Behin ama izatea zer den ezagututa, eta behin-betiko erretiroa hartu baino lehen -baliteke 2012ko Londresko Olinpiar Jokoen ondoren erretiratzea- lortuko al du WTAko erregina izatea?
Gizonezkoen finala, gaur
Horrelako torneoetan ohikoa izaten denez, gizonezkoen finala iganderako uzten dute antolatzaileek. Hala, 9.30etik aurrera (Euskal Herriko ordua), Novak Djokovicek eta Andy Murrayk indarrak neurtuko dituzte Melbourne Park-en. Lehen aldiz lehiatuko dira elkarren kontra Grand Slam bateko finalean.
Ez da denek espero zuten finala, baina Nadal eta Federer torneotik kanpo direla, ordena berri bat finkatu nahi dute biek tenisean. Murrayk 1934an bere herrikide Fred Perryk egindako balentria -bertan irabazi duen azken britainiarra- errepikatzen ahaleginduko da eta Djokovicek, berriz, bigarrenez irabazi nahiko du Australiako titulua.