GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Bertso Eguna

Frontoitik gaztetxera mihia luzatuz aritu ziren bertsolari kameleonikoak

Kameleoien antzera, egoerara moldatuz aritu ziren atzo hamabost bertsolari Kursaalen ospatu zen 42. Bertso Egunean kantari.

p046_f01_250x116.jpg

Ane ARRUTI

«Mihi luze eta bizkorra dute bereizgarri. Ia espezie guztiek dituzte protuberantziak sudurrean edo gandorrak buruan. Bakarrik ematen dute bizitzaren zatirik handiena eta nahiko oldarkorrak dira espezie bereko beste kideekin». Horiexek dira, Wikipediaren arabera eta atzo Egoitz Aizpuruk azaldu zuenez, kameleoiaren ezaugarri nagusiak. Bertsolariarenak ere izan zitezkeen, ordea. Narrastiak azalaren kolorearekin egiten duen bezala, etengabeko aldaketan bizi da bertsolaria, ingurura egokituz. Bertsozaleak badaki hori, baina atzo Donostian bildutako 1.800 ikusleek transformazio horiek guztiak bertatik bertara ikusi eta gozatzeko aukera izan zuten.

Publiko artetik kantatuz hasi zuten saioa Julio Sotok eta Jone Uriak, eta ilargian kantatzea baino ez zaiela falta azaldu zuen algortarrak. Lekua izaten baita bertsolarientzat elementu aldakorrenetako bat, hasi frontoi batetik eta segi gaztetxe, elkarte, taberna, antzoki, BEC, Belodromo, kultur etxe, enparantza edo kioskoetaraino. Kursaaleko oholtza leku batetik bestera jauzika ibili zen atzo, eta leku aldaketarekin batera, baita gaiak, entzuleak eta bertsolari kameleonikoak ere.

Alaitz Rekondoren esanetara, frontoi bateko oholtza gainetik aritu ziren kantari Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza. Hainbeste gairen inguruan kantatzean zer sentitzen den galdetu zien Rekondok bi lehenengoei. «Ez dakidanaz kantatu ditut nire bertsorik onenak», kantatu zuen Arzallusek. Txapeldunaren esanetan, bertsolariek ez dute «arrazoi guztia» izaten, baina arazo denen funtsean arrazoi berberak daude.

Berri Txarrak-en musikak lagunduta, gaztetxe ilun bilakatu zen bat-batean Kursaal aretoa. Oholtza dotorea zena paletez osatuta, bertsolariak zerbeza lata bana eskuan eta ikusleak ere, nola ez, lurrean eserita batzuk, garagardo kaxa hutsen edo barrilen gainean jarrita beste batzuk, eta katxi ederra eskuan zutela zutik azken batzuk, gainerako ikusleei inbidia galanta emanez. Izan ere, 50 bat lagunek saioa oholtzatik jarraitzeko aukera izan zuten atzo, muntaia lanetan laguntzeaz gain.

Igor Elortza eta Alaia Martin langabeak hasi ziren kantuan, euren lantegia zena orain «gazte enporratuek» okupatu dutela ikusita. Bertsolariak kameleoien antz izugarria dutela argi erakutsi zuten gero Arkaitz Estiballes eta Aitzol Barandiaranek. Sudurreko protuberantziak, edozein neskari mihia luzatzeko joera, tragoak aurrera doazenean begi bakoitza alde banatara zuzentzea... «Nik ez nekien, baina kameleoia naiz», ohartu zen Estiballes.

Egoerari moldatu behar izanak berarekin dakartzan ondorioak denetarikoak izan daitezke. Bestela, galdetu Alaia Martini. Igande goizean gaztetxeko gazteen gurasoak euren seme-alaben bila zetozela ikusita, Gaztetxemon bertako superheroiaren larruan sartu behar izan zuen, literalki sartu gainera, trajea eta guzti jantzi behar izan baitzuen. «Gazte izan zinela hamar urte dira», esan zion Elortzak semeari. «Behin hemen sartzen dena ez da ateratzen», babestu zuen Martinek. Ordua ikusita, mezetara bidali zituen Estiballesek eta olibak jatera batzokira gero.

Alde Zaharretik kantuan

Eguerdiko poteoa luzatu egin zitzaien Jon Maia eta Andoni Egañari eta bideo-konferentzia bidez kantatu zituzten bertsoak Donostiako Alde Zaharretik. Kolore aldaketaren erakusle izan zen bi hauek egindako bertsoaldia ere. Tabernako Pepita etxekoandreari kantuan hasi eta Chipionakoa zela konturatu ziren, Rocio Juradoren herrikoa hain zuzen. «Doinu aflamenkatuan», kantatu zion Egañak, «Zarauzko Camaronek».

Frontoira itzulita, Lujanbiori galdera zuzena egin zioten. Atzeko hauek noiz aldatzen dira kolorez? «Berak berea mantentzen du ta ingurua aldatzen da», esan zion Zubeldiari. Honek ederki justifikatu zuen beti zuri egotea: «Ze gogorra den kameleoia ta albinoa izatea».

Frontoitik elkarte batera egin zuten gero salto. Han zeuden Sustrai Colina eta Sebastian Lizaso, entzuleak mahaiaren bueltan jarrita, elkarri puntuak jarriz. Erretzeaz galdetu zion Colinak azpeitiarrari –lege berrira ere moldatu beharra izan baitu bertsolariak. Badirudi oraingoz elkarteetan libre direla–.

Omenalditarako tarterik ere izan zen. Publiko artean zen Inaxio, berrogei urte ahateei jaten ematen pasa ostean erretiratua. Amuriza eta Zubeldiari tokatu zitzaien hari kantatzea. Zegamarrak honela eskertu zion bere lana: «Gure labean sekula ez da ahate flakorik sartu». Guztia txantxa izan zela esplikatu ostean, euren iritzia eskatu zien Rekondok. «Gai jartzaileak ondo pasa du, baina bertsolariak ez», esan zion Amurizak. Kolore aldaketa etengabean, Joseba Sarrionandia izatea egokitu zitzaion Arzallusi, duela 25 urte hustu zuen maleta betetzen. Hiru bertso eder utzi zituen. «Walkman batekin sartu nahi nuke ta ‘Sarri Sarri’ kantatuz», bukatu zuen bigarrena. «Euskal Herria kaixo, banator, bafletxo baten barruan», hirugarrena.

Abiadura erakustaldia egin behar izan zuten gero Lujanbiok, Zubeldiak, Amurizak eta Gaztelumendik. Bertso azkarrenen ranking bat ba omen da eta errekorra hausten ahalegindu ziren zortziko txiki, handi eta Habaneran. Azken doinu honetan bakarrik lortu zuten haustea. Zortziko nagusian hurbil ibili ziren, 13,69 segundotan kantatu zuten eta Arzallusek 13 segundotan omen dauka marka. Txikikoa, berriz, Lizasorena da. Bitartean, elkarren arteko sexu-erakarpena neurtu zuten gaztetxean Estiballesek eta Elortzak eta, ohartzerako, Egaña eta Maia triki-poteoan sartu zitzaizkien tartera. Arratsalde pasaren ostean, afaltzera abiatu ziren denak. Zubeldiak iragarritako «lumatutako arkumea» baino mokadu hobeak izango zituzten ziurrenera.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo