«Palestinar herria itotzen ari dira apurka-apurka»
Mehdi Dehbi
Antzezpen onenaren saria, L'inflintre filgamatik
Iragan asteazkenean iritsi zen Mehdi Dehbi aktorea Biarritzera, protagonista nagusia den pelikula aurkeztera, «L'infiltre». Bidaiak, ordea, hogeita lau ordu eskas iraun zituen, hurrengo egunean hartu baitzuen itzulerako hegazkina. Bere agenda estu horretan hala ere, tarte bat egin zion GARAri.
Artean ez zekien antzezpen onenaren saria jasoko zuela. Ez zekien gauza askorik FIPAri buruz, ezta Biarritzi buruz ere, baina Euskal Herriaren berri bazuela aitortu zigun etorkizun handiko aktore gazte honek. Palestinako benetako gertakari batzuetan oinarritzen da zilarrezko FIPA saria jaso duen «L'infiltre» fikziozko lana. Mehdi da filmeko protagonista nagusia, eta «L'infiltre» aitzakia gisa harturik, biei buruz kalakan aritzeko parada ukan genuen aktorearekin. Begirada sakona du berak, eta sakonki pentsatzen du galdera bakoitza erantzun egokia eman aitzin.
Ezagutzen ez zaitugunoi zure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke lehenik eta behin.
Hogeita bost urteko aktore bat naiz ni. Belgikan sortu nintzen, Liejan zehazki, baina gurasoak tunisiarrak ditut eta, beraz, ene jatorria hori dela erranen nuke. Hamabi urterekin hasi nintzen antzerkigintzan eta hamazazpi urterekin «Le soleil assassiné» (Eraildako eguzkia) pelikulan aktore nagusi izatea lortu nuen. Adin horretan sartu nintzen Belgikako kontserbatorioko antzerki akademian eta, ondotik, Pariskoan eta Londreskoan. Bost filmetan hartu dut parte eta, egun, antzerkiaren eta zinemaren artean banatzen dut ene bizitza. Horri gehitzen badiozu kantari gisa ere aritzen naizela... naizenaren nondik norako bat ukanen duzu.
Aurkezpenekin segituz, pelikularen zertzelada batzuk emanen zenizkiguke?
Nik honela laburbilduko nuke: palestinar gazte batek familia osoa galdu du, gurasoak, anaia-arrebak, izeba-osabak... denak arreba bat izan ezik. Bizitzeko arrazoi baliogarri bat bilatuko du, eta arrazoi hori borrokan kokatzen du. Abou Nidal-en taldean sartzeko «azterketa» gisako bat gainditu eta entrenamendu-eremu batean sartuko da. Abou Nidal-en konfiantza kausituko du eta honek eginbehar batzuk emanen dizkio. Une batean, baina, Abou Nidalek zuzentzen duen borroka berak amesten zuena ez dela ohartuko da. Gazteak borroka justuago bat nahi du, munduaren begietarako zilegia den borroka bat. Egun batez, Estatu frantseseko zerbitzu sekretuetako (Direction de la sécurité du territoire) gizon batek, Abou Nidalen taldean infiltratu gisa lan egitea proposatuko dio. Laguntza horren ordainetan Gazako Zerrendatik ateratzeko paradarik ez duen eta elbarritua den bere arreba salbatzea eskainiko diote.
Eta mezurik, edo barneko sentipenik zabaldu nahi al du kontakizun horrek?
Nire ustez, istorio honen ondorioa hau da: palestinar gazte hau txotxongilo bat baino ez dela. Batzuen eta besteen interesen zerbitzurako txotxongiloa. Halako anitz dira eta izanen dira, zoritxarrez. Palestinan ere badira halako testigantzak eta gertakariak egun. Egiazko populua nahaspilatzen dute, jendeari erraten zaio ideologia baten alde egin behar duela, pertsona baten boterearen alde. Duela 60 urtetik hona ez da gehiago populurik, herririk, ez eta nortasunik. Palestinako herria itotzen ari dira apurka-apurka.
Badirudi hurbiletik ezagutzen duzula Palestinako egoera...
Gai hori bihotz barnekoa dut, hala sentitzen dut eta beti-beti hurbiletik segitzen dut. Palestinar baten paperetik aritua naiz antzerkian (Mohamed Kacimi-ren «Terre Sainte» (Lur santua) antzezlanean, Sophie Akrich-ek zuzendua. Erranen nuke nagusiki olerkien bidez interesatu naizela Palestinaren inguruan. Mahmoud Darwich-en olerkiak irakurri eta barneratuak ditut. Nerabe nintzela, Palestinari buruzko testuak jasotzen dituen Aljeriako olerkien antologia irakurri nuen, eta zerbait berri eta indartsua ekarri zidan horrek. Bestalde, Israelen, Ramalan eta Gazan ibili izan naiz eta Palestinako jendearekin harremana egin dut.
Gaia hurbiletik ezagutzeak, filmerako prestakuntza lana erraztuko zizun, beraz...
Ez pentsa, hala ere, erraza izan denik. Hau da, badira egin beharreko beste prestakuntza batzuk, eta horiek handiak izan dira. Giacomo Battiato zuzendariak kilo anitz hartzeko eskatu zidan, giharrak indartzeko. Gorputzaren bitartez egin beharrekoan kontzentratu ahal izan dut, baita protagonistaren gorputzean sartu ere. Gero, biziki zehatza eta ikuskaria izan beharra zegoen; berezko energia bat badut, baina hor energia berezi bat behar zen, belatzagoa eta idorragoa izan beharra zegoen. Azkenik, palestinar hizkuntza landu behar izan dut, arabiera literarioa eta tunisiera menperatzen ditut, baina Palestinakoa pitin bat desberdina da.
Nola sentitu zara pelikula egin bitartean eta bukatu ondotik?
Giacomo Battiato zuzendaria eta Igor Luther kameralaria miretsi egiten ditut. Giacomo lehen aldiz ikusi nuenean kontent nintzen. Adimen handiko gizona da, bere begietan ikusten da. Pelikulak ere biziki idazkera inteligentea dauka. Niri dagokidanez, batzuetan pertsonaiaren emozioak eraman egiten ninduen, eta emozio hori filmaketa guztian zehar ukan dut. Biziki kontent naiz egindako lanarekin, eta kontentago filmarekin. Biarritzera etortzen naizen lehen aldia da, itsasoa ikusi dut... eta ez dut anitz aprobetxatuko, bihar banoa-eta, baina ikusiko dugu zer gertatzen den FIPA lehia honetan.
Saria erdietsi ala ez, zer asmo du Mehdik etorkizunari begira?
Sophie Akrich-ekin ari naiz lanean. Parisko Cité de l'Histoire de L'immigration-en eginen dugun agerraldi bat lantzen ari gara, otsail hasieran egiteko. Immigrazioarekin lotua da gaia, Europako ekialdeko herrialdeetatik mendebalderantz gertatzen den migrazioarekin. Amets amerikarra, baina Europan. Eta gero Adija Leclerc-en pelikula batean aktore lana eginen dut: «Le sac de farine» (Irin zakua).
Gaineratu nahi zenukeen hori?
Lehen Palestinaren inguruan mintzatu natzaizu, baina nire jatorriari buruz ere hitz egin nahi dizut... Gaur-gaurko gaia baita, Tunisian gertatzen ari denarekin biziki harro nago. Iraultza numerikoa eta baketsua. Iraultza horren izena gustatzen zait «Révolution du jasmyn». Segur naiz laster gobernu justuago bat izanen dela. 23 urtetan lehen aldiz, ez da guti. Mugimendu berdintsuak gertatzen ari dira Egipton, Libanon -beste arrazoi batzuengatik bada ere- eta Aljerian. Tunisiako iraultzak oihartzun gisako bat sortu du. Uretara botatako harri bat. Eta nire itxaropena zein den kontatuz amaitu nahi nuke elkarrizketa: laster batean ikusi nahi nuke Palestinako Estatuaren sorrera eta ez berrogei urte barru: inshallah!!.