Kroaziako «Majka asfalta» filmak jaso du Biarritzen Urrezko FIPA
«Majka asfalta» eta «L'infiltre» filmek jaso dituzte urrezko eta zilarrezko sariak, hurrenez hurren. Antzezpen onenaren sariak, berriz, Marija Scaricic eta Mehdi Dehbik aktoreentzat izan dira. FIPAren 24. edizioa, kalitateari eta ikusleen erantzunari dagokienez, «biziki arrakastatsua» izan dela goraipatu zuten jaialdiaren antolatzaileek.
Zuraide ETCHEGARAY | BIARRITZ
Kroazian ekoitzitako eta Dalibor Matanic zinemagileak zuzenduriko «Majka asfalta» (Ama asfaltoa) filmak eskuratu du aurtengo FIPA jaialdiko sari nagusia, urrezkoa, hain zuzen. Iragan urtean ekoitzi zen ordubete eta hiru ordu laurden irauten duen film hau. Mare eta Janko, Zagrebeko bikote gazte baten eta haien seme Brunoren istorioa du ardatz pelikulak. Bikotearen maitasun istorioa gainbeheran da. Jankok, beroaldi bati jarraiki, abenturatxo bat izanen du beste emazte batekin, eta presio hori ezin jasanik, Marek bikotea jo, eta etxetik botatzen ditu bai bikotea, baita semea ere. Komertzio gune erraldoi batean hartuko dute babesa ama-semeek eta han biziko dira Kreso zaindari bakartiari esker. Janko erabakiaz damutzen da eta atzera itzuli nahi du.
Telebistako pantailetan emanen dute gaurtik aitzina pelikula hori, eta ikusteko parada izanez gero, merezi du ikusteko tartea hartzeak.
Giacomo Battiatok zuzenduriko «L'Infiltre» filmak eraman zuen, bestalde, zilarrezko bigarren saria. Pelikula honi buruzko xehetasun batzuk ageri dira Mehdi Dehbi aktore protagonistari eginiko elkarrizketan orrialde hauexetan, GARAk ia esklusiboki ukan baitzuen aktore honi galdeketa egiteko parada Biarritzera egin zuen sartu-irtenean. Bidenabar, Dehbik berak eraman zuen gizonezkoen artetik antzezpen onenaren saria eta Marija Scaricic «Majka asfalta» laneko aktorea izan zen emakumezkoen artean garaile.
Eszenografia onenaren saria «Bis nichts mehr bleibt» filmak eskuratu zuen eta musika onenarena, berriz, Jura Ferina eta Pavao Miholjevic-ek, Urrezko FIPAz jabetu zen filmarentzat eginiko doinuengatik.
Telesailen ataleko Urrezko FIPA Danimarkako «Borgen»-entzat izan zen eta, zilarrezkoa, Italiako «C'era una volta la citta dei matti»-rentzat. Telesail honetako protagonista nagusi Vittoria Puccinik eskuratu zuen emakumezkoen antzezpen onenaren saria eta «Rake» telesailean aritutako Richard Roxburgh-ek, gizonezkoena.
Hona, hurrenez hurren, beste sailetako irabazleak. Dokumentalen sailean, urrezko saria, Marcelo Bukinek zuzenduriko «Dreaming Nicaragua»-rentzat, eta zilarrezkoa, Visa Koiso-Kanttilren «Miehen Kuva»-rentzat.
Erreportaje handien atalean urrezko saria Michel Daëron-en «Unforgotten Islands»-ek eskuratu zuen eta zilarrezkoa, berriz, Antonin Svobodaren «#unibrennt - Bildungsprotest 2.0» lanarentzat izan zen.
Azkenik, musika eta ikuskizunei dagokienez, John Walkerren «A Drummer's Dream»-ek irabazi zuen urrezko saria, eta zilarrezkoa Pierre Barre eta Thierry Loreau-k zuzenduriko «Collegium Vocale Gent»ek eskuratu zuen.
Aurten 24. edizioa eskuratu duen FIPAk bost ataletan sailkatu ditu sail ofizialean aurkeztu diren lanak. Hala ere, hemendik at beste hainbeste lan ikusi ahal izan dira, besteak beste, ekoizpen europarrak, nazioartekoak, web programak edota artista gazteenak.