«'Esclatamasters' kateatu genuen eguna ez dugu inoiz ahaztuko»
Eskalatzaileak
Hil honen 21ean bi euskal eskalatzaileok bizi izan zutena berezia izan zen oso. Lleidako Perleseko eskalada eskolako «Esclatamasters» bidea egun berean kateatu zuten. Gambusek zein Karapetok oraindik ez dute sinesten egun bitxi horretan bizitakoa. Aitortu beharrekoa da horrelako berriak ezohikoak direla. Bi lagun bide batean; bide batean bi lagun elkarrekin saiatzen. Eta, azkenean, saria erdietsi dute.
Andoni ARABAOLAZA
David Gambusek eta Gorka Karapetok, Katalunian «erbesteratuta» daudenek, berri azpimarragarri eta bikaina bidali digute. Hots, gasteiztarrak zein azpeitiarrak bide bera, «Esclatamasters» (9a), kateatu dutela. Gambusentzat zailtasun horretako lehen marra da; Karapetorentzat, berriz, bigarrena. Biek ala biek GARAri lortu berri dutenaren berri eman diote.
Zu, David, bederatzigarren esferaren atarian ibili zara azken urteotan. Gorka, zuk, berriz, Kataluniara joan zinenetik hor goian jardun duzu. Zuentzat bide hori poltsikoratzea sari moduko bat izan al da?
DAVID: Bai, hala uste dut. Alabaina, ustekabea izan da. Zailtasun horretako biderik apenas probatu dut, eta, gainera, nekatuta nengoen. Lehena izan nintzen kateatzen, baina ez nuen espero. Inolako presiorik gabe jardun dut, eta, aipatu dudan legez, ez nuen uste igoko nuenik. Pozarren nago.
GORKA: Sari moduko bat izan da, batez ere azken bolada honetan, Katalunian bizi naizenetik, oso bide gogorrak eskalatu ditudalako. Aurtengo plangintzaren barruan sartu nuen 9a hau. Hala ere, ez da urte honetarako nuen erronka nagusia. Uste dut sariaren hasiera besterik ez dela. Oso gustura nago, eta ez diot neure buruari esan hau dela helburu nagusia. Buruan neukan, beste bide gogor batzuk bezala. Hori dela eta, ez naiz batere lasaituko; argi dut motibatuta eta indartuta atera naizela.
Zure lehenbiziko 9a izan da, David. Azkenean, makina bat muturreko bide egin eta gero, bederatzigarren esferan sartu zara. Nola bizi duzu?
D: Batez ere, poz handia sentitzen dut. Eta berriro diot ezusteko handia izan dela. Aitortu behar dizut ez nenbilela bide hori lortu na- hian, eta, gainera, azkenaldion ez naiz asko entrenatu. Gabonetan, berriz, gehiago eskalatu dut. 9a bat egitea baino garrantzi handiagoa ematen diot Gorkak eta nik elkarrekin bizi izan dugun esperientziari. Bide hori probatu nahi nuen, baina ez neukan begiz jota. Ez zegoen planifikatuta. Gorkak probatu nahi zuen, eta ni ere animatu egin nintzen.
Duela hilabete pasatxo, Gorka, Katalunian egin zenituen bideei buruz hitz egin genuen, eta esan zenidan «Esclatamarters» buruan zeneukala. Bide horri esker zure bigarren 9a lortu duzu. Kosta egin al zaizu?
G: Gabonen aurretik probatu nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Gero Davidekin partekatu ditut bide horretan egin ditugun saioak. Biak ala biak ondo ibili gara, eta kateatu genuen egunean oso baldintza onak aurkitu genituen: tenperatura... Zorte handia izan genuen! Oso eroso sentitu nintzen; hala ere, bi egun lehenago oso gutxigatik ez nintzen katera heldu. Gehienbat Olianan eskalatzen ari nintzen, eta behin Perlesera joan eta «Esclatamasters» bideak harrapatu ninduen. Begiz jota neukan, baina ez naiz haren bila espresuki joan.
Zuk, David, aurretik beste 9a-ren bat probatuta al zeneukan?
D: Ez, nire lehenbizikoa izan da. Neure helburu gehienak 8c eta 8c+ gradukoak izan dira, eta horretan murgildu naiz bete-betean. Bide hau kateatu ondoren ohartu naiz, agian, lehenago 9a bat probatu behar nuela. 2005. eta 2006. urteetan, adibidez, askoz ere indartsuago eta sasoikoago nengoen, eta uste dut egoera hori aprobetxatu behar nuela. Haatik, egun eskarmentu handiagoa daukat: zakur zaharra naiz! Eta, jakina, Gorkarekin probatzeak emandako motibazioak asko lagundu dit.
Zer moduz moldatu zarete «Esclatamasters» bidean? Ondo egokitu al zarete?
D: Batez ere bideak duen izaera edo estiloarengatik, oso ondo. Bide luzea da, eta ez du pauso luzerik edo morfologikorik. Uste dut bide hau bai Gorkarentzat bai niretzat oso egokia dela, hots, gure estilokoa da. Zalantzarik gabe esan dezaket marra horrek duen estiloagatik egin dudala nire lehendabiziko 9a; hau da, gradu horretan sartzeko bide aproposa zen niretzat.
G: Lehenbiziko zatia, 8b+ gradukoa, nahiko erraz egin nuen; bigarren saioan. Gehien kosta zaidana goiko zatia izan da. Eroriko dezente izan ditut. Plaka bat da, eta erresistentzia eskatzen dizu. Erori gutxi dauka, oso teknikoa, erregeleta txikiekin...
Eta bideari buruz, zer esan dezakezue? Oso berezia delako diot. Esan daiteke bide baten barruan dauden bi bide direla. Lehen zatia, fisikoa; eta, bigarrena, teknikoa.
D: Oso-oso ona. Kalitate handikoa eta garai bateko ikuspegia duena. Erabat naturala da, hau da, ez dauka pikatu zein sikaturik. Bartzelonako Salva Serranok egin zuena goraipatzekoa da erabat. Oso ikuspegi egokiarekin ekipatu zuen; sormen lan itzela izan zen. 40 metro, 80 mugimendu baino gehiago... harribitxi bat da.
G: Zailtasunean egin dudan bide onena da. Davidek dioen bezala, naturala, kalitatezkoa... Gainera, ez da indarra eskatzen duen horietakoa; eskalada estilo ezberdinetan ondo mugitu behar zaren bide horietakoa da. Zati fisiko bat, gero atsedena hartzeko leku on bat eta amaitzeko tarte tekniko bat. Zer gehiago eska daiteke?
Bidearen lehen igoera Ramon Julianena da. Horren atzetik beste errepikapen batzuk iritsi ziren; besteak beste, David Graham eta Patxi Usobiagarenak. Zer iruditzen zaizue «Esclatamasters» bidearen zailtasuna?
D: Gradu horretan ez dut eskarmenturik, baina ez dut uste 9a zail bat denik. Hala ere, ez nau kezkatzen. Berez, garrantzi osoa bideari eta haren kalitateari ematen diet.
G: Niri ere ez zait 9a gogor bat iruditu. Agian izan daiteke azken bolada honetan makina bat 8c eta 8c+ egin ditudalako. Olianan probatzen ari naizen beste 9a bat gogorragoa iruditzen zait.
Zalantzarik gabe, elkarrekin egin duzuen jarduera horren ezaugarri bereziena biek egun berean kateatu izana da. Oraindik ez duzue sinetsiko, ezta?
D: Berezia oso; inoiz ez zaigu ahaztuko. Oso une ederrak bizi izan ditugu. Eskerrak biok egun berean kateatu genuen! Bakarrik geunden, eta biok bota genituen garrasiak Andorran ere entzungo zituzten. Gero, ospatzera joan ginen, eta bi egun elkarrekin pasa ditugu.
G: Lagun minak gara, eta bide horrekin denbora luzea igaro dugu elkarrekin. Esperientzia ederra izan da, eta, erronka biribiltzeko, biok kateatu genuen.
David, urte hasieran lortu duzu sari hau. Horrek aldatuko dizkizu zure aurtengo helburuak, ezta?
D: Motibazioari dagokionez, guztiz indarberrituta nago. Eskalatzeko gogo handiagoa dut, eta, horretaz gain, uste dut konfiantza handiagoz jardungo dudala. Irrikitan nago bide gogorrak probatzeko. Bederen, zama bat gainetik kendu dut; hots, presioa. Eta, jakina, gozatzera irtengo naiz.
Gorka, «Sistematik ihes» (Aizpun) izan zen zen zure lehen 9a eta, jakina denez, estiloari dagokionez, ez du inolako antzik «Esclatamasters» bidearekin.
G: Hala da. Estilo ezberdinetan ondo moldatzen naiz, eta horrek erabat motibatzen nau. Asko gozatzen dut estilo ezberdinetan.
Eta dakidanez, Gorka, «Begi puntuan» (9a, Etxauri) eskura duzu.
G: Gabonetan probatzen aritu nintzen, eta oso saio gutxitan ondo neukala ikusi nuen. Baina hatz baten azala altxatu zitzaidan, eta Kataluniara itzuli behar izan nintzen. Pena izan da.