Pirinioak Neguko jarduerak
Leniton eta Cournilleresen proposamen berri erakargarriak
Ivan Urzelaik eta Mikel Saez de Urabainek «Eztanda» bidea (85º, M6, 500 m) zabaldu dute Ozako oihaneko mendiaren ipar aurpegian. Serge Branque, Jean Michel Dejean eta Jean Pierre Rio frantziarrek, berriz, «Gaube Gully» (TD+, 700 m), Cournillereseko eki isurialdean.
Andoni ARABAOLAZA
Nahiz eta aurtengo negua nahasi samarra izaten ari den, piriniozale batzuek han eta hemen baldintza egokiak aurkitu dituzte beren jarduerak egin ahal izateko. Marra berriak ikusten eta aztertzen ibiltzen direnek, bederen, aukera izan dute beren sormen lanak aurrera eraman ahal izateko.
Azken aipamen horri helduko diogu, izan ere, neguko bide berrien inguruko albisteak iritsi zaizkigu. Ez asko, baina, kasu honetan, interesgarriak. Lerrootan pare bat proposamen ekarriko dizkizuegu; Pirinioetako ipar zein hego isurialdeetan erdietsitakoak. Lehena, bi euskal piriniozalek sinatu dutena: «Eztanda», Lenito mendian. Bigarrenak, berriz, frantziar hirukote bat izan du protagonista. «Gaube Gully» du izena Cournilleres mendian zabaldutako marra berriak.
Eta kronika hasteko, Ozako oihanera abiatuko gara, Lenito mendiaren ipar isurialdean lan ederra egin baitute Ivan Urzelaik eta Mikel Saez de Urabainek. Nahiz eta mendi hori Euskal Herritik oso gertu egon, zalantzarik gabe esan daiteke, bere ipar horma neguko jardueretarako ez dela batera ezaguna. Soilik pare bat bide daude: «Canal Norte» eta «El sentido de las últimas cosas».
Horrela bada, euskal sokadaren «Eztanda» bidea neguko hirugarren marra izango litzateke. Saez de Urabainek kontatu digunez, bide berria joan den 22an zabaldu zuten: «Sortu dugun bide berriak, berez, `Picazo-Muñoz' (udako bidea) marrarekin sarrerako kanala partekatzen du. Lasai asko esan daiteke, orokorrean izotz bide bat dela. Ezaugarri hori dauka, eta borobiltzeko gehitu dezaket kutsu alpino handia duela».
Izotza eta kutsu alpinoa, binomio erakargarria Pirinioetako jarduera baterako. Gainera, ezaugarri horiez gain, «Eztanda» marrak (500 m) dituen zailtasunak aipatu behar ditugu. Krokisean ondo baino hobeto ikusten denez, izotzean gehienez 85ºko aldatsak gainditu behar dira. Eta mistoan, protagonistek baieztatzen duten bezala, «M6 gogor bat».
Lehenbiziko luzea palaren azpian hasten da, eta gero hori zeharkatu eta kanalaren hasierara heltzen da. Hirugarren luzean, berriz, irtenune bat gainditu behar da. Jarraian, tarte apurkor bat eta kanala jarraitu behar da bukaerara arte.
Seigarren luzean, bestalde, eskuinera jotzen da. Zazpigarrenean, berriz, bidearen gakoa dago: «Aurreko tartea ez da oso bertikala, baina irtenune gogor batera heltzen zara. Artesi bat da. Hori eskalatu behar da, M6 gogorra guretzat».
Azken metroetan eskalada lasaitu egiten da. Oso tentea ez den tarte misto bat gainditu ondoren, mendiaren ertzera heltzen da eta hortik gailurrera.
Oro har, ezaugarri horiek ditu Urzelaik eta Saez de Urabainek Lenitoko ipar horman zabaldu duten neguko bide berriak: «Eztanda» (85º, M6, 500 m).
Bide horretan erabili behar den materialari dagokionez, euskal sokadak azaldu du friend sorta ederra eraman behar dela, eta gehienbat mikroak sartu eta erabiltzen direla.
«Gaube gully»
Euskal sokadaren sormen lana burutu baino hiru egun lehenago, Cournilleres mendian beste proposamen bat egin zuen hirukote frantziar batek.
Serge Braque, Jean Michel Dejean eta Jean Pierre Riok «Gaube Gully» bidea zabaldu zuten mendiaren eki aurpegian. Guztira, 700 metro ditu. Lehenbiziko 300 metroak korridoreari dagozkio, eta beste 400 metroetan zailtasun teknikoak batzen dira. Frantziarrek diotenez, TD+ motakoa da, 85º gehienez izotzean eta V+ zailtasuna arrokan.
Protagonistek diotenez, eki aurpegian eskalatu behar denez, goiz mugitu behar da. Alabaina, mistoko goulotte ederra dela iritzi diote: «Bide hau zabaldu ahal izateko, uste dugu aste horretako egunik txarrena aukeratu genuela, eguraldiari dagokionez bederen. Laino itxia zegoen, eta, gainera, itzuleran ekaitzak harrapatu gintuen. Inolako zalantzarik gabe, eskoziar eskaladan izaten duten giro hori bizi izan genuen».
Hasierako korridorea erraza da (40º), baina gero zailtasun teknikoak iristen dira: «Oro har esan dezakegu mistoko goulotte ederra dela. Gainera, nahiko teknikoa. Bidea rapelatu genuen, eta luze teknikoenetan bilerak ekipatu genituen, batez ere datozen errepikapenei lagundu ahal izateko. Gainerako tarte guztiak garbi daude. Materiala: friend eta mikrofriend sorta bana, lau torloju eta, nahi izanez gero, bi iltze».
«Gaube Gully» marrara heldu ahal izateko, Oulettes de Gaubeko bidea hartu behar da eta haren plateau-ra (goi lautadara) iritsi; hain justu, Pineteko txabola behealdean dago. Errekatxoa zeharkatu eta korridorearen sarrera nahiko agerikoa da. Gutxi gorabehera ordu eta erdiko ibilaldia da. Jaisteko, berriz, frantziarrek adierazi dutenez, bidea rapelatu zuten.