GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Surf taulak: nolako olatua, halako taula. Txikiak, ertainak eta pintxoak.

Olatu mota bakoitzak taula mota bat eskatzen du. Jarraian, taula desberdinek izan ditzaketen bereizgarri batzuk aipatu ditugu.

p046_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Biarritz inguruan ohikoa da adineko surflariak taula handiekin ikustea, olatu handietarako balio duen taulak txikietarako ere balio baitu, nahiz eta mugitzeko zailagoak izan. Horrela, taula bakar batekin moldatzen dira. Lehen horrela izaten zen, pertsona bakoitzak taula bakar bat izaten zuen, eta horrekin moldatu behar zuen nola edo hala. Horixe litzateke egokiena, surflari bakoitzeko gehienez taula bakarra izatea. Hori posible da, baina horretarako gustukoen dugun olatu mota identifikatu eta horren araberako taula egokia zein den jakin behar dugu.

Olatu mota bakoitzean ahalik eta «ongien» ibiltzea da, egun, helburu ohikoena surflarien artean. Pentsamolde horrekin normala da surflari batek hiru, lau eta auskalo zenbat taula izatea. Beste kontu bat da hori zilegi den, surflarien ohiko diskurtso ekologikoarekin koherentea behintzat ezin esan denik, baina hori beste kontu bat da.

Edozein taularekin goza daiteke, baina badira joko gehiago eman dezaketen taulak. Taula txikiak, esaterako, oso mugatuak dira, soilik oso olatu txikietan surf egiteko balio baitute. Surflaria bere taulaz kexu den kasu gehienetan, aldatu beharrekoa ez da taula; arazoa ez da taula aldatuta konpontzen, surfa ulertzeko modua aldatuta baizik, teknika pixka batekin surflaria edozein tauletara egokitu baitaiteke.

Taulen negozioa

Badira urtean 300 taulatik gora eskatzen dituzten surflari profesionalak. Hori gehiegikeria baino zerbait gehiago da. Gaur egun, surflari arrunt batek hiru edo lau taula izatea gauza arrunt bilakatu da, eta hori ere gehiegikeria da. Taula bat egiten den momentutik ez da guztiz lehortzera inoiz iristen eta horrek kalte ekologiko handia egiten du. Ez dago antzerako kontuetan mugarik jarriko duen legediarik ordea, ezta antzekorik ere. Alderantziz, etengabe gonbidatzen gaituzte ahalik eta gehien kontsumitzera; gero eta hauskorragoak eta kaskarragoak diren produktuak kontsumitzera.

Egun, taula gogorra nahi duzula esanda ere, ekoizleek ez dute kasurik egiten, poliester geruza gutxi erabiltzen dituzte, taulak arinagoak izan daitezen eta, era horretan, bezeroa errazago mugituko duen taulatxoarekin gustura egon dadin.

Txikotak ere, gero eta errazago hausten dira eta egiten dituzten moduan eginda, gero eta zailagoa da birziklatzea. Gainera bitxia da txikotekin egin dutena, zeren ohiko txikotak sistema berritzaileekin eginak direla diote, baina erraz hausten dira. Olatu handietarako txikotak, oso luzeak direnak, lehengo txikoten moduan eginak daude, torlojurik gabe, sokaz lotuta; sistema zaharra eraginkorragoa dela adierazten du horrek.

Olatu mota desberdin anitz sailka daiteke, hawaiiarrek, esaterako, olatu motak sailkatzeko hitz desberdin ugari dute haien hizkuntzan, baina jarraian hiru multzo handitan sailkatuko ditugu, hauen arabera erabil daitezkeen taulak nolakoak diren azaltzeko.

Taula txikia

Olatu txikietarako taula egokiak txikiak eta zabalak izan ohi dira. Atzealdea erraz labaintzeko eginak dira, horrela bira erradikalak errazago egiten baitira. Indar gutxiko olatuetan erabiltzeko eginak direnez, ez dago olatuaren behealdean labaintzeko arriskurik, beraz, taula hauek erraz mugitzeko helburuarekin eginak izaten dira eta horregatik dira oso arinak. Taula zabalak izaten dira eta ertzak borobilduak izaten dituzte.

Bi metrotik gorako olatuetan gauzak zailtzen hasten dira, batez ere, olatu borobiletan edo tubodun olatuetan, izan ere, olatu mota horrek malda bertikalagoa izaten du eta taula errazago labaintzen da olatuaren behealdean.

Taula ertaina

Tubodun olatuetan surf egiteko taula azkarra behar da eta, batez ere, atzealdeak ongi eutsiko duen taula bat. Horregatik, taula hauek pixka bat luzeagoak eta estuagoak izaten dira, baina batez ere ipurdia da garrantzitsua, borobilduta edo puntan amaitu behar du. Taularen ertzek ere zorrotzak izan behar dute.

Bi edo hiru metroko olatuetan surf egiteko taula, olatu txikietarako taularen eta olatu handietarako taularen (pintxoaren) arteko zerbait da. Altueraz txikia izan daiteke, baina lemak handiagoak dira eta taularen formak pintxoaren antz handiagoa du.

Taularen zutoin aldean bolumen nahikoa izan dezake taulak, nahiz eta ertzak estuak izan. Bolumen handiagoa duen taulak gehiago flotatzen du eta, ondorioz, azkarrago arraun egiteko balio du. Taula zenbat eta handiagoa izan eta bolumen handiagoa eduki, orduan eta azkarrago egin ahal izango dugu arraun, eta olatua lehenago hartu ahal izango dugu. Olatuaren altuerak gora egiten duen neurrian bere abiadura ere handiagoa dela kontuan hartu behar da. Beraz, olatua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta taula handiagoa beharko dugu.

Pintxoa

Olatu handietarako taulak bi baldintza bete behar ditu. Batetik, olatua garaiz hartzen lagundu behar digu eta, bestetik, olatuaren behealdean gaudenean ez labaintzeko uretan ongi itsatsiko den taula izan behar du. Bi baldintzok betetzeko forma hau izan behar du: oso luzea, estua eta ipurdia puntan amaitzen dena. Lemak ere handiagoak izaten dira olatu handietarako. Taularen ertzak, berriz, olatuari ongi atxikitzeko eginak behar dute.

Taula handien kasuan, komenigarria da olatu handietan erabili aurretik beste edozein egunetan probatzea, olatu txikiekin bada ere. Taula hauek mugitzea zail egiten da, surf mota makalago bat egin behar da, teknikoagoa, beraz, ez dira taula errazak. Horregatik, taula estreinatzeko egun handiaren zain egon beharrean, aurrez proba egitea komeni da. Bestela, olatu handiak diren egunean estreinatuz gero, zailtasunak izan daitezke taula menderatzeko orduan eta, hain zuzen, horixe da olatu handietan ekidin nahi izaten duguna, erortzea, alegia.

Olatuak moto baten laguntzaz hartzen dituztenek (tow-in) taula txikiak erabiltzen dituzte, ohikoa baino askoz ere txikiagoak, baina taula bereziak dira. Tow-in egiteko taulak olatuari oso ongi atxikitzen zaizkio eta abiadura handia denean taularen azpialdeak jasotzen dituen kolpeak arintzeko eginak dira. Moto baten laguntzaz bultzatuta, abiadura soberakoa da olatua garaiz hartzeko, horregatik ez dira handiak tow-ineko taulak.

Neurriak

Egun, ohikoa da surflari batek besteari zein neurriko taula duen galdetzea. Ohiko erantzuna taularen luzera ematea izaten da, baina garrantzitsuena taularen forma da, beraz galdera zuzen erantzuteko beste datu garrantzitsu bat taularen lodiera eta zabalera ematea litzateke. Surflari pisutsu batek, esaterako, egoki surf egin dezake taula labur baina lodi samar batekin, eta taula luze eta mehe batekin, berriz, zailtasunak izan ditzake.

Surf egiten urteak daramatzatenek olatu txikietarako erabiliko duten taularen luzera bere altuera baino hamar edo hogei zentimetro gehiagokoa izaten da normalean, baina ez dago neurri orokorrik. Norberak garbi izan behar du taularekin zer lortu nahi duen eta zein olatu motarako nahi duen, eta horren araberako neurriak izan beharko ditu taulak.

Neurriak

Ohikoa da, egun, taularen neurriez galdetzea. Horri erantzutean, soilik taularen luzera aipatu ohi da, baina taularen forma da garrantzitsuena. Lodiera eta zabalera ere kontuan hartu beharreko faktoreak dira.

pintxoa

Olatu handietarako taulak bi baldintza bete behar ditu. Batetik, olatua garaiz hartzen lagundu behar digu eta, bestetik, uretan ongi itsatsiko den taula izan behar du, hots, oso luzea, estua eta puntan amaitzen den ipurdia duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo