GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Pluvialis apricaria edo Tetrao urogallus?

Surflari ernegatua

Urtarrilaren 20an, goizeko ordu bietan, gauaren iluntasunean, Mark Visser surflari profesionala surf egitera itsasoratu zen. Helburua 30 eta 40 oin (10-12 metro) bitarteko olatuetan surf egitea zen. Horretarako aukeratutako lekua Jaws izan zen, Hawaiiko Maui irlan. Iluntasunean surf egin ahal izateko, LED argidun txaleko bat eraman zuen soinean, baita taulan ere. Argi berezi hauek proiektu zehatz honetarako egin zituen Solus Corporation enpresak. Enpresa honek NASAk diseinaturiko urpeko LED argi sistema bereziak erabiltzen ditu.

Helikopteroen eta uretako motoen laguntza izan zuen Visserrek, eta nahi zuena lortu zuen, gauez olatu handietan surf egitea. Honela esan zuen lehorreratutakoan: «Proiektu honek bi urtetako plangintza behar izan du eta inoiz egin dudan beldurgarriena izan da, baina,, aldi berean, baita zirraragarriena ere. Iluntasunean surf egitean intuizioak gidatzen zaitu. Nire begiak ahaztu behar izan nituen eta sentitu, soilik sentitu, eta olatuaren parte bilakatu. Oso gustura nago denek ezinezkoa zela zioten zerbait egitea lortu dudalako».

Visserrek bere ametsa gauzatu ahal izan du, baina horretarako babesleen ezinbesteko laguntza behar izan zuen. Babesleez gain, helikopteroaren eta uretako motoen laguntza izan zuen. Denek jarri zuten beren hondar aletxoa Visserrek bere ametsa gauza zezan, eta ordainetan Guinness errekorren liburuko zutabeetako batean haren izena iltzatzea lortu zuten.

Gogoan dut, txikitan, galtza motz eta txaplaten garaian, gaiztakeriaren bat egiteagatik etxekoek errieta egiten zidatenean errua koadrilako lagun bati botatzen niola (ez baita traiziorik, lagunik gabe). Eta behin, izeba Mertxek, nire anaiak ematen zituen nahigabe guztiak zirela medio, hainbeste kandela piztu eta ama birginari beti eskean ibiltzeagatik, hark bere ondareak bahituko zizkion beldur, gurasoak errietan ari zitzaizkidanean parte hartzea erabaki zuen, eta horrela esan zidan: «Okerrena ez duk hire lagun aldrebes hori, okerrenak zuek zarete, hark esandako guztia egiten duzuenak».

Izebak arrazoi zuen. Okerrena ez da Mark Visserrek edo beste edonork pitokeria bat egin nahi izatea, pitokeria hori egiteko laguntza jasotzea baizik. Visserrek gauez olatu handi bat hartu nahi izatea uler dezaket. Nahiz eta niri pitokeria bat iruditu, uler dezaket. Pertsona bakoitzak bere ametsak dauzka, absurdoak gehienetan. Baina ulergaitza zait, gauez uretako moto batekin arrisku bizia jasateko prest dagoen morroi baten helburu bakarra, beste baten nahien araberakoa izatea.

1951ko maiatzaren 4an, Sir Hugh Beaver Guinness garagardotegiko zuzendari exekutiboa ehizan zen Irlandako hego-ekialdean dagoen Slaney erreka inguruetan, Wexfordeko konterrian. Lagun arteko eztabaida bat sortu zen hartan zirela, batzuek Europako ehiza-txori bizkorrena urre-txirri arrunta (Pluvialis apricaria) zela defendatzen zuten, besteek aldiz, basoilarra (Tetrao urogallus) azkarragoa dela esaten zuten. Eztabaida haren ondoren otu zitzaion Guinnesseko zuzendariari halako zalantzak argituko zituen liburu batek sekulako harrera izan zezakeela, eta asmatu zuen. Errekorren lehen liburua argitaratzearekin salmenten marka hautsi zuen eta ez hori bakarrik, liburuak berak hainbat marka bete ditu, AEBetako liburutegietan gehien lapurtutako alea izatea esate baterako.

Visser bezala, asko dira liburu santuan agertzeko edozer egiteko gai direla erakutsi dutenak. Iaz 250.000 izan ziren liburuan agertzeko ekimen batean parte hartu zuten pertsonak. Finlandian, sauna batean inoiz bildu den jatorri desberdinetako jende kopuru handiena biltzea lortu zen. Erresuma Batuan autobus bat belarriekin tiraka mugituz inoiz lortu den distantziarik luzeena egitea lortu zen. Irlandan ipuinetako pertsonaien arroparekin jantzita kaleratu ziren. Zeelanda Berrian, Keith Kolver historiako «zorbonauta» azkarrena izendatu zuten, 3,20 metroko diametroa duen plastikozko baloi handi baten barruan muino bat jaisteagatik. Australian, telebistan eguraldiaren berri ematen duen Grant Denyer aurkezleak 18 galtzontzilo jantzi zituen minutu batean eta «zailena ez erortzea da» esaten omen zuen. Parisen musu bat emateko manifestazio erraldoia deitu zuten. New Yorken, Jacki Bibbyk hamar suge sartu zituen ahoan eta, jarraian, bainuontzi batean 87 sugerekin egon zen 45 minututan. Hegoafrikan bularretakoekin inoiz osatzerik izan den katerik luzeena egin zuten. Zeelanda berrian, Malteser markako txokolate bat pajita batekin putz egiten distantzia luzeena egitea lortu zuten. Espainian, Valladoliden, inoiz baino bandera espainol gehien biltzea lortu zuten. Eta abar, eta abar, eta abar.

Pitokeriak ez du mugarik. Izebak arrazoi zuen. Sekulakoak egin dituztenak badira, dudarik gabe, baina denak zaku berean biltzen diren artean, historia honi hasiera eman zion galderak erantzunik gabe jarraitzen du. Zein da Europako ehiza-txori azkarrena, Pluvialis apricaria edo Tetrao urogallus?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo