Adiskidetzea
Garai bakoitzak badu bere kontzeptu izarra, entzun edo irakurriaren irakurriaz ohartu gabe barneratzen duguna. Horietako bat «adiskidetze» terminoa da, lana eta familia adiskidetzea, hain zuzen ere.
Une batean, emakumea etxetik kanpoko lan-merkatuan sartzen hasi zen, hots, ordainsaria jasotzen den horretan. Horrela, familien ohiko egunerokotasun-eredua kolokan egoten hasi zen. Gertatzen hasi baitzen arazo bihurtu zela haurren zaintza eta, ondorioz, euren heziketa. Gauez haurrak di-da batean bainatu eta, agian, haiekin pixka bat jolasteaz harago dagoena. Gertatzen hasi zen, pixkanaka, emakumeek gero eta etorkizun oso eta asegarriagoa eduki zezaketela sinetsi eta lan kualifikatuagoetara jo zutela; horrekin batera, are handiagoa bihurtu zen lanaren eta familiaren arteko arraila, osasuna galdu gabe, behintzat, etsai bilakatu arte, bateraezinak.
Horrela, emakumeon dilema nagusienetarikora iritsi ginen: familiari eutsi eta ibilbide profesionala kaltetu, edo alderantziz, lanari eskaini eta familiaz ahaztu edo daukaguna nahikoa ez zaintzearen ondoriozko erruduntasun-sentimenduarekin bizi. Auzi hau konpontzera etorri zen «adiskidetze» kontzeptua, alegia, emakumeak lan egitea eta familiaz arduratzen jarraitzea ahalbidetuko zuen bidearen jorratzea; Estatuaren, enpresaren eta emakumearen arteko korapiloa balitz bezala, bide honetan gizonek zereginik edo zeresanik ez balute bezala.
Zorionez, gero eta gehiago dira aitatasun tradizionala gaitzetsi eta bestelakoa aldarrikatzen duten gizonak. Gero eta gehiago amei ematen zaigun balio bera onar diezaieten borrokan dabiltzan aitak, bainatu eta jolaste hutsarekin konformatzen ez direnak eta, besteak beste, euren bikoteen zama handiegia eta injustuegia dela ere ulertu eta barneratzen dutenak. Finean, berdintasuna bizitzako aspektu guztiek osatu behar dutela eta hala izan dadin euren parte hartzeko betebehar eta erantzukizunari muzin egiten ez diotenak.
Ez dira lau katu; elkarteak, jarduerak eta eskaerak dituzte, ahotsa. Hala erakutsiko dute, kanpaina baten bidez, Espainiako Gobernuak adiskidetzea bultzatu barik oztopatzen jarraitzeko egindako azkenaren aurrean, krisiaren aitzakiapean, jakina. Izan ere, aitatasun bajaren luzapenak, hamahiru egunetik lau astera, aurten sartu behar zuen indarrean, baina atzeratu egin dute ekarriko lukeen gastua gehiegizkoa izango litzatekeela argudiatuta. Gizarteari ekarriko lizkiokeen onurek -aiten inplikazio-maila handitzea, amen erditu osteko ongizatea, emakume haurdunen kontratazioa, rol zaharkituen erauzteak...- itxaron dezaketelako mezua argi zabalduta.
Gertatzen da, baina, ez dugula gehiago itxaroterik, gizartea osatzen eta eusten dugunok aldaketak behar ditugula, eta haiek, berriz, hitz emandakoak betetzea betebehar dutela. Asmo eta kontzeptu hutsak, ez eta termino-izarrak ere, ez baitira nahikoak; nahitaezkoa da xedeek gauzatzeko aukerak eta moduak izatea, gizarte-egiturak eta baldintzek bidea ematea. Europako alde honetan, bederen, atzera egiten ari dira politikariak, aita eta amek, ordea, gero eta argiago dugu adiskidetzea dela bidea.