GARA > Idatzia > Ekonomia

Produktuak promozionatu eta merkaturatu ditzaten dei egin die ENBAk ekoizleei

Gipuzkoako ENBA nekazaritza sindikatuak ekoizleek estrategia eta tresna berriak sustatu behar dituztela uste du. Produktuen promozioan eta merkaturatzean ekoizleak protagonista izan behar direla defendatu du.

p020_f01_148x132.jpg

Amaia ZURUTUZA | TOLOSA

Mikel Arteaga Gipuzkoako ENBA nekazaritza sindikatuko lehendakariak beren produktuen promozioaren eta merkaturatzearen protagonista izan daitezen dei egin zien atzo ekoizleei. Sindikatuak Ohiko Batzarra ospatu zuen Tolosako Musika Eskolan, eta Mikel Arteaga sindikatuko lehendakari berrautatu zuten.

Batzarrean ENBAko batzarkide ugari izan ziren: Gipuzkoako Aldundiaren izenean Rafa Uribarren diputatua, Gasteizko Parlamentuko hainbat kide, bai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak ere.

Ekoizleek bizi duten «egoera zaila» nabarmendu zuen Arteagak batzarkideen aurrean aurkeztu zuen urteko txostenaren bidez. «Krisiagatik eta baserritarrek bizi dugun babes gabeziagatik protesta egiteaz gain, ekoizleok beste pauso bat eman eta gure estrategia propioa antolatzeko garaia iritsi da», esan zuen ENBAko lehendakariak. Hori baita, Arteagaren iritziz, balio erantsia, komertzializazioa nahiz kontsumitzaileekiko harremana hobetzeko bidea.

Era berean, Gipuzkoako ENBAk dituen helburuak erdiesteko beharrezko estrategia berriak eta tresna egokiak garatu behar dituela defendatu zuen Arteagak. Hala, sindikatuaren helburu nagusiak zerrendatu zituen. Batetik, ekoizleen egituraketa eta berrantolaketa azpimarratu zituen.

Bestetik, ekoizleek beren produktuak herritarren artean promozionatu behar dituztela defendatu zuen. Horrekin batera, ekoizten dituzten kalitatezko produktuak merkaturatzeko egiturak sortu beharraz mintzatu zen. Azkenik, beste hainbat sektorerekin aliantzak bultzatu behar dituztela esan zuen, besteak beste, ostalariekin, kontsumitzaileekin nahiz banatzaileekin. Aliantza horiei esker mer- katuratze lana hobeto egiteko aukera izango dutela adierazi zuen, eta ondorioz ekoizleak ordainsari hobea lortuko duela.

«Eragile arrotzak»

Aitzitik, gaur egun baserritarren produktuak «eragile arrotzek» kudeatzen dituztela baieztatu zuen. Alde horretatik, banaketan izaten diren gehiegikeriak amaiarazi eta industrien eta saltzaileen jarduera kaltegarriak bideratzeko garaia dela esan zuen. Izan ere, industriek eta saltzaileek baserritarren produktuen «izen ona» beren irabaziak handitzeko erabiltzen dituztela salatu zuen.

Funtsean, nekazaritza produktuen ekoizleak elikadura kateko alderdi guztietan protagonista izan behar direla esan zuen sindikatuko lehendakariak eta horretarako antolaketa eredua finkatu behar dela.

ESTRATEGIA PROPIOA

«Krisiagatik eta baserritarrok bizi dugun babes gabeziagatik protesta egiteaz gain, ekoizleek beste pauso bat eman eta gure estrategia propioa antolatzeko garaia iritsi da», esan zuen ENBAko lehendakariak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo