GARA > Idatzia > Kultura

«Jeiki-jeiki», Tolosako inauterien historia herritarren irudien bitartez kontatzen duen bilduma

Tolosan inauteri egunetan bizi den eta bizi izan den giroa islatzen du «Jeiki-jeiki» erakusketak. Bilduma soila baino zerbait gehiago izateko sortua izan da, herriko artxibora bidaliko baitira dokumentuak.

p050_f01_148x104.jpg

Maddalen LARRINAGA | TOLOSA

Tolosako jai nagusiak dira inauteriak. Egun horietan tolosar guztiak kalera irteten dira eta inauterietako igandean asko eta asko guztiz eraldatzen dira. Pertsona heldu eta ganorazko diren horiek, mozorroa janzten duten une horretan bertan, beste norbaiten izaera hartzen dute.

Tolosarrek hamaika istorio konta ditzakete festa hauen inguruan, herri txiki izanik denek ezagutzen baitute elkar. Hala, Tolosako Udaleko tlsbat sailak «Jeiki-jeiki!» erakusketa antolatu du Tolosako inauterien inguruan eta Nestor Ardanaz argazkilari tolosarrak diseinatu du proiektua.

Erakusketa hainbat tokitan kokatu dute. Alde batetik, Aranburu jauregiko gune nagusian; eta, bestetik, herriko dendetako erakusleihoetan eta Topiceko Ambigun, kafetegi alboan.

Inauteriak historian zehar

Aranburu jauregian 2.000 argazki baino gehiago bildu dituzte formatu ezberdinetan. Horietatik asko herritarrek bidalitakoak dira. Beste batzuk Tolosako Artxibokoak dira, eta gainerakoak, argazkilari profesionalek egindakoak. Hainbeste argazkiren artean zaila da gutxi batzuk hautatzea eta, hori dela eta, Ardanazek azaldu zuenez, erakusketa ibiltaria izango da. Hau da, noizean behin argazkiak aldatzen joango dira jasotako guztiek beren tokitxoa izan dezaten.

Irudi horien artean badira gaur egungoak, bai eta duela urte asko egindakoak ere. Bada 1930. urtean zezen-plazan zezenak atera aurreko unea erakusten duen bat, edota 1900 inguruan Plaza Berriko giroa erakusten duen beste bat. Hauetan adierazgarria da txarangen ordezko bandak ageri direla eta argazkietan ez dela emakumerik ageri, ateratzen ziren guztiak gizonezkoak baitziren.

Irudi horiez gain, ikus-entzunezkoak eta inauterietan erabilitako hainbat jantzi eta tresna ere bildu dira. Bideo horietako batean 76 tolosarri egindako elkarrizketak ageri dira, eta urtetan bizitakoak eta aldatu diren gauzak azaltzen dituzte. Ardanazek azaldu zuenez, elkarrizketa horiek erakusketarako egin ziren, baina egindako lanaz baliatuz, jende gehiago elkarrizketatzeko asmoa dute.

Elkarrizketa horiei esker Ardanazek hainbat bizipen eta bitxitasunen berri izan du. Izan ere, Frankoren garaian inauteriak galarazi egin ziren eta haren heriotzaz geroztik, Tolosak indarberrituta heldu zien inauteriei inoiz baino giro hobearekin. Izan ere, aspaldiko irudiak ikustean, mozorroen eskasia agerikoa da; gaur egun, berriz, Tolosan mozorroa jantzi gabe irteten dena herritarren txutxu-mutxuen jomuga izan ohi da.

Gargantua, King Kong eta beste

Argazki mordo horren artean, tolosar «famatuenek» inauterietan erabilitako hainbat jantzi eta traste ere bildu dira familiek emanda. Hala, horien artean, Miguel Anjel Bermudezen «La lechera» karroa edota Antton Izagirreren emazteak senarrari jositako soineko bat ere ageri da. Bildutako gauza guztien gainetik ikusgarrienetakoa, ordea, erakusketarako egindako Gargantuaz gain, Iñaki Goikoetxeak iaz Tolosako frontoi gainean jarri zuen King Kong erraldoiaren burua da.

Lortutako argazki, traste eta jantzi horiek guztiak artxibora eramatea eta bertan gordetzea da asmoa. Horretaz gain, Tolosako inauteriei buruzko liburu bat eta DVD bat kaleratu nahi dituzte antolatzaileek. Izan ere, urte askotan hainbat elkartek erakusketak antolatu izan dituzte, baina dokumentu horiek guztiak herritarren etxeetan zeuden eta aspalditik zegoen museo antzeko zerbait egiteko nahia. Hala, museoan ez, baina artxiboan izango dute tokia inauteriek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo