GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Munduko Txapelketa, Suedia 2011

Bigarrenez jarraian, Olinpon

Azken segundoan sartutako golari esker Danimarkak luzapena behartu arren, frantziarrek orain bi urteko garaipena errepikatu zuten.

p034_f01_222x222.jpg

FRANTZIA 37

DANIMARKA 35

GARA | MALMOE

Egun eskubaloiaren Olinpon talderik baldin bada, hori Frantziako selekzioa da zalantzarik gabe, izan ere, Claude Onestaren gizonak Munduko Txapelketa bigarrenez jarraian irabazteko gai izan ziren, luzapenean Danimarka mendean hartu eta gero. Hala, frantziarrek laugarrenez mundu mailako titulua eskuratu zuten Malmon jokatutako final zirraragarri eta estuan.

Frantziarrek ez zuten Omeyer atezainak egin ohi dituen geldiketa bikainen beharrik izan daniarren eraso beldurgarria zapuzteko, eta hainbatetan erakutsitako esperientzia eta talentua gailendu ziren.

Frantziak une oro abantaila izan zuen markagailuan eta dema nagusia erabakita uzteko abaguneak ere izan zituen. Halere, danimarkarrek ez zuten amore eman eta luzapena behartzea ere erdietsi zuten. Fernandez eta Karabitic, baina, finago aritu ziren amaiera aldean.

Brontzea, Espainiarentzat

Espainiako jokalariak, ostera, brontzezko dominarekin bueltatu ziren etxera kontsolazio-finalean gol bakar bateko aldeaz Suedia garaitu eta gero. Valero Riverak zuzenduriko selekzioak egundoko bigarren zatia osatu zuen eta dema amaierara puri-purian iritsi arren, gai izan zen talde anfitrioia mendean hartzeko. Izan ere, golak egiteko garaian kamuts aritu ziren espainiarrak denbora luzez.

Oscar Carlen suediarrak erreskadan egindako hiru golek (16-13) abantaila polita eman zieten suediarrei, baina ez ziren fin aritu amaiera aldean, eta 0-6ko partziala erabakigarria izan zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo