AIZKORA Urrezko lehiaketa
Faborito nagusi guztiak izango dira finalerdietan
Larretxeatarrak eta Nazabal eta Erasun izan dira sailkatu diren azkenak.
Jon LEUNDA
Nazabal-Jauregi eta Ohian eta Donato Larretxea izan dira finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu duten azkeneko bikoak. Horiekin batera, Arrospide eta Mugertza II.a ere sailkatuta zeuden. Laugarren txartela lortzeko, berriz, multzo bakoitzeko bigarrenak neurtuko dira eta hango irabazleak izango du horretarako aukera. Azurmendi-Atutxa, Arria VI.a-Rekondo eta Lopez-Erasun dira final-laurdenak jokatu beharko dituztenak.
Lehen fase honetako azkeneko egunean, aizkolariek honako lan hau egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; gero, kana-erdikoa zutik jarrita erdibitu; eta hirugarren lanean 60 ontzakoa moztu behar zuten; laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita; gero, bi 60 ontzako; eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten txanda librean.
Herenegun gauean Etxarrin Jauregik eta Nazabalek mendean hartu zituzten Arria eta Rekondo, horrela finalerdietarako txartel zuzena eskuratuz. Kolpekakoan, bi bikoak berdinduta geratu ziren, 45 ontzakoa 41 kolpetan moztu baitzuten.
Bigarren lanean, Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik lehen garaipena lortu zuten kana-erdikoa zutik minutu eta 47 segundotan erdibituta. 2.01 izan zen aurkariek egindako denbora. Hirugarren lana 1.53en amaitu zuten garaileek, eta beste hiru segundo sartu zizkieten Arriari V.ari eta Jon Rekondori.
Bi 45 ontzako mozten, ordea, Rekondo eta Arria izan ziren azkarrenak, lanak 2.12ko denboran amaituta eta bere tartea 10 segundotan laburtuz. Azken-aurreko lanak amaitzeko 4.12 egin zuten Arriak eta Rekondok, eta beste hamabi segundo laburtu zuten aurka zuten denbora, baina iraupen proban Nazabalek eta Jauregik alde handia kendu zieten. 9.47 izan zen beraien denbora eta, 11.40, aurkariena. Lan guztiak burutzeko 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Jauregik, eta, 21.42, Arriak eta Rekondok.
Txapeldunak, bikain
Egungo txapeldunek, berriz, atzo lortu zuten finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela, Lopez eta Erasun menderatuta. Kolpekako lanean, ordea, Lopezek eta Erasunek irabazi zuten 45 ontzakoa 38 kolpetan moztuta, eta aurkariei biren aldea kenduta. Bigarrengoa ere Lopezek eta Erasunek irabazi zuten. 1.23 izan zen beraien denbora eta beste segundo bat sartu zieten larretxeatarrei. Hirugarrengoan, ordea, Donato eta Ohian gailendu ziren, 60 ontzakoa minutu eta 32 segundotan amaituz eta aurka zuten tartea hiru segundotan laburtuz.
Laugarrengoan, egungo txapeldunak aurretik jarri ziren bi 45 ontzako 1.30eko denboran amaitu ostean, eta 14 segundoko tartea kenduz Lezaungoari eta Aurtizkoari, eta bosgarrenean erabaki egin zuten bi 60 ontzakoak 3.49ko tartean amaituz, eta aurkariei 39 segundo sartuz.
Iraupen propan Lopez eta Erasun gailendu ziren. 10.36 izan zen beraien denbora eta 10.38 aita-semeena. Denetara, 19.32 izan zen Donato eta Ohian Larretxearen denbora eta, 20.24, berriz, Juanjo Lopezen eta Ander Erasunena.
Zilarrezko Aizkoran finalerdietan izateko biko bakarra falta zen, eta hori Kañamares II.ak eta Kañamares III.ak lortu zuten, atzo Pellejero eta Olano mendean hartuta. Lanak amaitzeko, irabazleek 12 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten, eta 13 minutu eta 34 segundo aurkariek. Rodrigueztarrak izango dituzte aurrez aurre finalaren atarikoan.
Gazteen mailan, Otañok eta Zabaletak irabazi zieten Ussia-Lopezi. 12.25 izan zen irabazleen denbora eta 13.18 galtzaileena. Atzo Leitzan Saralegi II.a eta Vicente gailendu ziren Kortxeroren eta Larrea III.aren aurka. 8.36 eta 9.36 izan ziren denborak. J.L.