Euskal literaturak nederlanderara egindako bidaiak emakume izena du
«Emekiro». Izen iradokitzailea, goxoa, leuna... eta euskarazkoa. Izenburu horrekin bildu ditu liburu batean Zirimiri Press argitaletxeak sei euskal emakumezko idazleren testuak. Argitalpen berezia da, helduentzako literaturan jatorrian euskaraz idatzitako ipuinak nederlanderara itzuli diren lehen aldia baita.
Oihane LARRETXEA
Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Katixa Agirre, Jasone Osoro eta Amsterdanen urteak daramatzan eta nederlanderaz idazten duen Kristina Goikoetxea idazleak une goxoa igarotzen ari dira. Ez da harritzekoa, izan ere, euren ipuinetako batzuk «Emekiro» liburuan nederlanderaz argitaratzeko hautatu baitzituzten Zirimiri Press argitaletxeko Hernike Olasolo eta Cristina Richartek. Senar-emazteak dira eta ia duela bi urte sortu zuten argitaletxea, euskal literaturako obrak nederlanderara itzultzeko helburuz. Proiektuan parte hartu duten idazleetako batzuentzat, gainera, euren idatziak beste hizkuntza batera itzuli diren lehen aldia izan da honakoa, Alberdi eta Agirreren kasuan, esaterako. Ostiralean maletak egin eta, Euskal Herritik, Tulipanen herrialdeko hiriburura heldu ziren, larunbatean, «gogotsu eta ilusioz», «Emekiro» Amsterdameko Perdu literatura fundazioan aurkezteko.
«Aurkezpena sekulakoa izan zen -laburbildu zuen Eider Rodriguezek Amsterdametik-. Ez genuen deus espero, geuretzat nahikoa opari zelako geure kontakizun batzuk nederlanderaz argitaratzea; baina aretora iritsi eta beteta zegoela ikustea... oso hunkigarria izan zen». Perdu aretoa gainera, ez da nolanahiko aretoa. Olasolok adierazitakoaren arabera, Amsterdamen hizkuntza gutxituei arreta berezia eskaintzen dien liburu-denda baten barrualdean kokatuta dago hiriko kultur giroko ikurretako bat den antzoki txiki itxurako leku hau.
Bertaratutakoek, Rodriguezen esanetan, «oso jarrera baikorra agertu zuten, interes handiz entzun zuten azalpena eta amaitzean askok, liburua erosteaz gain, euskal literaturaren nondik norakoak galdetzera gerturatu ziren. Uste dut lezio bat eman zigutela». Lezioa, aurkezpenak egiteko jarraitzen duten estiloari dagokionez. «Zoriontze festa bat izan zen. Geurean aurkezpenak `instituzionalizatu' egin dira, ez dira lagunak edota kanpoko pertsonak etortzen. Ez da ilusio edo magia punturik arnasten. Alde horretatik ikusi nuen amildegia».
Bi hizkuntzen arteko zubia eraikitzen Kristina Goikoetxeak lagundu zuen. Hemezortzi urte zituela, jaioterria utzi, eta Holandara abiatu zen durangarra. Egun, nederlanderaz idazten duen euskal idazle bakarra da. Berarekin batera, Eiderrek eta Karmelek euskarazko testu batzuk irakurri zituzten -Katixak eta Jasonek ezin izan zuten Amsterdamera joan- eta Uxuek Mikel Laboari jarritako bertso batzuk kantatu zituen. Azken honek eskerrak besterik ez zituen eman eskaini dioten aukeragatik. «Edozein idazleri ilusioa egiten dio berak idatzitako lanak argitaratzeak, eta are gehiago itzuliak izateak. Niretzat lehen aldia izan da eta honi esker nire lana beste kultura bateko irakurleengana helduko da», esan zuen Alberdik.
Testuak hautatzea ordea ez da lan makala izan. Izan ere, nondik hasi?
«Macho cultuur» eta «Temperament»
«Zirimiri Press sortu genuenean hizkuntza txikietan idatzita zegoen literatura eta saiakera itzultzea zen geure asmo nagusia», azaldu zuen Olasolok. Ezaugarri horretatik abiatuta, aitortu zuen euskal literaturari «arreta berezia» eskaini nahi ziotela Cristinak eta berak. «Emekiro» osatzeko orduan, «hautaketa egiteko muga lekuren batean» jarri beharra zegoenez, 1970. urtetik aurrera jaiotakoen lanen artean bilatzea erabaki zuten. «Euskal emakumeen bilduma bat egitea ia ezinezkoa da, beraz, azken belaunaldiak hartzea erabaki genuen». Azken urteotan gainera, «emakume idazle asko eta oso onak» daudela nabarmendu du Henrikek. «Geure literaturan fenomeno berria da honakoa, orain arte gizonezko idazleak ageriagokoak izan baitira». Izen asko eta asko «kanpoan» gelditu dira, baina beti egon daiteke «beste ale bat egiteko aukera». Bestalde, ipuinak argitaratu nahi zituzten eta «idazle hauekin oso-oso erraza» suertatu zitzaien istorioak aukeratzea. Testu guztiek harreman pertsonalez eta bizitzan zehar hartu behar diren erabakiez hitz egiten dute.
Argitaletxearen bigarren xedea, holandarrek Euskal Herriaren inguruan duten irudia aldaraztea zen. «Geure herriaz galdetu genienean konturatu ginen haientzat, zoritxarrez, Euskal Herria Espainiako probintzia bat besterik ez zela eta Espainia gainera macho cultuur eta temperament hitzekin definitzen zuten». Hori aintzat hartuta, egitekoa argi ikusi zuten: Euskal Herria beste ikuspuntu batetik begiratu zezatela lortzea. Kasu honetan, emakumezko idazleek sortutako irudizko munduaren bidez egin dute.
Euskal fantasia, literatura eta, finean, kultura apur bat biltzen du «Emekiro» lanak. Izenburu iradokitzaile, goxo, leun eta euskarazkoa. Amultsuki bidaia abiatu duena. Amultsuki macho cultuur eta temperament desegiten saiatuko dena.