Josu Delgado Patxiren lehengusua
Lehengusu Patxirentzako ipuina
Batzuek sokak Berangon lotu, beste batzuek Eskiulan; Tafallan hauek, Agurainen horiek, kometa aireratu zen hostoaren Herria altxatuz, eta kometan igota, Elorri, eta Ibai, eta Irati, Elaia, Ekhi eta Oier
Hau lehengusu Patxirentzako ipuina da, eta Izaro eta Lohizunerentzako gutuna:
«Patxi lehengusua kometagilea zen. Santutxun zeukan tailerrean baziren makilak hemen, oihalak hor eta sokak han. Lan eta lan aritzen zen, gaur bai eta bihar ere bai, amets bat zuelako: bere Herriko haurrek kometen laguntzarekin hegan egitea.
Bere herria hostoa bezalakoa zen: samurra, koloretsua, dantzaria, batzuetan kopetilun eta bestetan argitsu, batzuetan zimel eta bestetan distiratsu, Lurrari lotua, baina airean beti.
Ondoko herrietan ez ziren horrelakoak, ordea. Beruna zuten maite. Eta ailegatzen ziren toki guztietan beruna landatzen zuten: beruna Ameriketan, beruna Afrikan, beruna Asian, beruna, beruna eta beruna. Hainbeste berun zabaldu zuten, haietako asko eta asko berunezko bihurtu baitziren.
Gau batean, berunezko jendea etorri zen berunezko trastez josita, eta gure Patxi berunezko herriko ipurdiraino eraman zuten. Han berunezko kutxa batean sartu zuten, eta berunezko txakurrak jarri zituzten zelatan alde egin ez zezan. Horrelako askoz toki gehiago ere baziren berunezko herrietan, eta hostoaren Herriko kometagile asko zituzten berunezko txakurrek zainduta. Hantxe ziren, Patxi bezala, Pipe, Kurro, Josemi, Asier, Joxe, Iñako...
Izarok eta Lohizunek asteak eman zituzten hostoak biltzen, lehengusuari eramateko Alcazar de San Juan izeneko ipurdi hartara. Bidaia luze-luzea egin zuten, eta gauez oso berandu iritsi ziren. Goizean, goiz-goiz jaiki ziren, saltoka eta kantari hostoz bete zituzten haien poltsatxoak, eta hara non, berunezko herriko berunezko ipurdiko berunezko txakurrak ez dien Patxi ikusten uzten hitzartutako 40 minutuz. Zergatik, amatxo? `Hay que traer libro de familia. No vale DNI'. Zer esan du, amatxo? Zergatik egiten duzu marru, amatxo? Zergatik kalera Patxi ikusi gabe, amatxo?
Hostoaren Herrirako bidea hartu zuten berriro, hostoaren freskura behar zuten mina arintzeko, hostoaren laztana, hostoaren itzala. Hostoaren herriko jendeak lan eta lan segitzen zuen, Patxik bezala lehenago, Pipek, Kurrok, Josemik, Asierrek, Joxek, Iñakok bezala lehenago, kometagile nekaezinek makilak hemen, oihalak hor eta sokak han.
Eta azkenean, lortu zuten: kometa erraldoi bat egin zuten denon artean, ortzadarraren koloreekin kometa zabal-zabala, batzuek sokak Berangon lotu, beste batzuek Eskiulan; Tafallan hauek, Agurainen horiek, kometa aireratu zen hostoaren Herria altxatuz, eta kometan igota, Elorri, eta Ibai, eta Irati, Elaia, Ekhi eta Oier. Kometa erraldoiak berunezko herriak ilundu zituen, berunezko txakurrak zaunkaka hasi ziren, berunezko jendea izutu zen, eta kometaren handitasunak berunezko bihotzak txiki-txiki egin zituen, uzkurrarazi zituen, zenbat eta txikiago beren tamaina, orduan eta pisutsuagoak, astunagoak, zarpailagoak, baldarragoak.
Berunezko herriko berunezko ipurdiko berunezko bihozdun berunezko txakurra hondoratu zen, beste berunezko txakur guztiekin batera, hondoaren hondoan, behin-betiko, Lurraren nahia, Lurraren legea, Lurraren grabitatea horixe izan baitzen.
Hala bazan ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Oiartzungo plazan».