GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Presaka eta prozedura arauen gainetik» ari dira AHTren lurrak desjabetzen

Udalaren babesa izan ala ez, «ahalik eta azkarren» eta prozedura «euren nahierara egokituz» ari dira AHTren sustatzaileak beharrezko dituzten lurrak desjabetzen. Atzo Tolosa eta Atxondoren txanda izan zen.

p015_f0229597.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

«Gure lurren gaineko azken erabakia Udalak dauka, hau da, alkateak. Nola ausartzen zara, alkate izanik, zure sinadura batekin zure herrikide multzo batek bere lur eta etxeak defendatzeko duen aukera lapurtzen?». Abiadura handiko trena egiteko lurren desjabetze aktak euren borondatea zapalduz onartu dituela leporatu diote hainbat lurjabek Tolosako alkate Jokin Bildarratzi. Hain zuzen, atzo goizean igaro ziren lehen lurjabeak banan-banan Tolosako udaletxetik. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, udaletxe atarian dozenaka lagun bildu ziren, ertzain ugari zirela, proiektu erraldoiaren aurkako jarrera agertu eta desjabetzeak bertan behera utz ditzaten eskatzeko.

Beste hainbaten artean, Xabier Otegiren txanda izango da gaurkoan, Bentaundi ondoan, Olarrainen, etxe ondoko lurrak kenduko dizkioten herritarrarena. Berak argi du ez duela baimenik emango. AHTren ibilbidean zundaketak egiteko behin- behineko lurren desjabetzeak, baina, «presazko tramite»tzat jo dituztenez, lurjabearen sinadurak ez du baliorik. Alegia, Udalak baimena emanez gero, lurrak kenduko zaizkio jabeari. «Udala gezurretan ibili da, proiektuari buruzko informaziorik ez zutela esan digute behin eta berriz eta guk badakigu, denbora tarte batean behintzat, informazioa bazutela eta ez digutela eman nahi izan», salatu du Otegik. Gauza bera esan zuen Tolosako AHT Gelditu! Elkarlaneko kide batek: «Udaletxean informazio bulego bat jarri zuten, baina, bulego horretan ematen zena lotsagarria zen. Azkenean, bulegoa bera ere itxi egin zuten».

Atxondon, Udala aurka

Bizkaian, bestalde, Atxondoko lurjabeek ere atzo zuten aktak sinatzeko hitzordua, baina, hemen Gobernu espainolaren Bizkaiko ordezkariak eta Atxondo-Abadiño tartearen arduradun teknikoek ez zuten Udalaren laguntzarik izan. Tolosan bezala, AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea egin zuen atarian eta bertan zirela iritsi zen idazkari judiziala udaletxera kalez jantzitako ertzainez lagunduta.

Atxondoko Udalaren ustez, «akats juridikoak» daude AHTren proiektuan. «Guk proiektuari eta desjabetzeei alegazioak jarri genizkien, eta erantzunetan ikusi dugu ez dituztela akatsak konpondu, hortaz, ez ditugu aktak sinatu», azaldu zion ezker abertzaleko zinegotzi batek GARAri. Atxondon, gainera, zehaztu gabe dago trenaren ibilbidea. Udalak mezu argia bidali die trenaren sustatzaileei: «Zerbait egin behar baduzue, egin ondo eta legez, bitartean guk oztopoak jarriko ditugu». Gauzak horrela, orain Gobernu espainolaren Bizkaiko ordezkaritzan sinatuko dira Atxondoko desjabetze aktak Udalaren onarpenaren beharrik gabe.

Abadiño, Ibarra, Andoain, Urnieta... datozen egunetan

Gaur Adifeko ordezkariak Abadiñora joango dira goizez zein arratsaldez lurrak desjabetzen ahalegintzera. Udalbatzak 2007ko abenduan onartu zuen AHTren aurkako mozioa; azpiegitura honen kudeatzaileekin ez kolaboratzea adostu zuten. Horregatik, alkateari mozioa errespetatuz, aktak ez sinatzeko eskatzeko eta kaltetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute 11.45ean udaletxe aurrean. Bestalde, bihar Ibarraren ¯8.30ean egingo da elkarretaratzea¯ eta Hernialderen ¯11.00etan¯ txanda izango da. Otsailaren 15ean Andoainen ¯8.30ean¯ sinatuko dituzte aktak eta, Urnietan, 16an. Tolosan, bestalde, manifestazioa egingo da otsailaren 26an, arratsaldeko bostetan hasita. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo