Garisoaingo baseliza, lukurreriatik babestuta
Lukurreriaren kontra predikatu arren, lukurreriara emana zen Nafarroako Artzapezpikutza, eta hari eutsi ezinik galdu berri du Garisoaingo kontzejuaren aurka jarritako auzi-eskea, Nafarroako beste hainbat udalerritako milatik gora eliza, baseliza eta bestelako ondasunez jabetu ondoren. Garisoaingo baseliza kontzejuaren izenean erregistratuta zegoen, baina Artzapezpikutzak bere izenean nahi zuen. Eta Lizarrako epaitegiak, Artzapezpikutzaren eskea onartu gabe, arrazoia eman dio herri ekimenaren aspaldiko salaketari. Izan ere, ebazpen hori garrantzi handikoa izan liteke, kasu honetan Nafarroako Artzapezpikutza berea ez den ondasun batez jabetzea galarazi duen modu berean, beste hainbat kasutan legez kanpo eskuratutako ondasunak itzularazteko oinarri izan bailiteke.
Herritarren ondasunak, Elizak erabiltzen baditu ere -eta bere esker ona agertu beharko luke horregatik- ez dira pribatuak, ez dira inorenak eta herritar guztienak dira. Nafarroan haien defentsarako sortutako plataforma lan eredugarria egiten ari da, eta Lizarrako epailearen ebazpenak indartu egiten du. Lan horrek, bestalde, nabarmen utzi du Nafarroako instituzioen jarrera, erakutsi duten zabarkeria eta are legez kanpoko jabetzearen laguntzaile gisa jokatu izana, Artzapezpikutzak bereganatutako eraikinak diru publikoz zaharberrituz, esate baterako.