GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Heuscara Huescara

Burtsako akzioekin zer egin aholkatzeko galdegin dit Garazik. Diru asko inbertitu ei du Telecincoko akzioak erosten, eta sosak galtzeko arrisku larriak estututa, aholku ematea iradoki dit. Niri bost bere inbertsioen etorkizuna, niri bost haien egungo balioa, baina jonjuaristiz (Xabier Mendiguren Elizegik aste honetan idatzi bezala) jantziko naiz, aholku ematea modan baitago egunotan.

Bankuko leihatilako gizasemeak ez daki kasik euskaraz: «Barkatu. Es euskara. No entiendo. En castellano, por favor». Eta euskararen inguruan aholku emateko zorian egon naiz, baina ez, zertarako aholku eman berak gure hizkuntzaren inguruan ekarpen propioa egiteko gaitasuna baldin badu? Ez diot, bada, meriturik kenduko. Zertarako?

Egunkaria zabaldu dut leihatilatik akzioen egoeraren inguruko zantzuren bat agertzen didan artean. Euskara hutsezko 60 hedabidek beren egoera agertzen duten editorial berbera sinatzen dute. Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek erakunde publikoetatik publikoak ez diren euskarazko hedabide guztietara lau urtean bideratzen dena balio duela nabarmentzen dute. Iradokizuna da, zertzelada, apuntea.

Leihatilako erdalduna lanpetuta dabil oraindik. Luzetxo itxaron beharko dudala dirudi. Alboko lankideak besoa luzatu eta irratia piztu du. Gasteizko Parlamentuak Bernat Etxeparek idatzitako euskarazko lehen liburua ikusgai jarri du, «Linguae Vasconum Primitiae». Bearnon espetxean egon zela kontatzen du liburuko hainbat bertsotan, baita euskarari zor zion maitasuna ere. Ezagunenen artean, «Heuscara ialgui adi mundura». Beldur izango dute, agian, jonjuaristismoa pairatzen dutenek, euskarak bere akzioekin Huescan ikastolak irekiko ote dituen.

«Ni se le ocurra vender las acciones, están en alza», agindu dit leihatilakoak. Zaharra da euskararen ibilbidea eta uneoro gure aholkuaren zain dago. Akzioak saltzeko esango diot Garaziri, Madrilen Gaztelaniaren Aholku Batzordea sortu eta gaztelaniazko hedabideei aholkuak emango dizkieten beldur. Zaila egiten zait pentsatzea Bernat Etxeparek euskararen inguruko aholku sanorik jaso zuenik Bearnoko ziegan, eta bestela dagoen tokitik burua altxa dezala egungo egoeraz jabetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo