Pauek onartu egin ditu Zaldibarren eta Gesalagaren aurkako euroaginduak
Paueko epaitegiak baiezkoa eman dio Aiala Zaldibar eta Iraitz Gesalaga euskal gazteen Espainiaratzeari. Hala ere, helegitea aurkeztuko dute Kasazio Auzitegian, eta hori aztertu bitartean Gesalagak preso jarraituko du, eta Zaldibarrek, baldintzapeko askatasunean.
GARA
Aiala Zaldibar gasteiztarraren eta Iraitz Gesalaga zarauztarraren aurka Auzitegi Nazional espainolak egindako euroagindu eskaerak onartu zituen atzo Paueko epaitegiak. Defentsa abokatuek erabakiaren kontra helegitea jartzeko aukera dute, eta hori egingo dutela adierazi zuten ebazpena zein den jakin ostean. Kasazio Auzitegian (auzitegi gorena) aurkeztuko dute helegitea, datozen hiru egunetan.
Bien bitartean Gesalagak preso jarraituko du, Seysses kartzelan, eta Zaldibarrek baldintzapeko askatasunean, alta Hego Euskal Herriko edozeinekin, familiako kideekin barne egoteko ezarri zioten debekua kendu egin diote.
Joan den asteartean izan zen Auzitegi Nazionalak bi euskal herritarrak Espainiaratu ditzaten egindako eskaera aztertzeko saioa Bearnoko hiriburuan, eta atzo eman zuen epaileak ebazpenaren berri. Orain hiru egun daude helegitea aurkezteko.
Gesalaga, Tximas, urtarrilaren 11n atxilotu zuten Ziburuko bere etxean, «ETAko informatika arduraduna» izatea leporatuta eta «FARCi irizpide informatikoak helarazi» izana egotzita. Ordutik espetxean da Gesalaga. Egun berean, haren bikotekide Itxaso Urtiaga atzeman zuten Zarautzen. Auzitegi Nazional espainolak libre utzi zuen, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta lau egun eduki ostean.
Jarraipen dispositiboa
Gesalagak, atxilotu aurretik, bere autoari ohiko azterketa bat egiterakoan, jarraipena egiteko gailu bat aurkitu zuen ibilgailuaren azpian. Jarraipenerako dispositiboa «legez kontra» kokatua izan zitekeelakoan, bere abokatu Maritxu Paulus-Basurkok salaketa jarri zuen Baionako auzitegian.
Aiala Zaldibar aldiz, urtarrilaren 18an atxilotu zuen Polizia frantsesak Baionan. Bertako Oihana ikastolan egiten zuen lan. Hurrengo egunean, ordea, fiskalaren aurretik igaro ondoren, baldintzapean aske utzi zuen Paueko Auzitegiak. Ezarritako kontrol judizialaren arabera, Zaldibarrek egunero agertu behar zuen polizia etxean, eta atzora arte, ezin zuen Hego Euskal Herriko pertsonekin mintzatu, ezta bere etxekoekin ere.
Gasteiztar gazteari Segiko kide izatea egozten dio Auzitegi Nazional espainolak.
Zaldibarrekin batera Igor Uriarte atxilotu zuen Polizia frantsesak urtarrilaren 18an, Ekineko kidea zela egozten dio Madrileko Auzitegi bereziak honi. Zaldibar moduan, aske geratu zen hurrengo egunean, baina urtarrilaren 25eko saioan ez zen auzitegira azaldu, eta, horrenbestez, bere aurkako euroagindu-eskaera ez zuten aztertu.
Euroaginduaren prozedura gehienez ere hiru hilabete luzatu daiteke. Auzitegi Gorenak, beraz, bi hilabete eman ditzake ebazpena jakinarazi arte.