GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Omenaldia Ezbehar batek kirola uztera behartu du

Erremonteak estimu handia diola ikusiko du Altuna II.ak

Oriamendik eta Amezketako Udalak egindako lana eskertuko diote larunbatean, Galarretan, begian jasotako pilotakada batek kirola uztera behartu duen kirolariari.

p039_f01_555x555.jpg

Jon ORMAZABAL

2009ko Gabon egunean Galarretan kide bati ihes egindako pilota batek errotik aldatu zion bizitza Garikoitz Altunari, ezkerreko begian izandako lesio larriak ez baitio utzi berriz ere erremontean profesional gisa aritzen. Zorionez, egin dizkioten hainbat operaziok bizimodu normala izatea ahalbidetu diote amezketarrari, eta hala, larunbat honetan erremontearen munduak dion maitasun eta estimua bertatik bertara ikusi eta sentitu ahal izango ditu Galarretan bertan prestatu dioten agur omenaldian.

Lesio horrexegatik Garikoitz Altunak Oriamendi enpresa berrian jokatzerik izan ez duen arren, honek erremontearen munduak amezketarrari merezi duen omenaldia eman nahi izan dio, eta horretarako egungo izarrik handienen arteko dema prestatu du larunbaterako. Atzo ere aldamenean izan zituen Koteto Ezkurra eta San Miguel, Patxi Zeberioren eta Urrutiaren aurka arituko dira estelarrean, eta horren ostean egingo dute atzo aurkeztu zuten omenaldia.

Protagonistak une zail hauetan aldamenean izan dituen guztiei eskerrak emateko aprobetxatu nahi izan zuen atzoko prentsaurrekoa. «Nire aldetik, egun oso polit bat izango dela pentsatzen dut eta eskertu nahi diot oraingo enpresari omenaldi hau emateagatik, baita pilotari guztiei ere, emandako babesa oso garrantzitsua izan delako eta oso ondo etorri zaidalako pasa dudana pasatzeko».

Une latzak

Minak, oinazeak pasatu eta egoera berrira egokitzea lortu ostean -udaberrirako nahikoa argi zuen ezingo zuela berriz ere profesional gisa jokatu- ikusmena ahalik eta hobekien errekuperatu eta bizimodu ahalik eta normalena eraman ahal izatea izan ditu erronka nagusiak. Bilboko eta Bartzelonako hainbat espezialisten eskuetatik pasatu ostean, nahikoa gustura dago lortu duen bizi kalitatearekin. «Zortea daukat ez naizelako horren gaizki geratu. Ez nago erremontean profesionalki aritzeko, horregatik utzi dut, baina lagunekin frontenisean-eta aritzeko moduan bai, eta gustura nago alde horretatik. Hasieran ez nekien zenbaterainokoa zen eta lesioa larria zela esan zidatenean, ikusmena guztiz berreskuratuko ez nuela esan zidatenean, hori izan zen kolperik latzena, baina denborarekin dena osatzen da», adierazi zuen.

Halako ezbeharrak sekula ez dira une egokian heltzen, baina Altuna II.aren kasuan gainera, bere kirol ibilbideko mailarik onenean iritsi zitzaion, Etxeberria III.arekin binakako finalerdietara heldua zela eta aurreko koadroetan Ezkurra edo Zeberiorekin nor baino nor lehiatzera heldua zela. «Egia da oso une gozoan nintzela, pilotan gozatu egiten nuen, baina agian okerragoa litzateke hainbat denboran arrastaka ibiltzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo