GARA > Idatzia > Kultura

Euskarazko hedabideek editorial bateratu bat argitaratu dute instituzioei sostengua eskatuz

Euskarazko hedabideen egoera zaila dela-eta, erakundeei zuzendutako aldarrikapen bat argitaratu dute 60 komunikabide baino gehiagok instituzioen diru-laguntza eta babes falta salatuz.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Ez da ohikoa 60 hedabide baino gehiagok editorial bateratu bat argitaratzea, baina euskal komunikabideen egoera zaila ikusita, bakarka baino, denak batera indartsuago arituko direla uste dute. Hala, instituzioei zuzendutako salaketa eta eskakizun trinko bat azaldu dute idatzian, beraien hitzetan, ez baitituzte bizirik jarraitu ahal izateko beharrezko sostengu eta babesa jasotzen. Gainera, alderdi politiko eta erakundeek estrategia eta gogoetetan euskararen garrantzia nabarmentzen duten arren, gerora ez omen da errealitatean halakorik islatzen: «Printzipio eta helburutan letra larriz aitortzen dute garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat hedabide ez publikoei dagokienez».

Sinatzaileen artean aldizkariak, irratiak eta egunkariak topa daitezke. Horien artean «Gaur8» (larunbatetan GARArekin batera banatzen den euskaraz idatzitako gehigarria), Info7 Irratia edota Kazeta.info (Ipar Euskal Herriko webgune informatiboa) topa daitezke. Aldiz-karien artean «Jakin», «Argia», «Elhuyar» edota «Gaztezulo»-k, Argia saria irabazi zuenak, hartu dute parte. Herri aldizkarietan, «Hernaniko Kronika» edota «Ttipi-ttapa» izan dira eta irratien artean, Antxeta, Halabedi edota Irulegikoa, beste askoren artean.

2008an Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek dioenez, gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak, baina horrek ez ditu zailtasunak gutxitzen.

Sinatzaileek diotenez, egindako lanarekin pozik daude: «Harro gaude egindako bide horrekin, euskal kulturaren isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen ditugu. Albistea eta informazioaren haritik, entretenimendutik, sakonetik, zientziatik...». Hala ere, ez dute uste egindakoa nahikoa denik, egiten duten lana hobetzeko aukera beti baitago aurrean. Baina dituzten aukera ekonomiko murritzek ez dute horretarako bidea errazten.

Hori dela-eta, «bankuen eta autoen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa aldarrikatzen dugu. Instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz», dio idatziak.

SINATZAILEAK

Editorial bateratuaren sinatzaileen artean «Gaur8» GARAren gehigarria, Info7 Irratia, Kazeta.info webgune informatiboa, Antxeta irratia edota «Bertsolari» aldizkaria topa daitezke.

IA MILIOI ERDIA

2008an Lakuako Gobernuak egindako ikerketa batek azaldu zuenez, 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak.

Europako irrati komunitarioen artekolankidetza eta harremanak bultzatzeko foroa

Hendaiako Antxeta irratiak Europako Irrati Komunitarioen lehen foroa antolatu du Hendaian, Irunen, Donostian eta Hernanin, bihar hasi eta larunbatera arte mota horretako irratien artean harremanak sortu eta bizipenak trukatzeko helburuarekin.

Irratiaren hamargarren urteurrena dela-eta bururatu zitzaien ekimena. Izan ere, iazko azaroan Association Mondiale des Radios Communautaires (AMARC) elkarteak La Platan (Argentina) antolatutako hamargarren kongresuan izan ziren eta bertan hasi ziren antolakuntza lanetan. Elkarrekin egindako lanagatik, eta Txileko Radio Piedrarekin zuten harremanari esker, uste baino proiektu handiagoa burutzea lortu du Hendaiako irrati honek, eta Europako irratiak foroan parte hartzera gonbidatu ditu.

Landuko diren gaien artean euskarari garrantzia eman nahi izan diote Martxelo Otamendi, Aitor Zuberegoitia eta Josu Amezaga gonbidatuz, euskal esparru komunikatiboari buruz aritzeko (Hendaia, 11.00). Aldi berean, globalizazioak komunikabideen munduan sortutako berrikuntzak eta egoerak ere aztertuko dira Association Mondiale des Radios Communautaires-eko ordezkariak, Maria Pia Mattak, azalduko dituen bizipenen bidez (Donostia, 16.00). Euskal irratien egoera munduko gainerako irratiena baino gogorragoa dela adierazi zuen Aitziber Zapirainek, Antxetako koordinatzaileak; eta, ondorioz, Estatu espainoleko ikus-entzunezko legedia ere aztertuko dute.

Zapirainek nabarmendu du ez dela arloko profesionalei zuzendutako ekimena, ez baita hori helburua. Eta hala, ikusleria mota guztiengana iristeko sarrera doakoa izango da eta egun bakoitzeko hitzaldiak toki ezberdin batean egingo dira. Irratia Hendaian kokatzen denez, bertan hasiko dira jardunaldiak eta, jarraian, Donostian eta Hernanin izango dira lehen eguneko arratsaldean, eta Irunen bigarrenean. Azken eguneko ekitaldien kokalekua ez dute oraindik zehaztu, baina Zapirainek azaldu zuenez, Hondarribian izatea nahiko lukete. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo