GARA > Idatzia > Mundua

Uholde gorri batek Txina osoa zipriztindu du, untxiaren urteari ongietorria emateko

Bihartik hasi eta datorren 2012ko urtarrilaren 22ra arte iraungo duen Untxiaren Urtea ospatzeko, ohi bezala, beren etxeak gorriz apaindu dituzte txinatarrek. Aurtengoan ere ez diete hutsik egin ohiko adituei, hurrengo urterako iragarpenak jakiteko asmoz.

p023_f01_145x125.jpg

Ruben PASCUAL

Erregosita jateko, maskota gisara edukitzeko edota dendetako erakusleihoak apaintzeko. Untxiak jaun eta jabe dira egunotan Txinako bazter guztietan, bihar hastekoa den Untxiaren Urteari ahalik eta modurik onenean ekiteko. Urtero legez, kaleak eta etxeak gorriz apaindu dituzte eta nork bere bideak aurkitu ditu hurrengo urteko iragarpenak egin edota zorte txarra baztertzeko.

Ravioliak afaldu ondoren, 1.300 milioi txinatarrek Tigrearen Urteari agur esan eta Untxiarenean sartuko dira, su artifizialek eragindako burrunbadaren artean.

Usadioari jarraituz, elkarri eskuak oratuta hasi behar dute ekitaldi berria, sendiari zorte ona eta poztasuna opatzeko. Aurten keinu hori zertxobait aldatuko dute «erraldoi asiarreko» biztanleek: hatz lodiak zerura begira jarriko dituzte, untxiaren belarriak bailiran.

Mendebaldean, inor gutxi ausartuko litzateke esatera hasi berri dugun urtean mundu guztiak krisialdia atzean utziko duela, ezta enpresa jakin batek arrakasta lortu edo porrot egingo duen. Txinan aldiz, usadioak eta augurioek bat egiten dute.

Oro har, ilargi-urte berriaren jai txinatarrak, Udaberriko Jaialdia esanez ere ezagutzen denak, antz handia du Mendebaldean egiten diren ospakizunekin, ohitura eta erritualez josia, hamabost egun lehenagotik hasitako festa eta aldez aurretik zenbait hilabetez egindako prestakizun lanekin.

Ohiturak, nonahi ageri

Kalean, txinatarrek zernahi erosten dute: opariak, janaria edota arropa. Zorte txarraren edozein zantzu ezabatzeko goitik behera garbitzen dituzte etxeak, ate zein leihoak gorriz jantzi, eta atari zein fatxadetan farolatxo gorriak jartzen dituzte, gauez argia ematen dutenak.

Aipatu ospakizun eta apainketa guztien bitartez, Untxiaren Urteari emango diote ongietorria aurten, eta bide batez, zodiako ikur honetan jaiotzen direnek bizitza luze, oparo, baketsu eta gorabehera handirik gabekoa izango dutela gogoratzeko.

Egun berezi horretako afariari dagokionez, aipatu raviolietatik aparte, otarrainxkak jango dituzte, bizitasun eta poztasuna eskuratzeko; ostrak (ho xi) eta arrain gordina (yu sheng), zorte ona ekartzeko; eta itsas belarrez prestatutako jaki bat (fa-hai), oparotasuna etxeratzeko.

Ohikoa da, gainera, arropa gorriz janztea, izpiritu txarrak uxatzeko, eta kolore zuria zein beltza ekiditea, doluari lotuta egon ohi direlako.

Senar-emazteek eta pertsona helduek oro har, ume zein ezkongabeei hong bao izenez ezagutzen diren eta barruan dirua daukaten gutun-azal gorriak entregatuko dizkiete bihar.

Gauerdia iristerakoan, su artifizialek kaleak argituko dituzte, eta milaka suzirik alaituko dute gaua, zarata gorgarri baten bidez. Bolbora beraiek asmatu zutela gogorarazteko parada ere badira hamabost egun hauek.

Erritu hauekin emango diote ongietorria urte berriari eta, iragarleek diotenez, urte aparta izango da negozioetarako.

«Untxia animalia arretatsua da. Beti zelatan dago, bere inguruari adi, hurrengo pausoa segurua izango dela ziurtatzeko», baieztatu zuen Philip Cow analista ekonomikoak, 2010ean Hong Kongeko «broker» onena izendatu zutenak.

Heltzear den urte berriak marketin olatu bat ekarri du berarekin eta dagoeneko hamaika produktu eros daitezke urte honetako animaliarekin lotura dutenak: untxia irudikatzen duten giltzetakoetatik, untxiaren beraren kumeetara, eta gogor kritikatu du hori animalien eskubideen babeserako PETA elkarteak: «Untxiei laguntzeko garairik onena ez da preseski bere urtearen hasiera. Animalia hauen sufrimendua ekidin behar dugu», esan zuen Maggie Chenek, PETAk Pekinen duen ordezkariak.

Kontuak kontu, egia da urte garrantzitsua hasiko duela Txinak, munduko elite ekonomikoak sendotzeko urtea, baina egunotako jaiak, beste edozer gauzaren gainetik, adin guztietako senideak berogailuaren inguruan -hotz handia egiten baitu- biltzeko balioko du, familien batasunaren eta ohiturekiko duten loturaren sinbolo gisara.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo