GARA > Idatzia > Ekonomia

Krisiari aurre egiteko planak 28 milioi euro banatuko dizkie Gipuzkoako enpresei

Gipuzkoako Aldundiak, krisiari aurre egiteko planaren bidez, 28 milioi euro banatuko ditu aurten eta datorren urtean zailtasunak dituzten enpresen eta berrikuntza eta teknologia arloko enpresen artean.

p026_f01_148x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak 27,8 milioi euroko laguntza emango die lurraldeko enpresei, krisiari aurre egiteko planaren bitartez. Modu horretan krisiaren ondorioak leuntzea, lehiakortasuna hobetzea eta lanpostuak sortzea helburu, aurten 21.827.000 euro banatuko ditu eta, 6 milioi, datorren urtean.

Bestalde, Aldundiak beste 18,1 milioi erabiliko ditu zientzia, teknologia eta berrikuntza arloko azpiegituretan.

Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jose Ramon Guridi Berrikuntzako diputatuak krisiaren aurkako planaren ardatz nagusiak azaldu zituzten atzo.

Aurkezpen horretan, Olano pozik agertu zen Gipuzkoako langabezia tasa (%7,8koa) EAEkoa (%10.89koa) eta Estatu espainolekoa (%20,33koa) baino txikiagoa delako, eta Gipuzkoako enpresak zoriondu zituen datu horiengatik.

Aldundiak, 27,8 milioiko laguntza horrekin, zailtasunak izanik proiektu bideragarriak aurkezten dituzten enpresei lagundu nahi die.

Laguntza horien gehienezko kopurua, aurten, milioi bat eurokoa izango da, baina beharren arabera handitu daitekeela adierazi zuen Olanok. Eskaerak egiteko epea irailaren 30ean bukatuko da. Aurten iaz laguntza jasotzeko izan ziren bost eskaerak ez direla gaindituko espero du Aldundiak.

Kontratazioa

Bestalde, Aldundiak 11 milioi euro erabiliko ditu berrikuntza proiektuak eta gazteen kontratazioa sustatzeko.

Izan ere, gazte gaituak kontratatzeko laguntzak ere izango dira. Horien bidez, Aldundiak 200 gazte inguruk lanpostua eskuratzea espero du. Iaz 181 pertsonek lortu zuten lanpostu bat gazte gaituen kontratazio prozesuetan. Aurten, gainera, zientzia eta teknologia sareko profesionalen kontratazioa ere sustatuko dute.

Planak jasotzen duenez, milioi bat euro bideratuko du Aldundiak proiektu estrategikoak bultzatuko dituzten egitasmoak finantzatzeko, era horretan enpresen lehiakortasuna suspertzeko. Beste 6,8 milioi proiektu estrategikoak bultzatzeko erabiliko dituzte, batez ere biozientzia, energia eta mugikortasun arlokoak.

Adibide gisa, Biodonostia, Energia Sare Adimenduna (IK4 eta Gaia), Elgoibarko ibilgailu elektrikoa eta Donostiako Talentu Etxea aipatu zituen, besteak beste.

Iazko kopuruak aintzat hartuta, Aldundiko ordezkarien aurreikuspenen arabera, aurten enpresek 500 proiektu inguru aurkeztuko dituzte.

Bestalde, krisiari aurre egiteko planak 1,7 milioi euro banatuko ditu enpresei eduki teknologikoa duten ekoizpen berriak nazioarteko merkatura ateratzen laguntzeko eta, beste 897.000 euro, lantegiak edo merkataritza jarduerak atzerrian ezartzeko. Iaz zazpi proiektu sartu ziren arlo horretan.

Langile autonomoei eta mikroenpresei laguntzeko kopurua 5,3 milioikoa izango da. Arlo horretan, guztira, Gipuzkoako 1.200 enpresari laguntza ematea aurreikusi du Aldundiak.

200 gazte gaitu

500 enpresaren berrikuntza proiektuak, 1.200 mikroenpresa eta 200 gazte gaituren kontratazioa sustatzea espero du Aldundiak, eta zailtasunak dituzten enpresei dagokienez, eskaera iaz baino enpresa gutxiagok -bost- aurkeztuko duela aurreikusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo