GARA > Idatzia > Kultura

«Linguae Vasconum Primitiae», Paristik Gasteizko plazara jalgia

Euskarazko lehenengo liburua argitaratu zuen 1545ean Bernat Etxeparek. Egun «Linguae Vasconum Primitiae» obraren ale bat baino ez dugu ezagutzen, Parisko Liburutegi Nazionalak gordetzen duena eta Gasteizko Legebiltzarrari maileguan utzi diona, «Euskara, jalgi hadi plazara» erakusketan paratu dezan. Xabier Kintana euskaltzainak atondua, erakusketak XVI. eta XVII. mendeetako hamalau euskarazko klasiko aurkezten dizkigu.

p040_f01_203x132.jpg

Anartz BILBAO | GASTEIZ

Gasteizko Legebiltzarrak «Euskara, jalgi hadi plazara» erakuske-ta ireki zuen atzo Tomas Moro aretoan, gure literaturaren hastapenetako altxorrak batzen dituena, XVI. eta XVII. mendeetako hamalau lan ikusgai jarriz (gehienak Legebiltzarreko liburutegian bertan gordeak). Erakusketa Xabier Kintana euskaltzainak atondu du, eta Bernat Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae», euskaraz idatzi zen lehen liburuaren aurreneko edizioko ale bat -ezagutzen den bakarra- du izar nagusia, Euskal Herrian estreinakoz ikusgai jarri dena, datorren martxoaren 31ra bitarte.

Erakusketa Legebiltzarreko lehendakari Arantza Quirogak ireki zuen, Xabier Kintana eta Andoni Iturbe Legebiltzarreko Azterlan zuzendariarekin batera, Etxepareren liburuko pasarteak irakurriz bukatu zuten ekitaldian. Quirogaren hitzetan, «Legebiltzar hau, ezin bestela izan, euskararen defendatzaile irmoa izan da beti. Erakusketa honekin, Etxepareren bertsoak geure eginez, nahi dugu euskara plazara jalgitzea, eta guztiek ezagutua eta partekatua izatea: Euskara, jalgi hadi plazara».

Legebiltzarreko liburutegiak XVI. eta XVII. mendeetako bitxi bibliografikoak gordetzen ditu, ondare balio handikoak, eta «herritar guztiei erakutsi nahi dizkiegu. Ale batzuk bakarrak dira, eta erakusketa honen bidez herritarrei emango diegu horiek ikusteko aukera», zehaztu zuen. Eta altxorren kutxa guztiz betetzeko asmoz, Bernat Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» lehen aldiz Euskal Herrira ekarri dute, Parisko Liburutegi Nazionalak maileguan utzia. Quirogak adierazi zuenez, «euskarari egin dakiokeen omenaldirik onena hau da: euskal literatura idatzian ezagutzen den lehen liburua herritar guztiei erakustea».

Bordelen inprimatua

1545ean Bordelen inprimatua, «Linguae Vasconum Primitiae» liburuan Bernat Etxeparek prosaz idatzitako aitzin solasean eta 15 bertsoetan, maitasuna, erlijioa eta euskarari buruzko gorespenak erabili zituen.

Euskal literaturako klasikoak ondo baino hobeto ezagutzen dituen Patxi Salaberri Muñoa EHUko irakaslearen aburuz, nabarmendu, gauza asko nabarmendu daitezke apaiz baxenabartarraren lana ahotan hartuta. «Lehendabiziko kontua, euskaraz idazten jakin zuela, forma ikaragarri zuzena eman ziola obrari, garaikide zuen Leizarragak bezala» -azken honi buruz, hizkuntza idatziaren aldetik perfektua dela aitortu zuen aramaioarrak-.

«Linguae Vasconum Primitiae»ko lehen edizioko lagin bat baino ez da ezagutzen egun, Bibliotheque Nationale de France-n gordetzen dutena (beraien Gallica izeneko web atarian ikusgai dago obra, orriz orri -«`Linguae Vasconum primitiae', per dominum Bernardum Dechepare, rectorem Sancti Michaelis veteris» idatzita bilatzailean-.

«Etxepareren liburua, ale bakarra gelditu zen tokatu zitzaion egoeragatik -argitu digu irakasleak-. Garai hartan oso ondo esan eta idatziak ziren baxenabartarrarenak, baina juxtu hurrengo garaian... protestanteen eta katolikoen gatazka horretan bizitzea tokatu zitzaion. Eta ez protestante, ez kontraerreformaren jendearentzako ez zen bere obra interesgarria». Etxeparek pasarte erlijiosoez gain erotikoak ere jaso zituen bere liburuan, eta «maitasuna bera ere oso modu naturalean erakutsi edo hartzen zuen», eta kontu hauek ez ziren batere interesgarri suertatu garai berrietarako. «Batzuek, protestanteek, kaleko ziztrinkeriak zirela eta baloratzen ez zutelako, eta besteek, Axularren garai edo ildokoek, batere maitatzen ez zutelako moral laxo zabal hori». Beraz, Etxepare erreta edo, suposa dezakegunez baztertua gelditu zen, erdi debekatua-edo. «Oro har ez zen inoren gustukoa, tamalez. Bere garaiko fruitua erakutsi zuen, bere obra zoragarria da, baina bi olatu fuerteren artean egotea egokitu zitzaion, eta enbata batetik eta bestetik, azkenean Etxepare izan zen galdu zuena, bere liburuaren ale bakarra gelditzeraino, pentsa!».

Ale bakarra geratzen da beraz, eta Estatu frantseseko Liburutegi Nazionalean gordea dago, gortera, erregearen liburutegira edizio guztietatik ale bat eraman eta gordetzen hasi zirelako, «eta hori da juxtu gelditu dena».

Salaberrik argitu digunez, eta gerora Ipar Euskal Herri osoa berriro katoliko bilakatuko zen arren, protestanteek multzo bat gorde zuten, eta Joanes Leizarragaren 1571ko «Itun berriak» ale piloa ditu -erakusketan ikusgai dena Euskaltzain- diak utzia da-.

EHUko irakaslearen esanetan, XVI. mendean, gure klasikoen artean, Etxepare eta Leizarraga erraldoiak ditugu, eta XVII. mendean berriz, Oihenart eta Axular, gure literaturako mendi tontorrak, bakoitza bere estiloan kontuan hartu beharrekoak, baita ikuspuntu erlijiosoari begira ere: «Horregatik du interesa garai honek. Etxepare duzu Trento aurrekoa, kontraerreforma hasi aurrekoa, eta Leizarraga protestantea bete-betean, kalbinista. Axular duzu kontraerreformakoa, Erromako obedientziapekoa, eta Oihenart katoli- koa, baina...».

Azken honek, literaturaren ikuspuntutik, oso gauza polita prestatu zuen, atsotitzen bilduma eta bereziki berak sortutako poemak. «Interesgarria da ikuspuntu berri bat ematen ziolako garai hartako poesiari -ez da Etxeparerekin konparatzeko modukoa-, hizkuntza kultuetan egiten den poesia, homologazioa egitea proposatuko du, euskaraz hizkuntza kultuetan egiten den poesia, ez bakarrik herri poesiarekin lotua». Bere garaian bera bezalako gehiago ere bazirela utzi omen zuen idatzita, «baina tamalez bera bakarrik gelditzen zaigu, Oihenart. Gure literatura klasikoan ditugun izen handiak dira, batez ere hasieran agertzen direlako», azaldu du Salaberrik.

Erakusketan, guztira, 14 liburu erakutsiko dituzte (tartean eskuizkribua den eta argitaratu ez zen Lazarragaren lana, Bibat museoan ikusgai zena), euskal historiaren eta kulturaren eta euskararen beraren lanik esanguratsuenetarikoak, XVI. eta XVII. mendeetako bibliografiaren bitartez euskara sustatzea helburu duen erakusketan.

JALGI BEDI

Bernat Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae», euskaraz argitaratu zen lehen liburua, aurrenekoz ekarri dute Euskal Herrira, Parisko Liburutegi Nazionalak maileguan utzi baitu egun ezagutzen den ale bakarra.

HAMALAU KLASIKO

XVI. mendean, gure klasikoen artean, Etxepare eta Leizarraga erraldoiak ditugu, eta XVII. mendean berriz, Oihenart eta Axular, gure literaturako mendi tontorrak. Eta beraien liburuak izango dira ikusgai Legebiltzarrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo