GARA > Idatzia > Kultura

Down sindromeak familia batean eragiten dituen egoera tragiko- komikoak, «Etzi» antzezlanean

Asier Zinkunegi zuzendariak «Etzi» dakar Donostiako Antzoki Zaharrera, Down sindromea eta honek dakartzan baldintzak gai nagusitzat dituen antzezlana. Karlos Linazasororen liburu homonimoan oinarrituta dago.

p042_f01_97x112.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Bruno (Gorka Zufiaurre) gaztea da eta Down sindromea du. Bere gurasoekin egun-pasa irten den bitartean, etxean gelditu dira bere anaia Mattin (Asier Oruesagasti), aitona Pedro (Jose Ramon Soroiz) eta amona Natalia (Pilar Rodriguez), Brunorekin igarotako une ezberdinak oroitzen. Flashback-a medio, Brunoren pertsonaia agertzen da eszenan eta euren bizitzako atal oso garrantzitsuak agerian gelditzen dira, bilduma tragiko-komikoa osatuz. Hau da, Asier Zinkunegi zuzendariaren hitzetan, «Etzi» (dar-dar produkzioak) antzezlanaren mamia, Karlos Linazasorok idatzi eta izenburu berberaz 2007an argitaratu zuen liburuan oinarritua. Urrian Tolosan izandako estreinaldiaren ostean, ostiral eta larunbat honetan Donostiako Antzoki Zaharrean ikusgai izango da 20.00etan.

Obraren bitartez Down sindromea duen pertsonaren ezaugarriak eta bizitza agertzeaz gainera, haren familian eguneroko bizimoduan sortzen diren egoerak azaldu nahi ditu, «era hunkigarriaz, ederraz», azaldu zuen atzo zuzendariak.

Kultura da tresna

Pertsonaiak hautatzerako ordun, Zinkunegik onartu zuen hasiera batean ez zutela argi izan Brunoren papera egiteko Down sindromea zuen pertsona bat hautatu edo ez. «Atzegiren bidez casting-a egin genuen eta Gorka ezagutzean ez genuen zalantzarik izan. Gainera -erantsi zuen-, beraiei ez badizkiegu paper horiek ematen, zer gelditzen zaie?». Protagonista gustura agertu zen kamera eta kazetarien aurrean. «Ni aktorea naiz, hori da nire bizitza», zioen modu naturalenean.

«Etzi» lanarekin dar-dar konpainiak 2007an hartu zuen norabide soziala indartzen du. «Mundua hobea izan daiteke eta hori lortzeko tresna -esan zuen- kultura da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo