GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Jimenez Filosofian lizentziaduna eta editorea

Zomorro eta mozorro artean

Euskal politikagintzan aurten mozorroak inoiz baino lehenago kentzea tokatu zaie batzuei; mozorroak kendu, hori bai, barneko zomorroak argitara ateratzeko

Ez dakit aurtengoa berezia izan ote den edo aurten hasi naizen ni honetaz konturatzen: gero eta lehenago heltzen zaizkigu ihauteriak. Gabonetatik atera baino lehen inauteriak dauzkagu gainean (heldu baino hori egiten baitute: gainera etorri). Honela, aurreko astean GARAk Juan Antonio Urbeltzi egin zion elkarrizketan geure herrian hain ospe eta garrantzi handikoak diren ekitaldi horiek izan zituen hizpide.

Haren hitzetan, inauteriak edo ihauteriak ez dira, egungo zentzu komunak kontrakoa esaten digun arren, emankortasun eta ugalkortasunaren piztaile, ez dira natura iratzartzeko egiten diren saiakerak. Intsektuekin, hots, zomorroekin, eta hauek dakartzaten gaixotasunekin, eta abarrekin lotuta daude ordea. Hortik, hizkuntzan ikus daiteke garbi asko: zomorro, mozorro. Udaberriak eta udak ekarriko dutenaren aurrean daukagun beldurraren adierazle dira, nolabait. Ilustrazioak bultzatu omen gaitu, bere munduaren matematizazioarekin, geometrizazioarekin... ugalkortasunaren, oparotasunaren... irakurketa hori egitera. Modernoak gara, nonbait.

Ez gara, beraz, edo gure inkontzientea ez da, beraz, aberastasunaren egarri, ez dabil gehiegikeria besarkatu nahian, badakielako naturak bere bidea jarraituko duela eta uzta urri batekin eta gaixotasun gutxirekin konformatzen da azken batean. Gosearen eta gehiegikeriaren, betekadaren, arteko hori da lortu nahi dena. Jakinda erdiko horrek urtez urte aldaketak jasango dituela; jakinda urte batzuk bertzeak baino okerragoak izanen direla. Horkheimerrek bere etika proposatzean zioen bezala, «heroirik gabeko etika bat, ilusiorik gabeko etika bat». Onena espero beti, txarrena buruan izanda.

Espainiako -zeren Euskal Herria ez baitugu- Modernitatearen eta Ilustrazioaren seme izan edo ez -hau da, dirua, oparotasuna, aberastasuna eta gehiegikeriaren seme izan edo ez-, naturako erritmoei kasu egin gabe, euskal politikagintzan aurten mozorroak inoiz baino lehenago kentzea tokatu zaie batzuei; mozorroak kendu, hori bai, barneko zomorroak argitara ateratzeko. Diru gose eta botere gose dira batzuk, eta hori zaila da ezkutatzen. Etengabe errepikatzen diren ihauteri batzuetan, aski ohartuak gaudelako jada maskaren atzean nor ezkutatzen den: zomorroak. Mota guztietakoak, baina zomorroak finean.

Batzuek diote aurtengo zomorro izurritea Aralarko mendietatik etorri zaigula, bertzeek urruneko Himalaiatik. Munduko hiritar deklaratu direnoi, ordea, ez zaie, inolaz ere, jatorria inporta, helmuga baizik. Herri ez-moderno eta ez-ilustratuari bezala. Bestalde, batzuei izurritea izurrite ez denaren plantak egitea baino ez zaie geratzen; bertzeak, izurritea geldiezina den aitzakiaz, begira geratuko direla aitortu dute; ez-moderno eta ez-ilustratua den herriak, aldiz, dena delako tokitik etorrita ere, izurrite hau Lantzen bukatuko duela uste du. Bertan, Miel Otxinen -udaberriko, udako eta, batik bat, uzta garaiko gaizkilerik famatuenaren- figura hartuko du eta herriko plazan handinahikeriarekin, gehiegikeriarekin, botere nahi eta gosearekin, interes partikular partidistekin... identifikatuta daukan pertsonaiari bere amaia emango dio.

Moraleja: Himalaiatik edo Aralartik etorri, moderno edo ilustratu edo horietako bat ere ez, ihauterietan edo maiatzean izan, Lantzeko plazan su gar artean izango du bere bukaera Miel Otxinek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo