Sortu, herri aukera sortzeko gaitasuna
Fase politiko berrian, batik bat ezker abertzalearen eztabaida eta ekimenak zabaldutako aro honetan, ezinbestekoa da aukera politiko guztiek dagokien ordezkapena izatea, eta bazterketarik bidegabeen eta nabarmenena ezker abertzalearena da, hain zuzen. Fase hau, beraz, estadio demokratikoago batera igarota baino ezin liteke gauzatu. Baketsua, jakina, baina demokratikoagoa ere bai, eta lorpen horietan bere ekarpena egitera dator Sortu. Errepresio gordinak etengabe jota, elementuen kontra, elementu politiko, polizial eta judizialen kontra, jasotako kolpeek zaildu egin dute ezker abertzalea eta bere uste osoaren indarrak sostengaturik, bere apustuari eusteko gai izan da. Alderdi berriaren estatutuen aurkezpenaren osteko erreakzioak ez dira harrigarriak izan, estatutu horiek beste edozer esanda ere, berberak izango ziratekeen-eta erreakzio horiek. Hala ere, gehienek onartu behar izan dute, haietako batzuek gogoz kontra, Estatu demokratiko batek ez lukeela erraza izango alderdi berria legez kanpo ezartzea bere izaera demokratikoa kolokan jarri gabe.
Euskal Herriak, herri txikia izaki, herri ukatua gainera, ez du inguruko estatuen boterea. Hala ere, badu sormena, bideak asmatzeko gaitasuna. Eta ezker abertzalearen azken ibilbidea, erakunde berriaren sorrerak laburbiltzen duena, sormen horren lagina da. Ez du estatuen botererik, baina indar erakustaldi bikaina izan da ezker abertzalearen prozesua Sortu mamitu arte. Gehiena egiteko dago, ez da ahaztu behar, baina fase berriak eskatzen duen bide berriari ekiteko tresna eraginkor gisa agertu da Sortu. Poetaren bertsook maiz gogorarazten dutenez, «...horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera». Batez ere herri honen parte handi baten aukera ezabatu nahi dutenean.
Euskal Estatua da Sorturen aukera; aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala, oraingo joera neoliberalaren kontrako norabidea hartuz eta herritarren parte-hartzea bultzatuz, muga bakarra euskal herritarren borondatea duela. Eta ez dago atzera bueltarik, ez indarkeriari dagokionez, ezta helburuei dagokionez ere.