GARA > Idatzia > Mundua

FARCek gatibu dituen bost funtzionario askatzeko operazioari ekin diote

FARC talde armatuak bahituta dituen bost lagun askatzeko operazioa abian da, eta iganderako, ezustekorik ezean, etxean izango dira. Piedad Cordoba bitartekariaren esanetan, matxinatuak prest leudeke pauso gehiago emateko, bake prozesu bati ekitearren.

GARA

Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren (FARC) esku dauden gatibuetako bost aske geratuko dira aurki, bart [gaurko goizaldea, Euskal Herrian] hastekoa baitzen horiek askatzeko operazioa.

Horretarako lehen pausoa, eta Piedad Cordoba giza eskubideen defendatzailea buru duen prozesuan ezustekorik egon ez dadin, Armadaren eta Poliziaren jarduna erabat geldiaraztea izan zen, TeleSur telebista kate bolivariarrak esan zuenez.

Askatuko dituzten bost lagunetatik bi zinegotzi ohiak dira, eta gainerako hirurak, segurtasun indarretako kideak. Aurreikusi dutenez, igandera arte iraungo du prozesuak, eta Kolonbiako oihaneko toki desberdinetan askatuko dituzte bahituak.

Gerrillari taldeak iragan abenduan iragarri zuen bost funtzionarioak askatuko zituela, alde bateko erabaki baten ondorioz, Piedad Cordoba senatari ohia kargugabetzearen aurkako protesta gisa.

Astelehenean, Cordoba, Kolonbiarrak Bakearen Alde elkarteko presidente dena, Brasilera joan zen, operazioan parte hartuko duten helikopteroak gurutze gorri batez identifikatu eta mediku-laguntza prestatzeko lanak ikusteko.

Brasilera abiatu aurreko orduetan baikor agertu zen Cordoba: «Operazio honen arrakasta, Kolonbian bakea lortzeko aukera baten hasiera da». Bere ustez, hemendik abiatuko baita negoziazio prozesua, ekainerako bahitu guztiak aske gera daitezen. «Bakerako bidea hasi dugu: urtearen erdialderako, denak bizirik eta aske izango dira», gaineratu zuen.

2008ko urtarriletik, matxinatu taldeak 14 lagun askatu ditu aldebakarreko erabakien ondorioz, tartean politikariak, soldaduak eta poliziak. Operazio horietan guztietan Cordobaren lana berebizikoa izan da.

Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak positibotzat jo zuen bost bahituen askapena, baina gainerako guztiekin ere gauza bera egiteko exijitu zien gerrillariei, indarkeriaren amaiera ekarriko duen elkarrizketa prozesua hasiko bada.

«Gobernuak aintzat hartzen du datozen orduotan gertatuko den bost herritarren askapena, baina hori nahikoa ez dela esan behar dut, kolonbiarrok gatibu guztien berehalako askatasuna exijitzen dugu», nabarmendu zuen Santosek, agintean daramatzan sei hilabeteak baloratzeko egindako agerraldi batean. Egun batzuk lehenago, agiri baten bidez, gatazka armatuari konponbidea emateko zabaltzen ari den aukera galtzen ez uzteko deia egin zioten gerrillariek Santosi.

BORONDATEA

Piedad Cordoba senatari ohi eta bitartekariak igandean esan zuenez, FARC taldea prest legoke ekainerako bahitutako guztiak askatzeko, bake prozesu bati ekiteko keinu gisa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo