Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren aurrediseinua mahaigaineratu du Baterak
Aspaldiko eskakizunari, eta batez ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gizarteak lurraldea egituratzeko gero eta ozenago agertu duen nahi eta beharrari bide emateko, Lurralde Elkargoaren proposamena kaleratu du Baterak. Eztabaida «irekia eta premiazkoa» dela adierazi du.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Duela hilabete batzuk agindu bezala, Batera plataformak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko lituzkeen Lurralde elkargoari buruzko zirriborroa aurkeztu zuen atzo, Baionan.
Lehenik eta behin argi utzi zuten proposamen «irekia» dela, «eztabaida sustatzeko tresna» izatea duena helburu. Izan ere, Estatu frantsesak iaz onartu zuen tokiko erakundeen erreforma, eta indarrean jartzeko hiru urte falta direnean, «une ezin egokiagoa» dela deritzote eztabaida plazaratzeko.
Datozen hauteskundeetan aukeratutako kontseilari nagusiak azkenak izango dira, hain zuzen, erreforma horren ondorioz; eta hiru urte barruko antolaketa zer-nolakoa izango den guztien ahotan dabilen gaia da.
Estatuko hainbat herrialdek ere (Bretainia, Alsazia, Savoia...) antzeko hausnarketa sakonari buru-belarri heldu dietela jakinarazi zuen Panpi Dirassarrek.
Eskaera «sustraitua»
Erreforma horren arabera, Ipar Euskal Herriak egun duen «egituratze urria ere» (pays delakoa) desagertu egingo litzateke, «edo, bederen, sinbolikoa bilakatuko da» esan zuen Martine Bisauta Baionako zinegotziak, eta horrek «hamabost urte atzera egitea» adieraziko lukeela nabarmendu zuen.
Euskal lurraldeen erakundetzearen eskaera azken urteotan «biziki sustraitu» dela uste dute Baterako kideek, bai herritarren artean, bai esparru politiko eta sozialean.
Bere egitasmoa azaltzeko joan den urteko maiatzetik azarora plataformak kontseilari nagusiekin izan dituen hartu-emanetan ere, lurralde elkargo baten errebindikazioak duen «sinesgarritasuna» egiaztatu duela gaineratu zuen.
Horiek horrela, hiru lurraldeak jasoko lituzkeen esparru juridiko eta administratiboaren gaineko eztabaida zabaltzea «saihestezina» bihurtu da Bateraren ustez.
Proposamenaren aurkezpenak egingo dituzte datozen asteetan, eta martxoan kantonamenduetako bozetan aurkez- tuko diren hautagaientzat, berriz, aurkezpen berezia egingo dute Ezpeletan, otsailaren 26an.
Erakunde, hautetsi eta oro har gizarteari eztabaidan parte hartzeko deia egin zieten, «behingoz, Ipar Euskal Herriak egitura asegarria, eskumenduna eta iraunkorra» izateko premia duela berretsiz.
Ipar Euskal Herria «juridikoki aitortua izan dadin», Baterak Korsikako Lurralde Elkargoaren estatus berezia hartu du eredutzat, «betiere Euskal Herrira egokitua», Nicolas Blainek esan zuenez.
Horrela, egituraketak izan beharko lituzkeen gutxieneko batzorde berezituak edota lurraldeko erakundeen arteko koordinazioa eta Akitaniako eskualdearekin izan beharreko harremana eta lotura aipatzen ditu zirriborroak.
Eskumen mailan, berriz, Euskal Lurralde Elkargoak «gutxienez egungo Departamentuak dituenak» izan beharko lituzke. Akitaniako Kontseiluak ere batzuk -adibidez, kultura- transferitu beharko lituzke. Gutxieneko eskumen horiek zerrendatu ditu plataformak, horien artean, energia, Baionako portuaren kudeaketa, ura, euskara, «mugaz gaindiko» harremanak, lurralde antolaketa eta hezkuntza. A.M.