GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Madrilerako bidean

Sortu sortu zuten egunsentia

Pancorbo, Quintanapalla, Cogollos, Milagros, Boceguillas... Aski ezaguna den bideari ekin diote, beste behin ere, Euskal Herritik abiatutako bi autok. Baina arras ezberdina izango da bidaia, xumea baino ilusioz betea. Sortzera doaz Madrilera. Sortu sortzera.

p005_f01.jpg

Ramon SOLA

Burgos, Segovia, Madrilgo toponimia bitxia ezagunegia zaie euskal hiritarrei. Askotxo direlako bertako kartzeletara urtez urte egindako bidaiak, bai eta Madrilgo Auzitegi Nazionalera gastatutakoak ere. Helmuga ondoko kalean da gaurko honetan: Amador de los Rios izenekoan, Barne Ministerioko erregistroan. Helmuga baino, helburua da bidaia berezi egiten duena: sortze-bidaia da haiena.

Historikotzat jo daiteke eguna -denborak esango du-, baina apaltasunez ekin diote bideari euskal hiritarrek. Zalaparta handirik gabe, bi auto baino ez: horietan, Sortu-ren hainbat bultzatzaile, lagun batzuk eta Alex Maskey. Urduritasunik gabe: «Lasai, lasai goaz», errepikatzen die Iñaki Zabaletak gainerakoei, goizeko bostak jota direla, Gasteizko gasolindegi batean. Eta protagonismorik gabe: «Gu laguntzeko baino ez gaude -ahobatezko iritzia da hau-. Egoera oso garrantzitsua da eta lagundu egin nahi dugu, baina adi!, protagonista gizartea da, ez gu».

GARAk ere beraiekin egin nahi izan du bidaia. Etorkizunerako bidaia. Iluntasunetik argitasunera, orduak agintzen duen bezala. Ohi baino arinago pasatzen dira kilometroak, gaua oraindik itxia delarik: Miranda de Ebro, Pancorbo, Quintanapalla, Burgos, Briviesca...

Segovia aldean, argia sumatzen da ostertzean. Alderdi berriaren irudian bezala, hastear dago eguna: «Izena gustatu egin zaio jendeari, lehenengo kol- pean ez bada, bigarrenean. Sor-tu», ahoskatzen dute poliki-poliki. Irlandako laguna ere txundituta agertzen da esanahi bikoitza azaltzen diotenean: jaio eta egin, eraiki... «Norbera sortzen da, baina norberak ere sortzen du -erantsi du Zabaletak-. Intransitiboa eta transitiboa da. Ezberdina iruditzen zait, modernoa, gaztea».

Zorionak

Asteartean Bilbon egindako prentsaurrekotik pozik datoz. Kazetariek alderdia errespetuz eta arretaz hartu dutela ikusi dute (Madrilen bestelako harrera izango zuten gero). Eta gero jasotako erantzunak ere alai ditu. «Ez dugu kalea gehiegi zapaltzeko astirik izan oraindik, baina telefono deiak jaso ditugu, eta guztiak txalotzeko izan dira», nabarmentzen dute guztiek, salbuespenik gabe.

EAJ alderditik gertu dagoen baten baten zorionak ere ez direla falta izan aipatu du Zabaletak. Arretaz aditzen du Maskeyk eta irribarre erdi bat agertu zaio aurpegian. Geroxeago azalduko du zergatia. Badaki jelkideen Irlandako aliatuek -«John Hume-ren alderdikoak», esan digu, kokapen politikoa egiteko- EAJ ohartarazi dutela ezker abertzalearen aurka. «Duela gutxi ezker abertzaleari ezin zaiola ezer sinistu esana du Margaret Ritchiek, oraingo buruzagiak -esan du Maskeyk-. Arrazoia begi-bistakoa da: beraiei Sinn Féin-ek boz piloa kendu die, eta EAJri gauza bera gertatuko zaiola uste dute». Euskaldunak dira orain autoan arretaz entzuten dutenak.

10.00ak dagoeneko, eguzkia goranzko bidean, Madrilgo kaleetan oztoporik ez. Colon plazaren ondoan kafetxoa azkar batean... eta barrura. Barne Ministerioaren sarreran dozenaka kamera pilatu dira ezezagun horien zain. Batzuk goiz-goizetik daude hor, 8.30etik, erregistroa zabaldu baino lehenagotik, beraz.

Oinez iritsi dira euskal herritarrak eta nazioarteko lagunak, eta argazkilarien aurrean minutu batez gelditu dira, hauek eskatu bezala, gogo onez. Hamar minutu igaro eta flashen zarata entzuten da berriz. Sortu-koak kalean dira, alderdi berriaren inskripzioaren egiaztagiria eskuetan dutela. Irribarretsu erakusten dute. Sortu sortu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo