Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea
Euskal Herri euskalduna berrezartzea
Jean Louis Calvet soziolinguistak dioen eran, bere hizkuntza berrezartzeko gai ez den herriak, independentzia politikoa eskuratuta ere, ez du askatasunik lortzen, hizkuntz menderakuntzaren bidez «kolonia» izaten jarraitzen baitu sozialki, kulturalki eta ekonomikoki, beste forma batean bada ere
Hizkuntza politika berriaren garaia. Hizkuntzak erabili edo ez erabili egiten dira. IV. azterketa soziolinguistikoaren arabera, EAEn, 10etik 2 euskaraz egiten da; Nafarroa Garaian, 10etik 1; eta Ipar Euskal Herrian, 10etik 1. Jaurlaritzaren 2005-2009ko egitasmoaren joera negatiboak: «euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman», «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «hizkuntza gutxitu batek atzera egiteko arriskua berezkoa du». Unescok berriro ohartarazi du euskara galtzeko arriskuaz.
Horiek dira hizkuntz politiken datuak, ia hogeita hamar urteren ondoren. Lorpen partzialak ukatu gabe, ez gaude irakurketa triunfalistarik egiteko, gutxiago etsipenean erortzeko; baina hizkuntza politika horiek ez dute balio Euskal Herri euskalduna berrosatzeko. Normalizatzen ez duten politika horien atzean, Hego Euskal Herrian, PSOE-EAJ oinarrizko adostasuna eta UPNren euskararekiko aurkakotasuna daude. Lopezen adierazpenek Jaurlaritzaren ikuspegi neokolonizatzailea nabarmentzen dute: «La lengua siempre fue compañera del imperio» (Nebrija, 1492); horrenbestez, Euskal Herri euskalduna berrezartzea debekatuta dago.
Mendeetako debekuen ondoren, iritsi da minorizatze aroa bukatzeko garaia. Eredu soziolinguistiko menderatzailea eraisteko eta arriskua aukera bihurtzeko unea heldu zaigu.
Herri gogoa indartzea. Alboko bi estatu espantsionarioek euskararen erabilera, ezagupena eta motibazioa etengabe murriztu dute. Bortxazko asimilazio horrek Euskararen Herria txikitu du: euskaraz bizitzeko ohitura ezin bizi izatea, bere balio naziogilea galtzea, balio sinbolikoa hartzea eta, euskararen kontzientzia eta jarrera ahultzea ekarri ditu.
Ezinbestekoa da, beraz, aro politiko berrian euskal herritarren jarrera zibikoa eta politikoa indartzea; alderdi politikoen eta eragile sozialen ideologian eta praktikan Euskal Herri euskaldunaren berrezarpena errotzea; guztiek euskaraz bizitzeko konpromiso nazionala hartzea; herri gogoa baita aldaketa soziolinguistikoen motorra, euskara euskal herritar guztion hizkuntza nazionala izan dadin. Atzera bueltarik gabeko bidea hartu behar dugu, euskaraz biziko den Euskal Herri euskaldunerantz. Aitzakien denbora bukatu da.
Hizkuntza bakoitzak bere lekua du eta euskararena Euskal Herria da. Pentsatzen dut hori dela askatasunaren oinarri ezinbestekoa. Integrazioa lortzeko modurik egokiena hizkuntza komunitate bakoitzaren garapen osoa bermatzea da bere lurralde historikoan. Euskararik gabe ez baita euskaldunik eta euskaldunik gabe ez baita Euskal Herririk. Aukera bakarra baita euskaldun osoak izateko, kultura unibertsala euskal kulturaz elikatzeko eta munduko hizkuntz aniztasuna bermatzeko. Euskaraz biziko den Euskal Herri euskaldunak ez du arriskuan jartzen gutako bakoitzak dugun erdara, ezta erdaren garapen osoa euren lurraldeetan ere.
Jean Louis Calvet soziolinguistak dioen eran, bere hizkuntza berrezartzeko gai ez den herriak, independentzia politikoa eskuratuta ere, ez du askatasunik lortzen, hizkuntz menderakuntzaren bidez «kolonia» izaten jarraitzen baitu sozialki, kulturalki eta ekonomikoki, beste forma batean bada ere.
Euskal Herri euskalduna berrezartzea. Euskarari Europako estatuen hizkuntz ofizialen berdintasunezko estatusa, legeak eta hizkuntz politikak ukatzen zaizkio. Baliabide horiek ukatzearen inpaktuak iraupen luzeko eragin asimilatzailea du: deseuskalduntzen duen aldi berean, gaztelania edo frantsesa inposatzen du Euskal Herrian. Hala, euskaldunok ezin dugu naturaltasunez euskaraz bizi geure herrian, euskaraz ez dakitenek ulertzen ez gaituztelako.
Konstituzio espainiarrak gaztelaniarentzat exijitzen duena lortzeko, «Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza ofiziala. Herritar guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute» esan behar du Euskararen Legeak. Asimetriak gainditu eta berdintasuna lortzeko beharrezkoa da indarrak biltzea, eredu berri baten norabidean tresna politikoak, juridikoak eta neurri soziolinguistiko berriak demokratikoki erabakitzeko Euskal Herrian, bi estatuen esku-sartzerik gabe. Hori egin ezean, ez litzateke erreala izango Euskal Herri euskalduna berrezartzeko aukera.
Beharrezkoa da gizartearen erdigunea ausardiaz hartzea, Euskal Herria lideratzeko programa egoki baten bidez. Horretarako, gaurdanik, euskarazko jarduna zabaltzearen eta euskaldun norbanakoaren estatusa lortzearen alde borrokatu behar dugu; euskaldun orok euskaraz bizi ahal izan dezan Euskal Herri osoan askatasunez. Eta abiaburu horretatik, gradualtasunez, malgutasunez eta progresibotasunez, euskararen lurraldetasun printzipioa bideratu behar da, euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna berrezartzeko.
Otsailaren 12an, Donostiara. Orain, premiazkoa da guztion hizkuntz eskubide horiek kalean, erakundeetan eta inguru hurbilean defendatzea. Gotzon Garatek esan bezala, estatuak ez du automatikoki euskararen biziraupena bermatuko, baina estaturik ezak ziurra dauka euskararen heriotza. Horregatik, datorren otsailaren 12an, Euskal Herrian Euskaraz taldeak deitu duen manifestazioarekin bat egitera eta ahal duten herritar guztiak bertan parte hartzera animatu nahi ditut. Euskal Herri euskalduna berrezartzeko beharrezkoa baita «euskaldun eta burujabe» jokatzea, maila pertsonalean, sozialean eta globalean.