GARA > Idatzia > Kirolak

ESKIA

Paul de la Cuesta ez da ongi hasi Alemanian

p045_f02_777x777.jpg

GARA | GARMISCH-PARTENKIRCHEN

Paul de la Cuestak ez du nahi bezain estreinaldi ona izan egunotan Alemaniako Garmisch-Partenkirchen eski-estazioan jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Eskiatzaile donostiarrak Super Erraldoian hartu zuen parte, baina ezin izan zuen bere jaitsiera amaitu.

Azken egunetako eguraldi hotz eta lehorra ikusita, gauza jakina zen Kandahar izenez ezagutzen den pista zeharo izoztuta egongo zela, are gehiago proba goizeko hamaiketan hastekoa zela kontuan izanda. Baina bezperako adierazpenetan esandakoaren arabera, De la Cuestak ez zuen txartzat jotzen egoera hori, sailkapenean postu hobea lortzeko aukera izan baitzitekeen beretzat. Azkenean, ordea, bihurgune batean kontrola galdu eta ezin izan zuen helmugara iritsi.

Zorionez, kirolari gipuzkoarrak beste hiru aukera izango ditu oraindik bere maila erakutsi ahal izateko. Larunbatean jaitsiera proban hartuko du parte, astelehenean Super Konbinatuan, eta hurrengo ostiralean Eslalom Erraldoian.

Innerhofer italiarra txapeldun

Atzoko probari dagokionez, garaipena Christoph Innerhofer italiarrarentzat izan zen, Hannes Reichelt austriarrari eta Ivica Kostelic kroaziarrari aurrea hartuz. Innerhofer 26 urteko eskiatzailea da eta laugarren amaitu zuen iaz Vancouverreko Olinpiar Jokoetan, brontzezko domina lortzetik zortzi ehuneneko eskasera. Munduko Kopako bere lehen garaipena -bakarra orain artean- Bormion lortu zuen orain dela bi urte, eta atzoko urrezko domina italiarrek aurtengo neguan lortu duten lehen garaipena izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo