GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Kopako zozketa

Inork nahi ez zuen aurkaria egokitu zaio San Antoniori

Lehen kanporaketa Ciudad Real ahalguztidunaren aurka jokatu beharra kolpe gogorra izan dela onartu du Juanto Apezetxea entrenatzaileak.

p046_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Koparako sailkatzea kostatu zitzaionaren ondotik, izan zezakeen lehen kanporaketarik zailena egokitu zaio San Antoniori. Apirilaren 6tik 10era Vigon jokatuko den txapelketan Ciudad Real ahalguztidunaren aurka lehiatzea egokitu baitzitzaion atzo egindako zozketan. Dena dela, Kopa da ezustekoak emateko lehiaketarik aproposena eta egungo Asobaleko txapelduna den taldeak -aurten bigarren dago sailkapenean- lehiaketa hau ez du oso gustuko. 2007-2008 denboraldian irabazi zuen azken aldiz eta hori 5 liga eta Europako 3 txapelketa dituen klub batentzat denbora asko da.

Horren guztiaren jakitun, Juanto Apezetxea iruindarren entrenatzaileak, ez zuen ezkutatu zozketaren emaitzak nahiko kopetilun utzi zituela. «Koparako sailkatzea guretzat lorpen ikaragarria izan zen eta ilusio handia geneukan lehiaketa honekin, baina lehen kanporaketako aurkaria Ciudad Real izango dela jakiteak sekulako nahigabea eragin digu, oso aurkari zaila delako eta oso aukera gutxi uzten dizkigulako», adierazi zuen.

Argi dago atzoko zozketan Ciudad Real bera eta Bartzelona zirela inork nahi ez zituen aurkariak, baina San Antonioko entrenatzaileak, aukeran, nahiago zukeen egungo Asobaleko liderren aurka jokatu. «Ez dugu batere zorterik izan, bi zerrendaburuen artean nahiago nukeen Bartzelonaren aurka jokatu, ligako partidan lanak eman genizkielako. Ciudad Real, bestalde, aurkari oso indartsua da eta zozketak nahikoa desanimatuta utzi gaitu», azaldu zuen.

«Europako onenak»

Ligan Ciudad Realen jokatutako partidan 30-22 galdu zuten iruindarrek eta han ikusitakoaren arabera, argi dauka Apezetxeak: «Europako talderik onenaz ari gara. Bere atezainek, defentsak eta kontraerasoek akabatu egiten zaituzte, baita euren pibotarekin egiten duten jokoak ere. Beraz, zerbait asmatu beharko dugu irabazi nahi badiegu. Hala ere, talde ausarta gara eta aurkari oso zaila dela ondo dakigun arren, indar guztiak xahutuko ditugu partida horretan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo