Filipinetako Gobernuak eta MILFek bake elkarrizketa berrabiarazi dute
Azken lau hamarkadotako gatazka armatuari amaiera emateko beste aukera baten atarian daude filipinarrak. 2008an porrot egin zuen saiakeraren ondotik aurrenekoz, Gobernuak eta Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak (MILF) atzo elkarrizketari heldu zioten berriro.
Eric SAN JUAN (EFE)
Manilako Exekutiboak eta Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak (MILF siglak, ingelesez) batzarra izan zuten atzo Kuala Lumpurren, lau hamarkadetako gatazkari elkarrizketa eta akordio bidezko konponbidea ematen saiatzeko.
Malaysian egin zuten batzarra, herrialde horrek bitartekari lanean diharduelako 1997az geroztik, Marvic Leonenek, Gobernu filipinarraren ordezkariak baieztatu zuenez. Iaz Benigno Aquinok presidentetza hartu zuenetik lehen elkarrizketa saioa da.
«Filipinarrak zentzurik gabeko borrokaldi armatuaz nekatuta daude, beren herrikideak inora ez daraman gatazka batean murgilduta ikusteaz», adierazi zuen Aquinok, Manilan eginiko ekitaldi batean.
«Garaia da»
Agintariak jendaurrean nabarmendu zuenez, «zalantzak eta desadostasunak baztertzeko garaia da, Gobernuaren eta [herrialdearen hegoaldean diharduten] gerrillen arteko akordio bat erdiesteko».
Benigno Aquino buru duen Gobernuaren lehentasuna da bake prozesu bat bideratzea, Gloria Macapagal Arroyo aurreko presidentearen agintepean egindako saiakerek ez baitzuten emaitza onik eman. Azken saiakerak 2008an huts egin zuen, Justizia filipinarrak uko egin ziolako eskualde musulmanari autonomia maila handiagoa emateari.
Orduan, errebelde musulmanek zibilak zein militarrak helburu zituzten zenbait eraso eginez erantzun zuten.
Aurreikusten denez, eskualdearen autonomia eta egun jardunean dauden 12.000 gerrillarien bergizarteratzea izango dira berriz ere elkarrizketen ardatzak.
2008ko porrota Elizaren eta diputatu katolikoen oposizioak eragin zuen. Baina Aquinok hauteskundeetan bildutako babesak bidea erraztu dezakeela uste dute analistek. Gainera, azken hilotan azaldu duenez, agintaria prest legoke Konstituzioan aldaketak egiteko, eskualdearen estatus berrira egokitzeko.
Era berean, talde matxinatuak ere zenbait keinu egin ditu. Musulmanak nagusi diren probintzien independentziarako aldarrikapena baztertu dute, esplizituki inoiz egin ez dutena.
Talde errebeldeak aditzera eman duenez, gaitasun legegile propioa luketen probintzien autonomia nahi dute hegoaldeko probintzia horietan, baina Filipinako Estatuaren parte izateari utzi gabe.
Azken hilabeteotan, konponbidearen eta elkarrizketaren aldeko jarrerak, MILF taldearen barruan zatiketa txiki bat eragin du. Banatutakoek eginiko erasoek hogei bat hildako utzi dituzte azken asteotan.