1937ko bonbardaketak, egungo bizkaitar gazteen begietara
Bizkaiko Aldundiak «Gernika Bizkaia, 1937-2012» ekimena jarri zuen atzo abian, orain 75 urte jazotako bonbardaketak egungo gazteen begietatik ezagutzera emateko. Belaunaldi arteko egitasmoak, herriz herri osatutako lan taldeek burutuko dute, eta «zer gertatu zen?» barik, «nola bizi izan zenuten, zer sentitu?» galdera du ardatza, datuak ez ezik sentimenak bildu nahi ditu-eta, belaunaldi gazteenek beren etxeko zaharrenei itaunak egin eta lekukotzak bilduz.
Anartz BILBAO | BILBO
1937an Bizkaiko hogeita hamar herri baino gehiagok jasan zuten bonba erasoa, sarritan isilean gordetako gertakariak badira ere, erasoak izan ziren herrietan bertan. Eta orain, duela 75 urte gertatuak argitara eman nahi ditu Bizkaiko Aldundiak, herri bakoitzean bertan osatuko diren lan taldeen bidez.
Aldundiak atzo aurkeztu zuen Josune Ariztondoren esanetan «asmo handikoa» den ekimena, helburu nagusia duena «Bizkai osoak ezagutu, eta gure memoria historikoa ez galtzeko, barruratua izatea». Horretarako, gazteek lekukotzak askatuko dituzte, gordeta eduki dituzten zaharrei itaunduta. «Eta presa dugu, ez dago zergatik esan beharrik», Ariztondok aipatu zuenez.
Ekimenak urtebete iraungo du -datorren urtean bonbardaketen 75. urtemuga beteko baita-. Hasteko, gazteenen iritziak eta ikuspegiak jaso nahi dira, gertatutakoa zuzenean bizi izan zutenen lekukotzekin alderatzeko; eta horretarako, dokumentazio egiaztatua izango dute eskura, 36ko Gerrako gorabeheren berri izan dezaten.
Lehen fasean, garai horretan Bizkaiko herri bonbardatuetan gertatu zena gizarteratu nahi dute; batzuetan, lekukoak oraindik bizirik dira, eta beste batzuetan aldiz inor ez da jada gertatutakoaz gogoratzen. Bigarren fasean, parte-hartze taldeen arteko topaketak egingo dituzte, jasotakoak bateratu eta bistaratzeko; eta hirugarrenean, bukatzeko, 1936-1937 bitartean Bizkaiak jasan zituen bonba erasoetan oinarritutako dokumentala egingo dute, collage tankerakoa.
«Helburua 37ko Gerrak eta herritarren gaineko bonbardaketek gazteen kontzientzian sortzen dituzten sentimenduak gazteek eurek azaltzea eta gizarteari aurkeztea da, Oroimen Historikoa lantzeko eta gure iragana berreskuratzeko modu berri bat sortzeko beharrari erantzunez».
«Gernika-Bizkaia, 1937-1912» ekimenak belaunaldien arteko topagune bihurtu nahi du, sarritan etxeko zaharrenek seme-alabei isildu zietena ilobei konta diezaieten, gero gazte jendeak gustuko dituen euskarrietan eman ditzan, metodologia parte-hartzaile eta aktiboa baliatuta.
Dokumentala
Egitasmoaren gidarietako bat Egoitz Rodriguez Olea dugu. Besteak beste, 2006an «Betizu» zuzendu zuen galdakoztarraren esanetan, bonbardaketak pairatu zituzten herri nagusietatik aparte ezer gutxi dakigu gertatutakoaz, eta dakiguna, «datu hotzetan» baino ez. «Guk, ordea, sentimendua, bizi izandakoaren emozioa ezagutu nahi dugu, bizipen hori bideratu; eta hortik abiatuta gertaerak ezagutu». Beraz, «zer jazo zen?» baino «nola bizi izan zenuten, zer sentitu?» litzateke luzatu beharreko itauna.
Rodriguezek argitu zuenez gainera, diziplina artistiko ugari baliatu nahi dituzte egitasmoa gauzatzeko, eta forma berrien bitartez, «diskurtsoa berregin eta gazteen guneetara hurbildu». Besteak beste, sare sozialak erabiliko dituzte horretarako.
Lan taldeei bideo kamera digitalak utziko dizkiete, Ariztondok azaldu zuenez. Eta gero, zuzendari galdakoztarra arduratuko da burututako lanak gordinik jasotzeaz, bakoitzetik interesgarriena hartu, eta guztiak uztartuta, datorren urtean ikusi ahal izango dugun dokumentala sortzeko. Honakoa izango da azken emaitza, zabaltzeko EiTBren laguntza izango duena.
Lagin eta adibide gisa, atzo bertan iragarki bat ikusi genuen aurkezpenean, besteak beste lekukotza zuzen bat jasotzen duena, Jose Antonio Olea durangarrarena.
Gernika, Durango, Otxandio eta Bilbo dira akaso ezagunenak, baina Bizkaiko hogeita hamar udalerri baino gehiago izan ziren hegazkinez bonbardatuak 1937an: Elorrio, Galdakao, Sestao, Zornotza, Plentzia, Mungia, Getxo, Zeanuri, Markina...
Atzo aurkeztutako ekimenak belaunaldi ezberdinen artekoa izan nahi du, eta gazteei zuzenduta dago, gertatutakoaren gaineko iritzia eman dezaten. Eta horretarako ezinbestekoa dute lehenbizi zer jazo zen jakitea, besteak beste, lekukotzen bitartez.
Lekukotza zuzenaren adibide, Jose Antonio Olea izan genuen atzo aurkezpenean. Durangarrak umea zela jasan zuen etxeko sukaldea leherrarazi eta anai-arrebak hil zizkion bonbardaketa. Oraindik ere hegazkinak sumatzen dituenean gora begiratzen duen gizonak aitortu zuenez, «etxeak aurrera ateratzen nahiko zeregin zegoela-eta, gerraz gutxi hitz egin zen» gerora, eta «komeni da horrelako ekimenak egitea, ez ezagutzea tristea da-eta». Olea eskoletara testigantza ematera joana da inoiz, «oso pozik». 36ko Gerra ulertarazten saiatzen da horrelakoetan, goseari eta garaiko eskola zein heziketa sistemari buruz galderak egiten dizkion haur multzoari. «Gerra guztietan dago heriotza, baina ordukoan bando bietan borrokatu ziren familia berekoak ere baziren» oroitzen du goibel, eta hunkitu egiten da. «Egin ahalegina bakerako», esaten die aurrean dituen entzuleei. A.B.