Helburuak lortzeko elkartzeak duen garrantzia nabarmendu dute Eskenak-en 15. urteurrenean
Produkzio eszenikoen enpresak batzen dituen elkartea da Eskena eta atzo ospatu zuen hamabosgarren urteurrena. Hamabi enpresekin hasi zen elkarteak urte hauetan bikoiztu egin du bere kide kopurua.
GARA | ZORNOTZA
Eskena, Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak bere sorreraren hamabosgarren urteurrena ospatu zuen atzo Zornotzako Zelaieta zentroan. Hamabi kiderekin hasi zen elkarte honek 24 antzerki konpainia eta ekoizle biltzen ditu egun eta bere zeregin nagusia «ikuskizunen mundua egituratu eta agertokiko sorkuntza garatzeko baldintzarik onenak bilatzea» izan da hamabost urte hauetan.
Atzo ospatutako ekitaldian, elkartearen sortzaile eta bultzatzaileen lana goraipatzeaz gain, gaur egungo egoera eta etorkizuna azpimarratu zuten elkartearen zuzendaritza-batzordeko kideek. Gaur egungo ordezkariek elkarteko eragileen «ahalegina eta dedikazio profesionala» nabarmendu zituzten, kide horiek «onena eman dutelako Euskadiko Arte Eszenikoen defentsa kolektiboa egiteko».
Eskenako lehendakariak, Pio Ortiz de Pinedok, ordezkatzen duen elkartearen eredu, enpresak biltzearen garrantzia azpimarratu zuen. Bestalde, gaur egungo egoerara heldu izanak, egiturak sendotzeko, elkarteko kideak berritzeko eta elkarren arteko ekimenak garatzeko balio izan duela ere azaldu zuen. «Azken hamabost urteetan bakoitzak bere aldetik jo balu, ez ginateke egongo gauden tokian», esan zuen Ortiz de Pinedok.
Harremanak sustatuz
Hamabost urte hauetan, arte eszenikoak bultzatzeko, hainbat ekimen abiatu ditu Eskenak: «Erakundeekin eta arloko gainerako eragileekin etengabeko harremana ahalbidetzea; afiliatuen interesak ordezkatzea, babestea eta sustatzea; eta, azkenik, afiliatuen arteko elkartasuna sustatzea».
Eskenak egun biltzen dituen konpainia eta ekoizleak honakoak dira: Ados Teatroa, Agerre Teatroa, Ez dok hiru-Bikoteatroa, Gaitzerdi Teatroa, Golden Apple Quartet, Gorakada, Hika Teatroa, Hortzmuga, Julio Perugorria, K Producciones, Kanpingags, Kukubiltxo, Maskarada, Panta Rhei Antzerkia, Pikor Teatro, Porpol Teatro, Simulacro Teatro, Tanttaka, Taun-Taun, Teatro Paraiso, Tentazioa, Traspasos Txalo eta Vaiven.
1999az geroztik, Zornotzako Zelaieta kulturgunean bertan izan du egoitza elkarteak eta Udalari eskertu nahi izan zioten orain arte eskainitako laguntza. Hemendik gutxira Bilboko Harrobia zentrora pasatuko dira.
Pio Ortiz de Pinedok, Eskenako lehendakariak esan zuenez, gaur egungo egoerara heldu izanak, egiturak sendotzeko, elkarteko kideak berritzeko eta elkarren arteko ekimenak garatzeko balio izan du.