GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Bake garaietarako, borroka kantuak proposatzen ditu Banda Batxoki taldeak

Banda Batxokik estudioko hirugarren diskoa argitaratu berri du MusikHerria diskoetxearen babesean. «Bake garaietarako borroka kantak» izeneko lanean hemeretzi kantu bildu dituzte, tartean Tijuana in Blue, O.K. Korral eta Franco Battiato musikari italiarraren bertsioak. Diskoa Creative Commons lizentziapean plazaratu dute eta salmenten bidezko irabazien zati bat Eguzki irratiak jasoko du. Vallecasen joko dute bihar, Euskal Herriarekiko Elkartasun Astean.

p046_f01_203x116.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

2002an Txantrea auzoko txoko batean musika talde bat sortzeko ideia zoroa bururatu zitzaienean, oholtza gainean hamarkada bat betetzea gutxik sinetsiko zuten. Musika talde gehienak bezala, musika tresnekin zuten harremana hutsa zen. Hutsaren hurrengoa. Ozen esan daiteke, Banda Batxokiko kideak autodidakta hutsak direla: bateria kolpe bakoitza, baxuaren erritmo oro, eta gitarra jotzeko era, pentagrama batean baino, ilusioaren melodietan topatu izan baitute. «Beti esan dugu futbolzaleak ez garela, eta horregatik igande arratsaldeak beste modu batean betetzeko asmoz, punk-rock talde bat sortzea bururatu zitzaigula», azaldu digu Sergio Iribarren Kakok, taldeko abeslarietako batek.

Taldea sortu zela hamarkada bete den honetan heldu da «Bake garaietarako borroka kantak» diskoa, taldearen estudioko hirugarren lana. Honakoa ez da ohiko disko bat, barneratu dituzten hemeretzi kantuen artean, berriz grabaturiko kantu zaharrak, azken hilabeteetako sorkuntza berriak, bitxikeriak eta bertsio mordo bat batu dituztelako. Izan ere, bertsioak beti izan dira Banda Batxokiren identitate puntu bat. Argitaratu dituzten disko guztietan topatu ahal dira kantuen moldaketak, eta zuzenekoetan ere erabiltzen dute baliabide hori.

Disko berria ere, bertsio batekin abiatzen dute: Tijuana in Blue taldearen «Inconsciente colectivo intergeneracional» kantua. Talde mitikoari buruz galdegitean, Kakok honakoa erantzun du: «Musika tresnekin zarata ateratzeaz gain, ikuskizun bat egitea izan da beti gure helburua: mozorroa, kuñak, pegatak. Hala ere, mozorroen kontua ez zen Tijuanagatik izan. Oso gazteak gara garai horietaz oroitzeko».

Baina Tijuanaren kantua ez da disko honetan topa daitekeen moldaketa bakarra. «Bertsioak egitearena halabeharra izan da guretzako. Musika tresnak menderatzen ikasteko balio izan digu, gero, gure kantuak egiten hasteko. Gainera, nolabait, gustuko ditugun zenbait musika taldeei omenaldi txiki bat egiteko ere balio izan digu. Baina gu Banda Batxoki gara eta miraririk ezin digu inork eskatu», adierazi digu irribarrez. Bide horretan, diskoan, Pottoka, O.K. Korral, edota Franco Battiatoren kantuen moldaketak entzun daitezke, Bandaren beraren kantuekin tartekaturik.

Kuriosoa egiten da musikari italiarraren izena ikustea diskoaren kredituetan. Alta, erreferentzia hau ez da kasualitatea. Azken urte hauetan, Bandako kideek badute maitasun abentura halako bat Italiarekin lotzen dituena, eta sarri izan dira Berlusconiren eremuan. «Italiara joateko aukera hango lagunek eman ziguten, eta han egindako lehen kontzertuaren ondoren nolabaiteko loturak sortu dira bertako gazte, kolektibo, talde edota zentro sozialekin».

Aldarrikapena

Banda Batxoki ez zen musika instrumentala sortzeko jaio. Aldarrikapena, salaketa eta gizarte kritika beti izan ditu taldeak jomuga. Betiere, umorez. «Zaila da egungo egoeraren aurrean umorea lantzea, gehienbat dena sutan jartzeko gogoa duzunean. Baina umorea osasuntsua da, zapalduek egindako umorea, zapaltzailearen aurpegira barre batzuk botatzeko». Hala ere, gauzak argi uztearen aldekoa da abeslari nafarra: «Guk ez dugu `Vaya Semanita' edo horrelakoen umore mota erabiliko inoiz».

Diskoaren izenburua esanguratsua da oso. Bizi ditugun garai gazi-gozo hauek ederki islatzen ditu. «Garai hauetan hainbat aldaketa ikusten ari gara gure gizartean, baina ezin dugu pentsatu horrekin dena eginda dagoela. Borrokan jarraitu beharko dugu gure gaztetxeek zutik jarraitzeko, kontzertuak egin ahal izateko, lan prekarietatea edo espetxe politika behingoz bukatzeko... Beraz, borrokan jarraitzeko, zer hobea borroka kantak baino?», galdegiten du.

Bide horretan diskoak badu nolabaiteko elkartasun kutsua. Diskoaren salmentatik ateratzen duten diruaren zati bat Iruñeko Eguzki irratiari eskainiko diote batxokitarrek. Horrez gain, Bandako kideek elkartasuna esparru zabalagoetara zuzendu dute lanean, eta zentzu horretan, «Palestinar herriarekiko elkartasuna, Askapena taldearekiko elkartasuna, italiar ezkertiarrenganako elkartasuna, atxilotu eta torturatuak izan direnenganako elkartasuna...» suma daiteke akordeen artean.

ESTUDIOA

«Taldeak zuzenekoetan duen izaera estudiora eramaten saiatu gara. Estudioan grabatu duen orok jakingo du tranparik gabeko diskorik ez dagoela. Zuzenekoen eta grabaketen arteko ezberdintasun handiena odolean daramagun alkohol maila da».

Fitxa

Taldea: Banda Batxoki.

Diskoa: «Bake garaietarako borroka kantak»

Diskoetxea: MusikHerria.

Kantu kopurua: 19.

Sarean: www.bandabatxoki.net

Zuzenean: Bihar, Vallecasen.

Martxoaren 28an, Altsasuko gaztetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo