GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Mikel Markez eta Pako Aristi, Benito Lertxundiren jakinduriaren bila

Pako Aristi idazleak, Mikel Markez abeslariak eta Ainara Gorostitzu kazetariak irabazi dute aurten Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen duten Tene Mujika beka. Aurkezturiko lanen kalitatea dela-eta, sari bikoitza banatzea erabaki du epaimahaiak; bata Gorostitzuri, eta bestea Aristi eta Markezi, elkarrekin aurkeztu baitziren.

p049_f01_148x114.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Benito Lertxundi abeslariari buruzkoa eta Euskal Herrian bizi diren etorkinei buruzkoa izan dira Tene Mujika bekak saritu dituen bi proiektuak. Bata, «Benito, plazer bat izan duk», Mikel Markez abeslariak eta Pako Aristi idazle eta kazetariak aurkeztu zuten. Biek Lertxundirekin izandako hamaika solasalditan oinarritzen da lana. Bestea, «EtorkiZUnak», Ainara Gorostitzu kazetariak aurkeztu zuen, hainbat etorkinen egoeraren gaineko analisia izango dena.

Aristik eta Markezek Lertxundirekin afal eta bazkalosteko solasaldi ugari egin dituzte urte askotan. Hala, une horietan esaten zituztenak gordez liburu forma ematea bururatu zitzaien. «Benitorengana hurbilketa bat izango da», azaldu zuen Aristik, «gure baitatik hasita, Benitorengana iristeko zubiak eskaini nahi dizkiogu irakurleari».

Benito Lertxundi Euskal Herriko memoria politikoa eta artistikoa dela diote Aristik eta Markezek. «Benitoren pentsamendua ez da zimeldu. Jakintzat duena zalantzan jartzen du, desikasiz datorrela jakinduria dio Benitok», azaldu zuen Aristik.

Egingo duten liburua ez da galdera eta erantzunez betea izango, ordea, «gogoeta askearen abentura bat izango da liburua», haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi baititu lanak. Jasotako hausnarketak eta ideiak ez dira gaika sailkatuko, pasartez pasarte, naturaltasunez eraiki nahi baitute kontaketa.

Proiektua burutzeko hilabetean behin afari edo bazkaria egiten zuen hirukoteak, eta 50-60 orduko grabaketak atera ziren hortik. Testua transkribatuta, laurehun folio inguru idatzi dituzte abeslariaren eta idazlearen artean. Lana bien artean egin izana eskertu zuten bi egileek, atzo esan zutenez.

Egungo errealitatearen isla

Ainara Gorostitzuk gaur egungo gure errealitateari buruz hitz egingo du bere proiektuan, «EtorkiZUnak» izenekoan, nahiz eta agian liburuaren izena ez den hori izango. Inguruan ditugun etorkinen egoeraren gaineko azterketa izango da. Horretarako, profil ezberdinetako hamar biztanlerekin (bai Euskal Herrikoak, bai etorkinak) elkarrizketak egingo ditu.

«Gelditu eta ingurunea begiratzeko beharretik» sortu zen proiektua, autobus bidaia batean. «Gaur egungo ingurunea etorkinek osatzen dute», azaldu zuen ataundarrak. Bere ustez, fenomenotzat daukagu oraindik immigrazio hori, ez errealitatetzat, eta halakoa dela dio.

Egitasmoa osatzeko elkarrizketa sakonak izan ditu hamar pertsonekin. Batzuk burutuak ditu jadanik, beste batzuk erabaki gabeak, eta baten batek alde egin du Euskal Herritik harekin hitz egin ahal izan baino lehen. Horien artean emakume marokoar baten kasua azaldu nahi izan zuen kazetariak. 22 orduz lanean egon ondoren, gelditzen zitzaizkion bi ordu horiek elkarrizketa egiten igarotzen zituen emakumeak, bere historia norbaitek idazteak izugarrizko ohorea eta poza sortzen baitzion.

Elkarrizketatutako pertsona bakoitzak galdera berdinei erantzungo die: herrimina sentitzen ote duten, familia faltan botatzen ote duten eta Euskal Herriko bizimodura moldatzea nolakoa izan zen, adibidez.

Tene Mujika sariak Ramon Olasagasti edota Imanol Murua egileak saritu ditu, besteak beste. Olasagastik mendian hildako euskal mendizaleei buruzko liburua aurkeztu zuen («Mendiminez», 2005) eta Muruak, EAJ, PSE eta Batasunaren arteko elkarrizketei buruzkoa («Loiolako hegiak», iaz kaleratua). Aurten saritu diren bi proiektuak 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo