GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Zulaika Askapeneko kidea

Mundu arabiarra eta Mendebaldearen hipokrisia

Mendebaldeak duen estrategia agerikoa da, azaleko aldaketak bultzatuz, mamia bere horretan mantentzea kosta ahala kosta

Mundu arabiarrean gauzatzen ari diren matxinadek erakutsi digute, beste behin ere, herrialde hauetako oligarkiek Mendebaldeko interesen mesedetan izan duten jokabidea eta izango dutena. «Demokratok ezin dugu Egipton hauteskunde libreak antolatzea onartu, erradikalek irabaziko baitute, trantsizio ordenatua egin beharko litzateke...». Modu honetako ikaragarrikeriak behin eta berriz entzun ditugu komunikabideetan, Mendebaldeak Egipton «egonkortasuna» nahi duela nabarmenduz. Egiptoarren eskubideak -eskubide baitira- Mendebaldearen eta oligarkien interesekin bat datozenean betiere, gainerakoan ezer gutxi.

1979an Iraultza Islamikoak Irandik Shah Rezah Pahlevi kanporatu zuenetik, Egipto mundu islamikoan AEBek garatzen duten politikaren sostengatzaile nagusi bilakatu zen. Bakea sinatu zuen Israelekin Kairok eta Gamal Abdal Nasseren ezkerreko panarabismoa albo batera utzi zuen. Ordainean, Washingtonek izugarrizko diru laguntzak eman zizkion ustelkerian oinarrituriko sistema berriari. Herritarrek, ordea, txirotasuna eta errepresioa baino ez dituzte jaso trukean eta hiru hamarkada pasa direnean, kaleak hartu eta tiranoari hortzak erakusteko garaia dela ohartu dira.

Une honetan Mendebaldeak duen estrategia agerikoa da, azaleko aldaketak bultzatuz, mamia bere horretan mantentzea kosta ahala kosta, izan Tunisian, Egipton, Jordanian edo Yemenen. 1975ean Estatu espainolean egin bezala... ala herri zapalduontzat edo herri langileontzat sakoneko aldaketarik ekarri ote du gurean erregimen zahar berrituak?

Mundu arabiarretan hasitako iraultza hauetan, erregimen zaharreko agintariak garai berrietara egokitu nahi dituzte. Horrela, egonkortasunaren izenean, Mohammed Ghannouchi-k Tunisian eta Omar Suleiman jeneralak Egipton ordezkatu nahiko lukete euren oinordekoen ibilbidea.

Ezin ahaztu, ordea, Ghannouchi Zine El-Abidine ben Alirekin lehen ministroa izan zela. Suleiman jenerala, berriz, Egiptoko zerbitzu sekretuetako buru izan zen, CIArekin kartzela sekretuak prestatu zituena, ondoren, mundu osoan zehar atxilotuak bertan torturatu ahal izateko.

Horretaz gainera, bai Tunisian eta bai Egipton agintean izan diren alderdiak, Ben Alirena eta Mubarakena, PSOE eta PSFrekin batera Internazional Sozialista delakoaren kideak izan dira orain dela gutxira arte.

Gisa honetako agintariak dira Mendebaldeak mundu arabiarrean nahi dituenak, «agintari titereak», transnazionalen eskaerak ongi beteko dituztenak eta munduaren «etsai» direnengandik ongi aldenduko direnak. Orain arte egin dituzten basakeriak egiten jarraitu ahal izateko, herriak eskatzen duen askatasuna eta justizia alboratuz beste behin ere.

Hala ere, Askapenak benetako aldaketa baten alde borrokan ari diren kide guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, kaleetan aldarrikatuz, antolatuz eta borrokatuz, gertuago egongo direlako euren askatasunetik: herriok independentzia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo