Mendekua, legeak eta euskal gizartearen erronka
Espetxe Erakundeetako espainiar idazkari nagusi Mercedes Gallizok atzo, espetxe sistemaren apustu humanistaz jardun zuen ekitaldi berean, esan zuen ez dutela aldatuko euskal preso politikoei ezarritako espetxe politika, mendekua oinarri duen espetxe politika. Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek, berriz, esan zuen ez dela euskal presoentzako amnistiarik izango, gehienez ere legearen aplikazio hertsia baizik.
Aste honetan bertan euskal alderdi politiko bat aurkeztu da, legeak (alderdi horren ustez eta euskal herritar gehienen ustez demokratikoak ez diren legeak barne) burutik burura betetzen dituena. Eta atzo bertan, Gobernu espainolak bere legeak bete ditzan, zenbait baldintza eskatu zizkien Aresek euskal presoei. Alderdi berriarekin batera aro politiko berria ere sortu da, indarkeriarik gabekoa -dagoen indarkeria bakarra desagertu beharko den aroa alegia- eta saihets daitekeen sufrimendu oro amaitu beharrekoa. Konfrontazio politikoaren adierazpide bakarra hitza izanik, eta erabakiak, herritarren borondatearen araberakoak, euskal preso politikoak gatazka armatu baten azken ondorioa izango dira, saihets daitekeen azken sufrimendua, hain zuzen. Sufrimendu horri eustea ulertezina da euskal gizartearentzat. Horra euskal eragileek eta oro har gizarteak berandu gabe heldu beharreko erronka.