GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute biharko manifestazioarekin

«Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» lelopean, euskarak jasan behar duen zapalkuntza salatuko du manifestazioak. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak mozioa onartu du, Iruñeko Gobernuak Lakuakoarekin elkarlanean jardun dezan Inkesta Soziolinguistikoa egiteko.
p014_f02_098x065.jpg

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskal Herria Ezkerretik akordioaren sinatzaileek eta LAB sindikatuak bat egin dute Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak biharko deitu duen manifestaldiarekin. Mobilizazioaren xedea Euskal Herri euskaldun eta burujabe baten alde egitea izango da.

Kontseiluak «euskaraz bizitzearen aldeko apustu argia» egiten duela adierazi zuen atzo ohar baten bidez, eta salatu zuen gaur egun hori hala izateko ez direla beharrezko baldintzak betetzen. Baldintza horiek administrazioen esku daude, baina lagundu barik, oztopoak jartzen dituztenez, «oztopo horiek gainditzeari begira lan egitea» beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Normalizazioa helburu izanik, biharko manifestaldian parte hartuz euskararen alde egiteko eskatu zien euskaltzale guztiei Kontseiluak.

Euskal Herria Ezkerretik akordioaren sinatzaileek¯Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak¯ euskarak 2011. urte honetan jasaten duen egoera mahai gainean jarri zuten: «Zenbait arlotan aurrerapauso handiak eman badira ere, kasu gehienetan herrigintzari esker, oraindik orain euskara Euskal Herrian egoera minorizatuan dago eta eremu eta esparru askotan bere presentzia hutsaren hurrengoa da».

Nabarmendu zuten, halaber, euskara ez dela ofiziala lurralde osoan eta normalizazioa gauzatzeko ere ez dituela gutxieneko tresnak. Hiru kideek euskararen estatusari, arlo politikoari eta sozialari begira, aldaketa defendatzen dute.

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko lanean jarraitzeak duen garrantzia nabarmenduta, akordioa sinatzen dutenek euskal gizarteari eskatu zioten, beraiek bezala, euskararen aldeko konpromisoa har dezala. LAB sindikatuak, berriz, euskal langileriari egin zion deia.

Euskal Herrian Euskaraz-ek deituriko manifestazioaren leloa «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» da eta arratsaldeko bostetan abiatuko da Donostiako Bulebarretik. Mugimenduak urtarrilaren erdialdean aurkeztu zuen mobilizazioa eta orduan azaldu zuen burujabetasuna lortzeko dagoen aukera bakarra «konstituzioetatik askatzea» dela.

Inkesta egiteko proposamena

Bestalde, euskararen egoera soziolinguistikoa aztertzen duen inkesta gauzatzeko -1991z geroztik bost urtetik behin egiten da-, Iruñeko Gobernuari Lakuakoarekin elkarlanean jardun dezala eskatzen dion mozioa onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak. Nafarroa Bai-k aurkeztutako ekimenari baiezkoa eman zioten alderdi guztiek, UPNk izan ezik.

NaBaik baieztatu zuen proposamenean biltzen dena 1986ko euskarari buruzko Foru Legean eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean agertzen denaren araberakoa dela.

Omenaldia

Ekitaldian Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»ri omenaldia egingo diote, EHEren sortzaileetako bat izateagatik eta urteetan euskararen alde egindako lanagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo