GARA > Idatzia > Ekonomia

Funtzionamendu berri batekin mundu berria eraiki behar dela esan du Ibarretxek

Nortasunak nahiz kulturak ekonomian duten garrantzia defendatu zuen atzo Juan Jose Ibarretxek. Gaur egungo eredu ekonomiko neoliberala kritikatu zuen, herritarrei boterea itzuli behar zaiela aldarrikatu eta estatu sozialaren eredua indartu behar dela adierazi.

p018_f01_148x116.jpg

A.Z.

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak hitzaldia eman zuen atzo Donostian, «Globalizazio ekonomikoa eta euskal identitatea» izenburupean. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bosgarren urteurrena ospatzeko antolatu zuen hitzaldian ekonomia ez dela «konpondu» behar, baizik eta «funtzionamendu arau berriekin mundu berri bat» eraiki behar dela defendatu zuen Ibarretxek. Hala, «berritu eta sustraiekin lehiatu» behar dela esan zuen eta «nazioa eraikitzeko» kulturak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Ekonomian «giza garapen iraunkorrak» duen garrantziaz ere mintzatu zen lehendakari ohia, eta garapen horretan «nortasuna, berdintasuna, berrikuntza, iraunkortasuna eta parte-hartze politikoa» funtsezkoak direla esan zuen. Bere iritziz, elementu horiek dira, kultura eta euskararekin batera, euskal nortasuna osatzen dutenak. Era berean, elementu horiek indartuz egungo eredu ekonomikoaz bestelako eredu bat eraikitzea posible dela baieztatu zuen. Herritarrei boterea itzuli behar zaiela adierazi, eta bidea «kultura unibertsalaz aberastea» dela baieztatu zuen, betiere «norberarenaz ahaztu gabe».

Europa hizpide hartuta, «estatu sozialaren paradigma mantentzeak» bermatuko dio presentzia geopolitikoa, eta nabarmendu zuenez, ez «bere txanponak edo merkatuak». Ildo horretatik, gogor salatu zuen Europar Batasunak, bultzatzen dituen neurriak bultzatuta, estatu soziala «deuseztatu» nahi duela.

Pentsioen erreforma

Estatu espainolak berriki onartu duen pentsio sistema publikoaren erreformari buruz ere hitz egin zuen Ibarretxek, eta pentsio sistemak «malgutasuna» behar duela adierazi zuen, baina Estatu espainolak onarturiko araubidea kritikatu zuen. Izan ere, lehendakari ohiaren ustez, erreforma horren bidez eta «eztabaida desegoki baten ondorioz» gizartea da kaltetua. Horrez gain, pentsio sistemaren erreformaren beharra argudiatzeko zergatik lotu dituzten pentsioak eta krisi egoera galdetu zuen.

Mundu mailara salto eginda, G20koek «mundua ordezkatu» nahi dutela kritikatu zuen. Hala ere, eta G20ko herrialdeek munduko barne produktu gordinaren %95 badute ere, biztanleen %95 herrialde horietatik kanpo daudela ohartarazi zuen. Hein horretan, gogor kritikatu zuen finantza erakundeak «erreskatatzeko» G20koek izugarrizko dirutza batu ondoren, orain gastu publikora ez dutela dirurik bideratu nahi.

GIZA GARAPENA

Juan Jose Ibarretxeren iritziz, «giza garapen iraunkorra» funtsezkoa da ekonomian, eta horren barruan daude «nortasuna, berrikuntza, berdintasuna, iraunkortasuna eta parte hartze politikoa».

Estatu soziala

Europak presentzia geopolitikoa estatu sozialaren paradigma mantentzeagatik izango duela esan zuen. Aitzitik, Europar Batasunak, hartu dituen neurriekin, estatu soziala «deuseztatu» nahi duela salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo