GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herri honek euskaldun izan nahi duen erabaki beharko du»

p020_f01.jpg

Jasone Mendizabal
Topaguneko zuzendaria

Enpresa zientzietan lizentziatua, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartean hasi zen euskararen eta euskalgintzaren aldeko lanean Jasone Mendizabal. Orain, 2001az geroztik, Topagunea euskara elkarteen federazioko zuzendaria da eta Abadiñoko egoitzan du bere txokoa.

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 95 elkarteek, «XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresua» egingo dute datorren otsailaren 26an Bilbon. Azken hilabeteak gogoeta prozesu batean buru-belarri eman ondoren, aurrera begirako lan ildo eta funtzioak zeintzuk diren finkatuko dute. Topagunearen jardunaz eta hilaren 26ko kongresuaz azalpenak eman dizkio erakundeko zuzendari Jasone Mendizabalek GARAri.

Herri eta eskualdeetako euskara elkarteen sarea da Topagunea. Zertan datza federazio honen egitekoa?

Topagunea duela 15 urte sortu zen eta gaur egun 95 euskaldunon elkarte batzen ditugu. Oro har gogoetak konpartitzeko, elkartrukeak bideratzeko edo zerbitzuak antolatzeko sortu zen, baina, Topagunearen funtzio nagusia da euskara elkarte berriak sortu eta daudenak indartzeko sustapenaz, prestakuntzaz eta gogoetaz arduratzea.

Eta zertan dabiltza herrietako euskara elkarteak?

Elkarteek egiten dutena da tokian tokiko irakurketa propioak egin eta beharren araberako egitasmoak martxan jarri. Nagusiki, euskaraz bizi ahal izateko behar diren tresnak antolatzen edo antola daitezen eragiten dute elkarteek.

Elkarte bakoitzak bere ahalmenen eta irakurketen arabera antolatzen ditu egitasmoak. Ondotik, horiek aurrera eramateko laguntza ematen die Topaguneak.

Nolakoa da Topagunearen eta herrietako elkarteen arteko harremana?

Urtean behin batzar orokorra antolatzen da bazkide guztiekin, horiek kuota bat ordaintzen dute. Zuzendaritza batzordea eratzen da federazioaren gidaritza eramateko. Elkarteetako borondatezko ordezkariek osatzen dute batzorde hori.

Arloz arloko jarraipenei dagokienez, Topaguneak sustatzaile eta teknikariak ditu. Mintzapraktika batzordean, esaterako, elkarteetako ordezkariek hartzen dute parte, eta ondoren mintzapraktika sustatzeko teknikari batek laguntzen die. Horrela antolatzen gara, arloz arlo.

Ia hamar urte daramazu Topagunean zuzendari, zertan aldatu da hamarkada honetan euskararen egoera?

Perspektiba zabalagotik begiratuta, beste hainbat erakundek egiten duten irakurketa bera egingo nuke. Ezagutzan asko egin da aurrera, euskaltegien eta ikastetxeen bidez asko irabazi da, baina ez erabileran.

Erabileran toki bakoitzeko errealitate soziolinguistikoak eragiten du, baina, beste faktore garrantzitsu bat ere bada: motibazioa eta kontzientziazioa. Lan berezia egin behar da arlo honetan. Azken 25 urteotan egindako ibilbidea oso aberatsa izan da, baina, motibazioan eragiteko erronka bigarren mailan geratu zaigulakoan nago.

Nola eragin daiteke norbanakoan euskaraz hitz egitera anima dadin?

Ez da erraza erantzun orokor bat ematea, faktore asko daude tartean. Norbanakoari begira jar gintezke, baina, komunitateari begiratu gabe ez dauka azalpenik. Duela 30 urte, Francoren garaian eta ondoren, bazen halako motibazio gehigarri bat. Orain badirudi euskaraz egiteko behar hori ez dela sumatzen gizartean. Baina, euskaldun izatea ala ez hautu bat da, eta klik hori barne gogoeta batek dakar. Etorkizunera begira, herri honek zein bide hartu behar duen erabaki behar du. Ondoren, norbanakoak egingo du euskaraz bizi, euskarari eutsi eta euskararen eragiletzan sartzeko hautu hori.

Informazioaren garaia deitzen diogun honetan, Topaguneak eta bertan diren euskara elkarteek mezuak gizarteratzeko komunikazio arazoak al dituzte?

Bai, zalantzarik gabe. Orain urtebete-edo egin genuen gure bazkideekin Kongresu honen abiapuntua izan zen lehen bilkura, diagnosia egiteko. Komunikazioa eta sentsibilizazioa oso lotuta daude, eta bietan itzelezko defizita dugula ikusi genuen. Guk, alde batetik, federazio moduan gure bazkideekin komunikazio lan eraginkorra egiteko erronka dugu; ondoren, elkarte bakoitzak bere herrian komunikatu beharko du. Topagunea ezezaguna da gizartean. Gaur egungo gizartean, horrenbeste informazio eta inpakturekin, gure mezua ezberdin eta erakargarri egiten badugu erronka.

«XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresura» begira, gogoeta prozesu parte-hartzaile batean murgilduta izan zarete.

Abiapuntua Durangon jarri genuen 2010eko urtarrilean egindako jardunaldietan. Mugimenduaren diagnosia egin eta diskurtso mailan berritzeko premia eta prestakuntzarako beharra ikusi genuen. Batzorde Txikia deitu diogun lantaldea osatu eta txosten bat atera genuen. Irailean berriz, elkarteetako 50 lagunekin txostenaren lehenbiziko kontrastea egin zen eta ondoren, bazkide guztiei zabaldu. Azken txanpan, eztabaidatu eta ekarpenak txertatzen ari gara. Badira kezka eta zalantzak, baina, adostasun zabala dago.

Otsailaren 26an «inoizko euskara elkarteen bilkurarik handiena» irudikatu nahi duzue.

Hori gure buruari jarri diogun erronka bat da. Zailtasunak izaten ditugu egunerokoan bazkide guztiak batzeko. Baina, urtarrileko gogoeta saioetan behintzat ehun lagun bildu ginen, eta gutxienez, beste hainbeste egongo garela uste dugu. Orain izen-emateko epea zabalik dago, eta ikusiko dugu zenbat garen. Bilbon izango da bilkura, txosten baten bueltan. Arratsalderako, gainera, jairako aukera izango dugu. Inoizko handiena izango dela bermatuta dago.

Behin Kongresua eginda, zein dira aurrera begirako helburu edo egitekoak?

Zerrenda luzea daukagu prest. Azken urtean osatutako txosten horretako lan ildoak martxan jartzea izango da erronka. Gure barne formazioa landu behar da, eta sentsibilizaziorako plan pilotuak martxan jarri. Horiez gain, bigarren fase batean, Topagunearen barne antolaketa berrikusiko dugu eta behar diren aldaketak egin. Prozesu honetan ikusi duguna da, mugimendu moduan, 20.000 bazkide dituen euskara elkarteen mugimendua norabide berean jartzeko indarra izan dugula.

 

motibazioa

«Duela 30 urte bazen euskaraz egiteko halako motibazio gehigarri bat. Orain badirudi behar hori ez dela sumatzen gizartean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo