Fito Rodriguez UPV-EHUko irakaslea
Euskararen burujabetza
«Gure euskal kultur eremuaren funtsezko ezaugarria menpekotasuna da» esanez abiatzen du egileak artikulua. Berezko hizkuntzaren erabilera arazotzat jotzen dela, «aberastasuna baino gehiago menpekotzan», eta kultur edukien erabakiguneak hemendik kanpo daudela nabarmentzen du; nahiz eta euskaldunon kultur jarduera ona bezain aberatsa den. Kultur indar handia dagoen arren, ez dela aski dio, «trabatuta dagoelako», estatuen erakunde, merkatuaren liberalizazio eta aisialdiaren jendartearen eraginez. Euskararen geroa ezin dela utzi «pertsonen atxikimendu soilaren esku» dio, eta burujabetzaren bidetik egiturazko premia eta soluzio sortak proposatzen ditu.
Euskal Herria ote dagoen ez dakit. Nekez ikus ditzaket bere mugak azaltzen dituen mapa komunikabide publiko garaikideetan, eta nekosoagoa suertatzen zait Euskal lurralderik dagoenetz ezbaikoan hastea. «Inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza dan» idatzi zuen poetak eta kantatu zuen abeslariak, baina nik, balizko Euskal Herririk ezean, euskaldunak, batzuk behintzat, ezagutzen ditut.
Hau da, gizarte harremanetarako hizkuntzatzat euskara hautatu dutenak, kultur esparruaren mugak, zerbitzuak, hedabide zein hezibideak, olgetarako nahiz aisialdirako joeretan, euskaraz marrazten dituztenak.
Hil doazenen ildoak: Gure euskal kultur eremuaren funtsezko ezaugarria menpekotasuna da. Unescok euskararen zerraldoa aurreikusi omen du XXI. menderako nahiz, Koldo Izagirreri parafraseatuz, jakin denok badakigun hilko garela... baina, hil arte bizi! arrapostu egiten dugu hilerri ondoan hazitakook. Izan ere, marka da gero! berezko hizkuntzaren erabilera arazotzat jotzen dela aberastasuna baino gehiago menpekotzan, kultur edukien erabakiguneak hemendik kanpo daudela eta sormena nahiz kontsumoaren artean desoreka handia dagoela euskarari buruz goian aipatutako menekotasuna areagotuz, jakin badakigu.
Horren ondorioz, adibidez, zalantzarik gabe, euskal idazle gehiago dago euskal irakurleria baino gurean...
Hala eta guztiz ere, ohiko parametroetan neurtuta behinik behin, euskaldunon kultur jarduera ona bezain aberatsa da. Prentsaren irakurketa inguruko lurraldeetan baino handiagoa izaten da eta era anitzean gauzatu ohi da (egunkaria gehiago irakurtzen da eta, halaber, irakurle bakoitzak egunkari bat baino gehiago ere irakurtzen ditu...). Era bertsuan, euskaldunok irratia gehiago entzuten dugu telebista ikusi ohi duguna baino. Interneten erabilera tasak estatu espainoleko handienak omen dira, euskararen ezaguerak ez du parekorik aurreko garaiekin alderatuz gero, eta Iparraldea horren gertu izateak, edota zenbait ikuskizunen ondorioz (Musika Hamabostaldia, Donostiako Zinemaldia eta abar...) euskara hizkuntza eta euskal kultur eskaera aukera handituz joan da gure arteko hartu-emanetan. Esan daiteke, oro har, europar herri garatuenekin erkaturik, hemengo joera kulturalak oso finkatuta daudela.
Euskararen indarrak: Irakurketa tasak (oro har) handiak dira euskaldunon artean, eta gainera, euskarazko irakurleria gora doa. Honenbestean, hemengo kultur kontsumitzailea hedabide handienek daramaten merkatu borrokatik at dago. Zinema ekoizle nahiz banatzaileez aparte, bertako kultur industriak baditu, eduki, aski azpiegitura sorkuntza eta salmentarako prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan eta abar.
Gainerako beste lurraldeekin konparaturik bertako kultur bezero ohikoak irizpide askeagoak ditu jarduerak edota gustuko ekitaldiak hautatzerakoan.
Baina erakunde publikoen laguntza, ordea, joera horiek indartu beharrean espainiarren (gazteleradunen) homologazioaren bila doa beren kultur politikak sustatzerakoan.
Ahulen abilezia: Euskararen garapena ezin da pertsonen atxikimendu soilaren esku utzi. Honez gero, Artzeren aforismoak ez du balio, ene ustez behintzat. Inoiz egon den euskaldunon kultur indar handiena baitago egun...asko, aski ez bada ere.
Eta ez da nahikoa, trabatuta dagoelako. Hor dago euskaldunon ahulezia. Estatu espainol nahiz frantseseko erakundeen menpekotasuna nabarmena baita oraindik ere. Honetaz gain, merkatuaren liberalizazioak alde batetik, eta aisialdiaren jendartearen eraginez, kulturak eskuratu duen balio erantsiak bestetik, kultur portaera kanpotik moldatua izatea ekarri du. Merkatuak agintzen dituen ikuskizun erraldoiak izaten dira eskaintza ohikoenak, eta horretan, herri kultura gero eta zokoratuagoa geratzen da.
Bertako kultur industria ere, aukerazkoa izan arren, desegituratuta dago: prentsa idatzia, irratiak, argitaletxeak, tokiko telebistak, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta abar ez dabiltza elkarren artean adosturiko plangintzaren arabera, merkatuak ezarritako lege-faltaren ildotik baizik.
Kanpotik eragindako menpekotasunaren aurrean (dela merkatua, direla eremuko transnazionalak edota estatuaren aginduak...) erakunde publikoak ez dira gauza izan arloa behar bezala gobernatzeko eta morrontza handituz joan da. Euskaldungoa inoiz baino indartsuagoa izanik ere, inoiz baino ahulagoa dugu bere jardun kulturala garatzeko aukeran.
Burujabetza: Aipatu menekotasunetik irteteko eta gure kultur premiei erantzuna eman ahal izateko, euskal esparruak behar du, alde batetik, benetako demokratizazioa. Erakunde politikoek, eragile bihurtu direnez, aurrekontuen gehiengoa beren egitasmoak garatzeko bideratzen dute, herri ekimenetik sortutako proposamenak etsaitzat hartuz eta elkarlana zailduz.
Bestetik, gaurkotzearen premia. Kultur teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berriez baliatzeko, biztanleria birziklatu beharra dago eta azpiegiturak horren mesederako egokitu.
Euskara, zorionez eta behingoz, garaiz eta prestu iritsi da kultur egokitzapen sasoi hauetara.
Ildo beretik, hizkuntza nahiz kultur sormenerako baliabideak hedatzea premiazkoa da.
Kultur jardueretan sortzen nahiz zabaltzen denari begira, asimetria handia baitago euskararen eta erdararen artean. Halaber, erakunde politikoen programazio erreferentziak kanpoko proposamenetan oinarrituta egon ohi dira bertako sorkuntzan barik.
Horretarako, egituraketa berria antolatu behar da, kultur esparruan dauden desoreka hauei aurre egiteko, erakunde politikoek kultur kontseilu berri baten bidez jarduera kulturalerako egiaztagiriak erabaki beharko lituzkete bertako ekoizpenen aldeko diskriminazio positiboa erabiliz.
Era berean, ekoizpen zentro-uneak (prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan eta abar...) eta banaketa sistemak partekatzeko aukerak eskainiko lituzkeen euskal sarea antolatzea ezinbestekotzat jo beharko lukeen eraketa beren-beregikoa litzateke burujabetasunaren bidean. Euskarak, ez irauteko, baizik eta bizitzeko, behar dituen baliabideak, eskubideak eta irtenbideak bermatzeko
Arazoa ez baita norbanakoarena, egiturazko baizik eta, bide horretan, inork laguntzen ez badigu, besteek jarritako eragozpenak gainditzeko, bederen, balio duelakoan nago. Gaur, kalean, «huntaz eta hartaz» mintzatuko gara.