GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Argudio juridikoak espainiar erara

Sortu berri den alderdi politikoa, Sortu, bere estatutuetan indarkeria oro, ETArena barne, errefusatzen duen alderdi bakarra da, Estatu espainolean eta mundu osoan. Alderdien Legeak eskatzen dituen bitxikeria guztiak biltzen dituen bakarra. Baliteke, beraz, hurrengo hauteskundeetan aurkezteko aukera izango duen alderdi bakarra ere bera izatea. Hala esan zidan lagun batek alderdi berriaren estatutuen berri jakin genuenean. Morroi azkarraren ospea dudan honek, ordea, berehala sumatu nuen adar soinuan ziharduela, baina geroztik entzundakoak entzunda, zentzuduntzat jo genezake erdipurdiko burutazio hori, entzundako gehienak baino zentzudun eta logikoagoa, Zuzenbideaz ari garela behinik behin. Hona, asteon behin eta berriz entzundako zenbait argudio sendo, alderdi berria legez kanpo ezartzearen aldekoak. Irakurleak, jurista izan gabe ere, ahalegin handirik gabe konpara lezake:

Berberak dira. Ezker abertzalekoak. Nor bestela? Nori eskatu dizkiote, bada, legezko betebehar horiek, Alderdi Humanistari akaso? Ezker abertzalearen alderdi berria Antonio M. Rouco Varela eta Jose Ignacio Munillak aurkeztea espero al zuten? Ala kirurgia plastikoa eginda agertu behar zuten Etxeberria, Iruin eta enparauek? Nahikoa ote zuten bizarra utzita...?

Badaezpada ere... Bermeak behar dira... Ehun euroko bat lurrean ikusi eta badaezpada ere hartzera makurtzen ez denaren logika da hori. Jakina: eta faltsuak badira, zer? Nolanahi ere, balio juridikorik ez duen logika da. Zoritxarrez, dozenaka lagun daude kartzelan «badaezpada ere», ustezko gaitz bat benetako gaitz handiago batez saihesteko.

Ez naiz fio, ez diet sinesten; beraz, legez kanpo utzi behar da alderdia. Zuzenbidea, ordea, zientzia bat da, edo hala diote, eta Pepe Bonoren, beste PPen edo epailearen beraren usteak nireak bezainbesteko balio juridikoa du, alegia batere ez. Zoritxarrez, izan dira ebazpen judizialak, frogarik ezean, epaileen uste osoan oinarrituak. Euskal presoek ondo dakite zer den dagozkien zigor murrizketarik gabe gelditzea in dubio pro reo printzipioa alderantziz aplikatuta.

Ni neu, badaezpada ere, ez naiz epaileez fio, berberak dira eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo