Floren Aoiz www.elomendia.com
Heldutasunaren tenorea
Ezker abertzaleak ez du hau inoren txaloa jasotzeko egin. Herri honekiko maitasunagatik egin du. Helburuei atxikitzeko. Egin behar zuelako eta egin nahi zuelako
Ezker abertzaleak nabarmenki erakutsi du egoera zailenei aurre egiteko gaitasuna. Sobera argi gelditu da hau hondarreko urteetan, batez ere ilegalizazio eta kriminalizazio garai ilunenetan zehar. Argi dago, beraz, ezker abertzaleak inork baino hobeki egiten duela erresistentzia mailako lana.
Hau, berriz, ez da aski herri bat aurrera eraman ahal izateko. Eta honetarako sortu zen ezker abertzalea eta honetarako eutsi die erresistentzia aro guziei. Ez beti horiei eusten bizitzeko, bestelako agertokiak eraikitzeko baizik.
Jakin badakit erresistentzia eta etorkizunerako zutabeen eraikuntza elkarri lotuta daudela. Baina bi joeretako bat nagusitu ohi da, batez ere egoerak behartzen duelarik. Baliagarria izan da erresistentzia joera, egoera berria ahalbideratu baitu, baina derrigorrezkoa da, halaber, joerak egokitzea, une berriak zabaltzeko, eta erronka berriei ekiteko.
Ezker abertzaleak eusteko gaitasunaz gain, aldatzeko eta bere burua berrasmatzeko ahalmena ere agertu du, askoren ustekaberako. Jarduera errepresiboen agenda hautsi eta aukera ederrak zabaldu ditu, aldaketa sakonetarako ateak irekiz.
Erresistentzia gogorra, zaila eta latza izan bada, berrasmatzea ez da erraza edo gozoa izaten ari. Hasteko, erresistentzia bezala, estatu espainol eta frantsesaren eta euren bertako aliatuen kontra egin behar izan duelako. Ezker abertzaleak ez du luxuzko alfonbrarik aurkitu bide honetan. Ezta izanen ere, inork ez baitu hari deus ere oparitzeko asmorik. Gero eta gehiago entzunen dugu etsipenak bultzaturik egin duela, porrot egin duela, errepresioaren emaitzen aurrean gaudela, baina propagandaren gainetik, errealitatea dago: estatuek ezker abertzalearen bidea oztopatu nahi izan dute, eta horretan jarraitzen dute, ederki ulertu dutelako ezker abertzaleak berretsi egin dituela bere apustu estrategikoak. Hau da, damutu edota errenditu barik, indarberritu egin duela independentzia eta jendarte sozialistaren aldeko hautua, xede hauetara iristeko bide berriak zabalduz.
Heldutasun kolektiboa izan da urrats hauen gakoa. Heldutasunez ekin baitio ezker abertzaleak prozesu honi, ausardiaz, beldurrik gabe. Lehen urratsak emanez, arrisku handienak bereganatuz, erasoen gainetik jarraituz. Batzuk ederki bizi ziren eta diren bitartean, atxiloketa, tortura eta kartzela izan da ezker abertzaleko kide askok ordaindutako salneurria.
Ahalegin horiek gabe pentsaezina litzateke gaurko egoera. Jende askok daki, aitortuko ez duen arren. Ez diotelako ezker abertzaleari deus ere oparitu nahi. Ezta begi bistakoaren onarpena ere.
Ezker abertzaleak ez du hau inoren txaloa jasotzeko egin, ordea. Herri honekiko maitasunagatik egin du. Helburuei atxikitzeko. Egin behar zuelako eta egin nahi zuelako.
Sortu izeneko egitasmoaren aurkezpenean gauza berriak entzun dira. Horietariko batzuk aditzea ez zen gozoa. Jende askorendako ahalegin berezia izan da, beste bat, horiek irenstea. Baina torturaren edo kartzelaren beldur ez den ezker abertzalea ez da honelakoekin itoko. Eta horri ere eusteko gaitasuna heldutasuna deitzen da. Ezker abertzalea, oraingoan ere, adierazten ari den heldutasuna.