Maialen Azkue Otegi Zizurkilgo ezker abertzalearen izenean
Hiregatik, Joxe
Aupa Joxe: Gezurra zirudik, baina hogeita hamar urte joan dituk, eta oraindik, oroitzapenean ondo gordeta diagu seguruenik inoiz ere ahaztuko ez dugun irudia: hire zerraldoa gerora hire izena hartu zuen plazan, hire herritarrez eta handik eta hemendik, baita mendiz ere, etorri ziren euskal herritarrez inguratuta. Amorrua, haserrea... hitzez ondo definitu ezin dugun sentimendua sorrarazi zian gure baitan, eta urtero hire heriotzaren urtemugan nahigabean berpizten zaiguk. Sutu egiten gaituk hire «oso latza izan da» hitzak gogoratze hutsarekin. Horregatik, amorratu gintuan hire plaza, herriak aitortu ziana, izenez aldatu behar zutela entzutean. Borrokatu gintuan gogor injustiziatzat jotzen genuen hori geldiarazteko. Baina torturaren aurrean isilik gelditzen diren horiek, nahiago izan ziaten herriaren borondatearen gainetik pasa. Ez zituan konturatu paretan zintzilikatutako karteltxoa baino sakonagoa eta sentituagoa dela, ordea, hik herritarrengan utzitako arrastoa eta oroitzapena; eta hura ezin dutela ezabatu.
Hogeita hamar urte hauetan hire heriotzak sortu zuen amorrua aurrera egiteko akuilu izan diagu herrian; bazekiagu hori dugula hirekin zorrak kitatzeko modu bakarra. Otsailaren 13 honetan beste behin ere tortura salatzeko irtengo gaituk herritarrok kalera, hire heriotza salatuko diagu berriz eta aurten torturaren zapore garratza dastatu duten herritarrak babestuko dizkiagu; hik egingo hukeen bezala, hirekin eta hiregatik.