GARA > Idatzia > Mundua

2050. urterako, ia 25 milioi bizilagun gutxiago izango ditu Errusiak

Errusiako Federazioak 24 milioi biztanle gutxiago izango ditu, eta murrizketa esanguratsu horrek biztanleriaren zahartzea ekarriko du, gainera. Ondorioz, atzo aurkeztutako txosten baten arabera, herrialdearen ekonomia ere kinka larrian geldituko dela aurreikusten dute.

Antoine LAMBROSCHINI (AFP) | MOSKU

«Gure aurreikuspenen arabera, 2010ean zeuden 140 milioi biztanleetatik, biztanleria 116ra murriztuko da 2050erako», dio S&P finantza agentziak burututako ikerketa batek, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) deseginez geroztik Errusian gertatzen ari den krisi demografikoaren ondorio ekonomikoak aztertzen dituenak.

Rosstat estatistika agentzia errusiarrak, halere, beste hipotesi baikorrago bat du: haren arabera, 2031. urterako herrialdeak 127 milioi biztanle izango ditu. Errusiak 148 milioi zituen duela hogei urte, eta joan den urtean 241.000 bizilagun galdu ditu.

S&P-k gainbehera horren ondorio ekonomikoak aipatzen ditu txostenean, eta, zehazten duenez, populazio aktiboa, iaz %72,1ekoa zena, %60,4ra murriztuko litzateke 2050erako. Gainera, populazioaren laurdena ia-ia, hirugarren adina deritzon tartekoa izango da, kontuan hartuta, iazko datuen arabera, %13a irudikatzen zuela.

Nabarmentzen dutenez, derrigorrezkoa da 65 urtetik gorakoentzako erretreta sistema erreformatzea, bestela, Estatuak eztanda egingo duela argudiatuta, hazkunderako zama handiegia bihurtuz.

Aurrezteko politikarik eta erreformarik gabe, osasun publikoari eta erretretei barne produktu gordinaren (BPG) laurden bat eskaini beharko zaie, S&Pren ustez (egun, %13).

Zorduntzea

Balaztarik gabeko jaitsiera horrek sekulako zorduntzea ekarriko dio Errusiako Estatuari. Egun, Errusiaren zorra BPGren %11,1ekoa da, eta aurreikuspen okerrenen arabera, %585eraino egingo luke gora mende erdia iritsi orduko. Era berean, hazkundea 2010ean %4koa izan da, baina berrogei urte barru, %1,5era baino ez da iritsiko, agentziaren arabera.

Agintariek gastuak izoztuko balituzte ere, eta 2016. urterako aurrekontuak orekatuko balituzte ere, zorduntzea %124koa litzateke mende erdia iristerako.

SESB desegin zenetik, bizi baldintzek behera egin dute nabarmen, eta harrezkero, Errusiak ez du lortu heriotza tasa eraginkortasunez murriztea.

Herritarrak seme-alabak izatera animatu dituzten arren, jaiotza-tasa %1,6 baino ez zen hazi iaz. Bitartean, heriotza tasa ere gora egiten ari da (%0,7).

Bizi itxaropenak, aldiz, apurka-apurka bada ere, gorako bidea hartu du, baina bi sexuen arteko aldea nabarmena da: emakumezkoak, batez beste, 74,84 urte bizi dira, eta gizonezkoak, 63,3. Beraz, jendartearen zaharkitze eta feminizazio prozesua areagotuko dela aurreikusten da.

HAZKUNDEA

Haurren eskubideen babeserako presidentetzaren ordezkari Pavel Astakohvek aitortu zuenez, Errusiak ez du hazkunde demografiko positiborik izan azken hamarkadan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo