Suhiltzailearen suizidioan laneko presioak eragina izan zuela salatu dute Angelun
Ainize BUTRON |
CFDT sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo Angeluko suhiltzaileen kasernan, duela hemeretzi hilabete gertatu zen suhiltzailearen heriotzan buruzagiek izan duten erantzukizuna onar dezatela eskatzeko. Jean Pierre Etxeberri, CFDTko ordezkariak gogora ekarri zuen Bernard Casenave suhiltzaileak bere buruaz beste egin zuela lantokian jasaten zuen presioaren ondorioz. «Hildakoaren alarguna prekarietate handian dago. Berriki, erreformen komisioak heriotza `lan baldintzei lotua' izan dela onartu badu ere, suhiltzaileen buruzagitzak erabaki hori onartzeari muzin egin dio», salatu zuen Etxeberrik. Pauen jasaten duten presioaren ondorioz, azken bi urteotan hamabost bat suhiltzailek zainetako gaitzak dituztela argitu zuen CFDTk. Atzo Angeluko suhiltzaileekin informazio bilkura egin ondoren, elkarretaratzea egin zuten kaserna aurrean. «Angeluko buruek Paueko zuzendaritzak ematen dituen aginduak betetzen dituzte», nabarmendu zuen Etxeberrik. Gertakarian izan duten erantzukizuna onartuko ez balute, auzitegi administratibora joko dutela jakinarazi zuen sindikatuak.