AIZKORA Urrezko lehiaketa
Gazteen lana erabakigarria izango da lehen finalerdian
Nazabal eta Jauregi Arrospideren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dira Munitibarreko pilotalekuan.
Jon LEUNDA
Binakako Urrezko Aizkoran hilabete honetako azkeneko igandean Azpeitian jokatuko den finalean izango den estreinako bikotea zein den jakingo dugu. Finalerdia bihar jokatuko da 12.00etan, Munitibarren.
Arrospide eta Mugertza II.a Nazabalen eta Jauregiren aurka neurtuko dira. Norgehiagoka orekatua iragartzen da, baina agian bikote gipuzkoarra atera daiteke faborito.
Nazabalen maila begi bistakoa da, baina Arrospiderena ere bai. Bi beteranoak ongi daude, eta hori argi eta garbi utzi dute orain arte jokatu diren proba guztietan.
Gakoa gazteetan egongo da, Mugertza II.aren eta Jauregirengan, alegia, eta hor badirudi Mugertza gehiago izan daitekeela, eta horrek apur dezakeela bien arteko oreka, nahiz eta Jauregik Nazabalen babesean oso lan ona egiten duen. Bikote bakoitzak sei lan egin beharko ditu, eta denborarik gutxien pasatzen duenak lortuko du finalerako txartela.
Zilarrezkoa
Zilarrezko mailan, berriz, bigarren finalerdia jokatuko da. Alde batetik, Manolo eta Julen Kañamares neurtuko dira, eta beste aldetik, Juan eta Juanillo Rodriguez. Nafarren eta segoviarren arteko dema iragartzen da maila honetan, eta euskaldunak dira faborito.
Mailari begiratuta, nafarrak gehiago dira, eta hori plazan agerian utzi behar dute, nahiz eta lan laburretan edozer gerta daitekeen. Garaipena lortzen duenak, Dorronsororen eta Mugertza III.aren aurka jokatu beharko du finala, haiek jadanik txartela eskuratuta baitaukate. Beraz, behin biharko saioa burututa, maila nagusiko azken finalista argitzea besterik ez da faltako; izan ere gazte mailakoan ere finala erabakita dago. Alde batetik, Zabaleta eta Otaño izango dira, eta bestetik, berriz, Saralegi eta Vicente II.a. Maila guztietako finalak otsailaren 27an, eguerdian, jokatuko dira Azpeitiko pilotalekuan.